Euriborra %5,418ra heldu da, Trichetek interes tasak igoko dituela iradoki ostean

Egun bakarrean %0,3 hazi da, eta inoizko mailarik altuenean kokatu da indizea

2008ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Albiste txarra hipoteka pagatzen ari direnentzat. Euribor indizea gora eta gora doa, eta marka berri bi ezarri ditu: egun bakarrean sekula baino gehiago hazi da (%0,3) eta %5,418an dago. Oraingoan, Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidente Jean Claude Tricheten hitzak izan dira Euriborraren hauspo. Uztailean diruaren prezioa garestitu dezakeela iradoki du Trichetek, eta inoizko mailarik altuenera iritsi da interes aldakorreko etxebizitza mailegu gehienetan erreferentzia gisa erabiltzen den indizea.

EBZren erabakiek eragin zuzena dute Euriborrean. Dirua behar dutenean, finantza erakundeek banku arteko merkatura jotzen dute. Lehiakideei eskatzen dizkiete sosak, eta interesak pagatu behar, jakina. Interesak zehazteko orduan, finantza erakundeak euroguneko interes tasetan oinarritzen dira. Eta Europako Bankuen Federazioak, berriz, finantza erakundeek elkarri kobratutako interesen batez bestekoa kalkulatu, eta Euriborra finkatzen du. Tricheten hitzek pisu ikaragarria dute, beraz.



KUOTA ALTUAGOAK. Eta, herenegun, diruaren prezioa %4,25era igotzera doala iradoki zuen. Interes tasek urtebete daramate %4an, baina inflazioa kontrolatu beharra aipatu zuen EBZko presidenteak, eta diruaren prezioa garestituko duen seinale izaten da aipamen hori. Inflazioa handitzeko arriskua petrolioaren eta elikagaien garestitzeari egotzi zion, besteak beste. Eta Europa «alerta egoeran» dagoela ohartarazi zuen.

Kezkatuta agertu zen Trichet prentsaren aurrean, baina zalantzarik gabe, Trichetek baino kezka handiago dute etxebizitza mailegua ordaintzen ari diren herritarrek. Gustuko aldapan nekerik ez du hartu Euriborrak aspalditik, eta buruhaustea bihurtu da hipotekaren baldintzak berritzea. Hego Euskal Herriko batez besteko etxebizitza mailegua 160.000 eurokoa da. Eta, mailegu horren baldintzak ekainean berritu behar dituztenek, hileko dezente gehiago pagatu beharko dute -Euriborrak hila oraingo mailan bukatzen baldin badu, betiere-.

Adituek diote indizeak behera egingo duela udaren ostean. Gora baino gehiago orain ere behera joaten ibili beharko lukeela esaten ibili dira azkenaldion, ordea. Usteak erdi ustel. Eta, alde horretatik, mailegua eskatzerakoan egin beharrezkoez ohartarazi die Ausbancek herritarrei: «Euriborra, adibidez, %7ra igoz gero, hilero zenbat pagatu beharko luketen kalkulatzeko eskatu behar diote finantza erakundeari». Indizeak oraingo bidetik jarraitzen badu, hileko kuotak pagatzeko gai diren edo ez jakitea herritarrentzat funtsezkoa dela dio Ausbancek.

Eta, Euriborraren oraingo maila inoizko altuena izan arren, interes tasak %15ean ere egon direla gogorarazi du. Euribor indizea existitu ere ez zen egiten sasoi hartan. Orain, berriz, herritar gehienek dakite indize hori zer den, eta zer zama dakarren.

Izan ere, inoiz ez da egon orain baino altuago. EBZk ezarritako interes tasen eta Euriborraren artean puntu bateko aldea egotea «normala» ez dela diote adituek. Horien arabera, indizeak %4,50en bueltan egon beharko luke. Interes tasak jaistean egingo ei du behera, baina Trichetek diruaren prezioa garestitzeko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.