Euskarak bultzada jaso du Europatik. Hizkuntza gutxituek bat egin dute euskara babesteko: Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen batzarrak eskatu du euskara ofiziala izan dadila Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Aho batez onartu dute Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako ebazpena. 25 estatutako 174 erakundek babestu dute eskaera, Belfasten. Kontseiluarentzat garrantzitsua da halako babesa jasotzea. Europako hizkuntza gutxituen defentsarako sare nagusia da ELEN, eta batzar orokorra egin du asteburuan. 25 estatutako 50 hizkuntza ordezkatzen ditu. Euskalgintzaren Kontseilua da sortzaileetako bat.
Euskalgintzaren Kontseiluak euskarak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bizi duen egoera salatu du ebazpenean. Nafarroan, abenduan 40 urte beteko dira Euskararen Legea onartu zenetik, lege horrek Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatzen du, euskararen ofizialtasuna mugatu egiten du eta herritarren eskubideak «mailakatu». Ebazpenak gogoratu du Europako Kontseiluak berak ere eskatu duela bereizketa hori bertan behera uzteko, Nafarroako biztanle guztien hizkuntza eskubideak eta berdintasuna «nabarmenki kaltetzen» dituelako. Ipar Euskal Herrian, berriz, euskara ez da ofiziala. Ebazpenak azaldu du Frantziako Konstituzioak eta haren lege esparruak etengabe oztopatzen dituztela, «batetik, hizkuntza eskubideen bermea eta, bestetik, euskara biziberritzeko politika eraginkorrak garatu ahal izatea».
ELENeko 174 erakundeek babestu egin dituzte Euskal Herriko bi ekimen:Â azaroaren 21eko Baionako manifestazioa eta Kontseiluak Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna lortzeko abiatu duen ekimenari (abenduaren 19tik 2027ko udaberrira).
Etxebizitza eta hizkuntza gutxituak
ELENek etxebizitzari eta hizkuntza gutxituei buruzko adierazpen bat ere onartu du. Adierazpen horretan eskatu du, besteak beste, hirigintza proiektu handietan aztertu dadila hizkuntza inpaktua; ezar daitezela gentrifikazioaren kontrako politikak; eta zorroztu daitezela etxe turistikoei eta bigarren etxebizitzei buruzko araudiak.