Euroeskualdea, udazkenerako

Euroeskualdearen abantailez jardun dute Patxi Lopezek eta Alain Roussetek, Bordelen eginiko foro batean

Patxi Lopez eta Alain Rousset, atzo, Bordelen egindako bileraren ostean eman zuten hitzaldian. JON BERNARDEZ.
jon olano
Bordele
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Orain arte, Akitaniako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren borondateari esker aritu gara elkarlanean. Orain, harreman hori erakundetu behar dugu, euroeskualde bat sortu, marko juridiko baten bitartez, proiektuentzako finantzaketa berriak eskuratzeko». Hala laburbildu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak euroeskualde baten eraketa.

Lopezen irudiko, euroeskualdeak mugak «ezabatzeko» aukera ematen du, eta «arazo komunei erantzun komunak» emateari ateak irekitzen dizkio. «Mugaz haratago batzeko garaia da», esan du.

Lopez Bordelen (Frantzia) izan zen atzo, Aquitaine Press Service elkarteak antolatutako foro ekonomikoan. Alain Rousset Akitaniako presidentearekin batzartu zen han, eta ondoren, Frantziako lurralde horretako eragile ekonomikoen galderei erantzun zieten biek.

Bi agintariek jakinarazi zutenez, uda amaitu baino lehenago eratuko dute ofizialki euroeskualdea.

Iragan maiatzaren 31n onartu zuen Eusko Jaurlaritzak bi gobernuek euroeskualdea sortzeko adostu duten hitzarmen proposamena, eta Alain Rousseten arabera, beste horrenbeste egingo du Akitaniako Gobernuak uztailaren 11n. Ondoren, Espainiako eta Frantziako gobernuek oniritzia eman beharko diote hitzarmenari.

Euroeskualdea Akitaniak eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatuko dute. Alta, lankidetza «beste erkidego batzuei» zabalik dagoela adierazi du Lopezek. Nafarroa eta Aragoi (Espainia) aipatu ditu, baina ñabartu du herrialde horiek euroeskualdean egon nahi badute, haren «konpromisoekin eta borondateekin bat» egin behar dutela.

Euroeskualdea euskal kultura eta euskara sustatzeko baliagarria izango dela iritzi dio Lopezek. Haren arabera, sortzeko bidean dagoen erakundeak ahalbidetu egingo du «Akitanian gaztelania ikastea, Euskal Autonomia Erkidegoan frantsesa ikastea, eta Ipar Euskal Herrian euskara sustatzea».

Kultura aniztasuna ez dela arazo uste du Patxi Lopezek, baina aurreko urteetan EAJk Eusko Jaurlaritzan agindu dueneananiztasuna «zatitzeko» erabili duela gaineratu du: «Iraganeko Eusko Jaurlaritzan nazio eraikuntza zuten buruan, Akitaniarekin egiazko elkarlanean pentsatu beharrean».

AHTa, lankidetzaren gako

Lopezek eta Roussetek azaldu zutenez, bi lurraldeen arteko komunikazioak hobetzea da euroeskualdearen xedeetako bat. Helburu horren harira, abiadura handiko trenaren garrantzia nabarmendu zuten foroan.

Rousseten ustez, 2020 inguruan amaituko dira AHTaren lanak Akitanian, eta gaur egun kamioien joan etorriak ingurumenari egiten dion kaltea gutxituko du.

Euskal Herriaren, Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanean AHTa «iraultza» bat izango da, Rousseten iritziz. Lopezen arabera, AHTaren garapena «lehentasunezko proiektua» da: «Geure artean, Espainiarekin eta Europarekin konektatzeko bide estrategikoa da».

Nathalie Kosciusko-Morizet Frantziako Ingurumen ministroak atzo jakinarazi zuen, Miarritzen (Lapurdi) eginiko adierazpenetan, ikerketa bat eskatu duela AHTa Lapurdin «benetan beharrezkoa» den jakiteko.

Lopezen iritziz, proiektu guztiek izan behar dute ingurumena ez kaltetzearen bermea, etaAHTak berme hori «guztiz» betetzen duela uste du. AHTaren inguruan «hartutako konpromisoei eusteko» eskatu zioten Roussetek eta Lopezek Frantziako Gobernuari. Bien arabera, Afrikatik Europa erdialdera doan abiadura handiko trenbide sareak «ezin du etenik izan» Akitanian.

Iragan maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen inguruan ere jardun zuen Lopezek. Haren aburuz, bozek ez dute aldatu Eusko Jaurlaritzak duen babesa, maiatzaren 22koak «ez baitziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak».

Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusiak «ETAren terrorismoa eta krisi ekonomikoa amaitzea» direla esanez amaitu zuen Patxi Lopezek foroan egin zuen hitzaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.