Europako Kontseiluak «poz handiarekin» hartu du ETAk ekintza armatuak betiko amaitzeko hartutako erabakia, eta indarkeriaren bukaerari «ongietorria» egin dio. Halaber, Espainia zoriondu egin du. ETAren erabakia, «zalantzarik gabe, Espainiaren zein Europako Batasunaren demokrazia eta askatasunaren garaipena» dela adierazi du. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Europako Kontseilua osatzen duten 27 estatu eta gobernuetako buru gehienen zorionak pertsonalki ere jaso ditu.
Igandean bildu zen Europako Kontseilua, Bruselan, udazkeneko ohiko bilkura egiteko. Gai ordenean azken uneko aldaketa egin, eta ETAren erabakia hartu zuen hizpide. Espainia eta gobernua zoriondu eta babesteko, adierazpena kaleratu zuen, eta biltzarraren ondorioen idazkian txertatu.
ETAren erabakia demokraziaren garaipentzat jo du Kontseiluak, eta babesa eman dio Espainiari: «Espainiako Gobernuari, alderdi politikoei, segurtasun indarrei, autoritate judizialei eta Espainiako gizarte osoari indarkeria terroristaren aurkako borroka luzean egindako ahalegina eta izandako determinazioa aitortu egiten die Europako Kontseiluak».
ETAren indarkeria amaitzeko Europan egindako lana ere goratu du kontseiluak. «Europak emandako laguntza eta elkartasun ezin baliagarriagoak» aipatu ditu, Frantziako Gobernuak «eta herriak» emandakoak «bereziki» eskertuta.
Biktimak
ETAk eragindako biktimentzat ere aipamen berezia izan du Europako Kontseiluak. «Indarkeria horren biktimentzat oroimen berezia mantenduko dugu», adierazi du 27 estatuetako ordezkariek onartutako agirian. Areago, oroimen horrek denboran iraun egin behar duela ohartarazi du, «inoiz gertatu behar ez zuena sekula itzul ez dadin».
Kontseiluko bileraren ondorioetan, adierazpen gisa jaso zituzten horiek guztiak. Eta ez hori bakarrik, biltzarrean hasieratik hartu zuten hizpide Euskal Herrian sortutako egoera berria, baita batzarra amaitu ondorengo agerraldian ere. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak, «Espainiarentzat eta Europako Batasunarentzat berri ona» denagatik poza agertu zuen kontseiluaren hasierako hitzaldian.
Historiaren zati bat
Ondorioak azaltzeko prentsaurrekoan, berriz, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak esan zuen ETAk borroka armatua amaitu duela iragarri izanak «Espainiako historiaren zati bat atzean uztea ahalbidetzen» duela, eta lortutakoa, «demokraziaren garaipena» dela.
Libiarekin batera aipatu zuen Espainia. «Azken bi egunotan historiaren orri bat gainditu ahal izan da bai Espainian eta bai Libian» adierazi zuen. «Oso gertaera historiko garrantzitsuak dira biak, Europako Batasun barruan zein kanpoan».
Espainiak Europarako duen enbaxadoreak, Luis Planasek, Espainian «aro berria» zabaldu dela azaldu zien Bruselan bildutako kazetariei, eta hargatik eman zizkion zorionak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari.
Ezzen Rodriguez Zapatero zoriondu zuen bakarra izan. Estatu askotako ordezkariak joan ziren Espainiako gobernuburuarengana ETAren erabakiagatik zorionak zuzenean ematera. Horietako bat izan zen azken urteotan ETAren aurkako borrokan lehen mailako bidelagun izan duena: Nikolas Sarkozy Frantziako gobernuburua.
Zapatero eta Sarkozy
Europako Kontseilua hasi aurretik hitz egin zuten Zapaterok eta Sarkozyk. Frantziako Gobernuko presidenteak lorpenak Espainiaren etorkizunerako duen garrantzia nabarmendu eta zoriondu egin zuen Zapatero. Espainiako Gobernuko presidenteak Sarkozyk urte hauetan emandako laguntza eskertu zion.
Akordio bat ere egin zuten aurrera begira. «Elkarri informazioa etengabe emateko bidea» mantentzea adostu zuten. Zapaterok berak azaldu zuenez, ETAk borroka armatua amaitu ondoren ere lan handia izango dute Espainiak eta Frantziak, eta horri ahalik eta ondoen aurre egiteko mantenduko dute informazio truke etengabea.
ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak
Europako Kontseiluak Espainia zoriondu du ETAren erabakiagatik
Historiaren zati bat atzean utzi izanaren garrantzia goratu, eta adierazpena plazaratu du Bruselan egindako biltzarraren ondorenZapaterok eta Sarkozyk informazio truke etengabea mantentzea adostu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu