Gaur goizean bildu dira Iruñean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakari Iñigo Urkullu, Nafarroako presidente Maria Txibite eta Akitania Berriko lehendakari Alain Rousset, eta azpimarratu dute zer garrantzia duen lankidetzak Europa murgilduta dagoen ziurgabetasun egoeran.
Euroeskualdeko ezohiko batzarrean, erakundeak bere organoak berritu ditu Nafarroako Gobernu berria sartzeko. Maria Txibite Nafarroako presidentea izango da euroeskualdeko lehendakaria 2020ko ekainera arte.
Batzarraren ostean, hiru agintariek prentsaurreko bateratu bat egin dute, eta euroeskualdearekin duten konpromisoa nabarmendu dute. Europa ziurgabetasun betean dagoela azpimarratu dute, eta, aurki brexit-a gerta daitekeen honetan, lankidetzaren aldeko apustua egin dute. Hiru agintariek azpimarratu dute euroeskualdea ezinbertzeko proiektua dela lurraldeen garapenerako.
Euroeskualdeak onartu dituen hiru proiekturen berri ere eman dute agerraldian. Proiektu horiek helburu hauek izango dituzte: mugaz gaindiko garraio eskaintza hobetzea, enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatzea eta mugaz gaindiko enplegua bultzatzea. Denera 5,6 milioi euroko laguntza jasoko dute hiru proiektuek.