Migratzaileak

Europako Auzitegiak ebatzi du Frantziak legez kanpo kanporatzen dituela migratzaileak mugan

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera, etorkinek eskubidea dute «beren baitarik Frantziatik ateratzeko», eta, beraz, Frantziako Poliziak egiten dituen kanporatzeak ez dira legezkoak. Printzipioz, auzitegi horren erabakia bete behar du Frantziak, baina Barne Ministerioak errana du ez dituela kenduko kontrol horiek.

Irun eta Hendaia arteko kontrolak salatzeko protesta bat, Hendaian. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko irailaren 25a
12:33
Entzun

Irailaren 21ean emandako ebazpen batean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi du EBko herrialde batek, barne mugetan kontrolak ezarri baditu ere, ez duela eskubiderik mugetan kanporaketa sistematikoak egiteko. Hala, Frantziak Europako Itzulera zuzentaraua bete behar du; horren arabera, europarra ez den herritarrak «epe jakin bat du lurraldea borondatez uzteko».

Horiek horrela, Frantziak mugetan egiten dituen kontrolak legez kanpokoak direla baieztatu du Europako auzitegi gorenak. Izan ere, Frantziako Estatu Kontseiluak dei egin zion Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari Europako barne mugetan kontrolak berrezarri izanari buruz ebatz zezan. Frantziako Estatu Kontseiluari dagokio orain bere erabakia ematea, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia Frantziako zuzenbidera egokituz. Halere, migratzaileen aldeko elkarteek Frantziako Gobernuari galdetu diote «berehala» geldi ditzan kontrol horiek, Estatu Kontseiluaren erabakiaren beha egon gabe.

Migratzaileen defentsarako elkarteak duela zortzi urte hasi ziren eginmolde hori salatzen. Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko mugan, kasurako, behaketa lanak egin ditu 2019 eta 2023 bitartean Cafi Migratzaileen Defentsarako Elkarteen Koordinakundeak, eta ondorioztatu du kanporatze horiek legez kanpokoak direla. Izan ere, Frantziako Poliziak sistematikoki zuriak ez diren pertsonak kontrolatzen dituela salatu dute ikerketa horretan. Bestalde, ikusi dutenaren arabera, poliziek ez dizkiete beren eskubideak jakinarazten kanporatzen dituzten migratzaileei —hori bera legez kanpokoa da, Frantziako zuzenbidearen arabera—.

Darmanin, kontrolak indartzen

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak, ordea, jadanik iragarri du ez dutela beteko EBko araua: atzo erran zuen egiten dituzten kanporatzeak legezkoak direla «etorkin gehienek ez baititute betetzen Frantzian egoteko baldintzak». Denbora berean, iragarri du 200 jendarme eta polizia gehiago joanen direla Italiako mugara —denetara, 700—, Lampedusara heldu diren etorkinei Frantziara sartzea oztopatzeko. «Funtsezkoa da Barne Ministerioak mugak babesteko baliabideak izatea», esan zuen.

Francisco Sanchez Baionako abokatuak azaldu du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia «tresna» bat gehiago izanen dela etorkinen defentsarako. «Izan ere, nahiz eta Frantziak araua hausten segitu, errefuxiatuek beren kanporatzeari buruzko helegiteak jarriz gero irabaziko lukete», adierazi du. Baina zehaztu du kanporatuak diren etorkin arras gutik jartzen dutela helegitea, tamalez.

Migratzaileen aldeko elkarteek gogora ekarri dute, gainera, migrazio bideak arriskutsu bilakatu direla mugetako kontrol sistematiko horien ondorioz, geografikoki hala ez badira ere. Erraterako, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan, zortzi migratzaile hil dira muga igaro nahian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.