Europako hamar milioi euro jasoko ditu Unai Pascualek zuzendutako ikerketa batek

Pascual da ikerketaren lau koordinatzaileetako bat. Gizakien eta naturaren arteko harremana ikertuko dute Afrika ekialdeko bederatzi eskualdetan, etorkizun jasangarriagoa lortzeko asmoz. Synergy Grant laguntza jaso dute.

Unai Pascual ikertzailea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Unai Pascual ikertzailea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 6a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Klima aldaketak Afrika ekialdeko ekosistemetan eta mendiko komunitateetan zer-nolako eragina duen aztertuko du nazioarteko ikerketa talde batek. Bertako gizarteak naturarekin dituen harremanak eta ekosistemen aldaketak ikertu nahi dituzte, «aldaketa globalak bizkortzen ari diren testuinguru batean mendi erresiliente eta jasangarriak lortzeko zer bide egon daitezkeen aztertzeko».

AFRI-CAN izena du ikerketa proiektuak, eta BC3 Klima Aldaketa Ikergai Zentroak parte hartuko du. Unai Pascual BC3ko ikertzaile eta Ikerbasqueko irakaslea izango da ikerketaren lau koordinatzaileetako bat. Ikerketak Europako Batasunak ikerketarako ematen dituen laguntzarik handienetako bat jaso du: Synergy Grant. Hamar milioi euro guztira, sei urterako. Taldean egindako ikerketak laguntzen ditu Synergy Grantek.

Pascualen esanetan, mundu guztiko eskualde menditsuetara iristen dira klima aldaketaren, hazkunde demografikoaren, biodibertsitatearen mehatxuen eta nekazaritzaren eraldaketen ondorioak. Garrantzitsuak dira mendiak, baina Pascualek uste du haiei buruzko ikerketa ez dela garrantziaren parekoa: «Mendiak antzinako kulturen bizitoki izan ohi dira, biodibertsitatearen puntu kritikoak dira, eta erregulatzaile ekologiko gisa jokatzen dute, baina ez zaie behar duten arreta jartzen maila globalean».

«Proiektu honek aukera ematen digu hobeto ulertzeko mendialdeko komunitate ahulek nola lor dezaketen erresilienteak izatea»

UNAI PASCUAL BC3ko ikertzailea

Aldaketa globalekiko zaurgarritasun handia duten Afrikako bederatzi eskualde menditsu ikertuko dituzte, «etorkizun jasangarriagoetarako bide posibleak irudikatzeko asmoz». Alde batetik, mendiko ekosistemek giza ongizateari egiten dizkioten ekarpen nagusiak aztertuko dituzte: elikagaiak, energia eta ura. Bestetik, bertako gizarteen eta naturaren arteko harremanak nolakoak diren eta hobetzeko zer aukera dauden aztertuko dute.

Nazioarteko proiektua

«Proiektu honek aukera ematen digu hobeto ulertzeko mendialdeko komunitate ahulek nola lor dezaketen erresilienteak izatea, baita haien mendeko ekosistemek ere, ingurumen eta ekonomia aldaketak bizkortzen badira», azaldu du Pascualek.

Proiektuak lau koordinatzaile ditu: Pascual bera; Rob Marchant Yorkeko Unibertsitateko (Ingalaterra) Ekologia Tropikaleko katedraduna; Laura Pereira Witwatersrandeko Unibertsitateko (Hegoafrika) Aldaketa Globaleko Institutuko Jasangarritasunaren Eraldaketen eta Etorkizunen Arloko katedraduna; eta Thomas Hickler Senckenberg Institutuko (Alemania) Biogeografiako katedraduna.

«Gure aurkikuntzek gidatuko gaituzte mundu osoko mendietan hurrengo hamarkadetan izango diren erronka ugarien aurrean»

ROB MARCHANT Yorkeko Unibertsitateko Ekologia Tropikaleko katedraduna

Afrika ekialdeko komunitate zientifikoarekin elkarlanean arituko direla gehitu du Pascualek. Bazkideak izango dituzte Kenyan, Tanzanian eta Ugandan.

Afrikan ikusitakoa eta ikasitakoa mundu osoko mendietako sistema sozioekologikoentzat baliagarriak izango direla uste dute, gaur egungo erronkei aurre egiteko, klima aldaketa barne. Helburua handinahia da, Marchantek esandakoaren arabera: «AFRI-CAN proiektuaren lanak erakutsiko du mendiak garrantzitsuak direla pertsonentzat, naturarentzat eta munduko jasangarritasunarentzat. Gure aurkikuntzek gidatuko gaituzte mundu osoko mendietan hurrengo hamarkadetan izango diren erronka ugarien aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.