Orain dela bi urte, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak euskararen gaineko berehalako gomendio sorta bat helarazi zioten Espainiako Gobernuari, Hizkuntzen Eurogutunaren seigarren ebaluazioa zela eta. Hilabeteon jakinarazi dute Espainiako Gobernuak eta haren menpe diren erkidegoetako administrazioek zer neurri hartu dituzten gomendio horiek betetzeko, eta Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia berehala atera dira esandako batzuk gezurtatzera.
Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna da Eurogutuna, eta «derrigor bete beharreko ituna», gainera, Kontseiluaren arabera. Zenbait administraziotan euskara erabiltzeko dauden zailtasunak eta bizipenak bildu dituzte Behatokiak eta Kontseiluak, eta salatu dute Espainiako Gobernuak ez duela errespetatu Adituen Batzordeak agindutako ituna.
Orotara lau gomendio bidali zizkioten. Lehena, Espainiako Estatuaren administrazioaren tokiko bulegoekin euskaraz egin ahal izanen dela bermatzea, neurri «egokiak» erabilita. Bigarrena, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea, eta auzitegietan, baldin eta aldeetako batek hala nahi badu, prozedura guztia euskaraz gauzatu ahal izateko neurriak hartzea. Hirugarrena, Nafarroa administratiboki hiru eremutan banatuta egoteak euskararen erabileran sortzen dituen oztopoak ezabatzea, eta osasun arreta edo gizarte laguntza eskaintzen duten zentroetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea. Eta laugarrena, Gaztela eta Leongo euskararen egoera «argitzea».
Bada, Espainiako Gobernuak horiek denak bete dituela erran badu ere, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak ohar bat atera dute: errealitatea guztiz bertzelakoa dela salatu dute, eta agerian utzi «ezintasun nabariak» daudela euskararen erabilera bermatzeko. «Justiziaren eremuan, adibidez, eskumenak eskuratu berri ditu Eusko Jaurlaritzak, baina itzulpengintza sistemetan oinarritzen dira, eta horrek eragozpen nabariak dakartza prozeduretan euskara erabiltzeko orduan», erran dute.
Eskubide urraketa
Esplikatu dute euskararen nahitaezko ezagutzarik eskatzen ez duten lanpostuek «sistema judizial osoa» baldintzatzen dutela, eta, horrenbertzez, defentsa eta babes judizial eraginkorrerako eskubideak «urratzen» dituztela «behin eta berriro». Espainiako Estatuko sistema judizialari dagokionez, gainera, webguneak eta hark eskaintzen dituen baliabide telematikoak ezin dira euskaraz erabili, eta Nafarroako justizia administrazioak darabilen euskara «ia ikusezina» da, bi eragileen irudiko.
Osasun eta gizarte zerbitzuei dagokienez, Nafarroan egin dute azpimarra, eta salatu ezen, Nafarroako Gobernuak osasungintzan «neurri eraginkorrik» hartu ez badu, «zonifikazioak ezartzen dituen mugak gainditu nahi ez dituelako» gertatu dela hori. «Eta horrek ez du zerbitzu zentraletan bakarrik eragiten, baizik eta osasun sistema osoan».
Auziaren bertze puntu bat: Trebiñu. Hasteko, Gaztela eta Leongo Gobernuari «utzikeria» leporatu diote, Europako adituek «beren kabuz» lortu behar izan dutelako Trebiñuren gaineko informazioa. Eta, jarraitzeko, euskararen erabilera sustatzeko ekimen gehienak «eremu pribatutik edo Arabako Foru Aldundiaren eskutik» egiten direla gogorarazi dute, eta Gaztela eta Leongo administrazioei aurpegiratu euskararen irakaskuntzari dioten «erabateko aitortza gabezia». Hortaz, «inplikatutako gobernuei» eskatu diete bete ditzatela, «seriotasunez eta behingoz», Europak eskatutako gomendioak. «Ez da serioa sustapen neurri txikiak berme neurritzat jotzea, edo, ofizialtasunik ezari tiraka, betebeharrik ez dagoela pentsatzea».