Europako udal ordezkari aurrerakoien topaketa egin dute Iruñean, «ultraeskuinaren aurrean sareak ehuntzeko»

EH Bilduk, European Left Alliancek eta European Free Alliancek ‘Herriak lidergoa hartu’ lelopean jardunaldiak egin dituzte ortziralean eta larunbatean, Iruñean. Europako ehun udal ordezkari aurrerakoik baino gehiagok parte hartu dute.

'Herriek lidergoa hartu' topaketa, gaur, Iruñeko Baluarte jauregian. AITOR KARASATORRE / FOKU
'Herriek lidergoa hartu' topaketako argazkia, gaur, Iruñeko Baluarte jauregian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Haize Oiartzabal
2026ko urriaren 24a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk, European Left Alliancek (ELA) eta European Free Alliancek (EFA) jardunaldiak egin dituzte ortziralean eta larunbatean, Iruñeko Baluarte jauregian. Herriak lidergoa hartu lelopean, Europako udalerri eta tokiko erakundetako ehun ordezkari eta hautetsi aurrerakoik baino gehiagok parte hartu dute, «ultraeskuinaren aurrean sareak ehuntzeko».

Ortziralean, gobernantza aurrerakoia eduki zuten hizpide. Iruñeko alkate Joseba Asiron arduratu zen hasierako ekitaldiaz, eta azpimarratu zuen «pertsonen bizitza hobetzeko» gobernatu behar dela: «Badago beste modu bat gobernatzeko; eskubide gehiagorekin, zerbitzu gehiagorekin eta demokrazia gehiagorekin». 

«Hori da topaketa honen balioa, sareak sortzea gobernu aurrerakoien arteko lankidetza estutzeko»

JOSEBA ASIRON Iruñeko alkatea

Halaber, «eskuin muturraren aurrerapena gelditzeko», ezkerrak «alternatibak eraiki» behar dituela erran zuen Nafarroako hiriburuko alkateak: «Hori da topaketa honen balioa, sareak sortzea gobernu aurrerakoien arteko lankidetza estutzeko».

EFAko presidente Lorena Lopez de Lacallek, berriz, gogorarazi zuen Europan hauteskundez beteriko garaia datorrela: «Asko gara, eta gure indarra erakutsi behar dugu. Boto bakar bat ere ez dadila etxean geratu».

Etxebizitza politikak 

Etxebizitzaren problematika izan da larunbatean landu duten solasgai nagusia. Baina, mahai ingurua abiatu aitzinetik, EH Bilduren Programa idazkari eta Donostiako alkategai Nerea Kortajarena Espainiako hauteskundeei begira paratu da: «Feivox-ek oso argi utzi zuen atzo zein den ultraeskuinaren agenda; hori da A-29ko hauteskundeetan jokoan dagoena». Ultraeskuinari aurre egiteko «antidotorik onena», Kortajarenaren arabera, «bizitzak duintzen dituzten politika publikoak» dira.

Jarraian, etxebizitzaren inguruko mahai inguruan parte hartu du Donostiako alkategaiak, EH Baiko kide eta Hendaiako Herriko Etxeko (Lapurdi) hautetsi Iker Elizalderekin, Palma de Mallorcako (Herrialde Katalanak) Podemoseko zinegotzi Lucia Muñozekin, Torinoko (Italia) Sintria Italianako udal ordezkariarekin, eta Grazeko Udaleko (Austria) KPOko zinegotziarekin batera. 

Hizlari bakoitza bere herriaren edo hiriaren egoerari buruz solastatu da, eta etxebizitzaren arazoari heltzeko tresnak eta aukerak aztertu dituzte. Bakoitzak errealitate propioa eduki arren, guztiek bat egin dute aldarrikapen nagusietan: «Merkatuan esku hartzea, etxebizitza bizitzeko dela aldarrikatzea, eta etxebizitza publikoa sustatzea».

«Jende guztiak behar du teilatu bat inork bi teilatu ukan aitzin. Lehentasuna eman behar zaio egoitza iraunkorrari»

ALAIN IRIART Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Arratsaldean, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Alain Iriartek hartu du hitza, eta herriek «problematikak mahai gainean jarri», eta «herritarrekin gurutzatu» behar dituztela adierazi du. Etxebizitzaren arazoari ere heldu dio, eta argi utzi du herriek ziurtatu behar dutela, «inork bi teilatu ukan aitzin», jende guztiak «teilatu bat» baduela: «Diru publikorik ez zaio eman behar bigarren egoitzari; lehentasuna eman behar zaio egoitza iraunkorrari».

Herriak lidergoa hartu topaketari akabaila emateko, Tafallako (Nafarroa) alkate eta Udal eta Kontzejuen Mankomunitateko presidente Xabier Alkuazek eta European Free Allianceko idazkari nagusi Lucas Falleticek hartu dute hitza. Alkuazek «zero kilometroko ezkerra» kontzeptuaren garrantzia nabarmendu du: «Indartzen ari den joera politikoa da; ezkerra lurraldeari, gure komunitateei, identitate kolektiboei, autogobernuari eta norberaren baliabideen kontrolari lotuta indartzea eskatzen du, eta zalantzan jartzen du boterean erabateko zentralizazioa».

ELAko idazkari nagusiak, berriz, eskerrak eman dizkie Europako udal hautetsiei: «Alkateak, zinegotziak eta eskualde batzarretako kideak, herritarrek zuei deitzen dizuete etxebizitza babastu bateko berogailuak huts egiten duenean. Egunero konplitu behar duzue; sarritan, baliabide gutxirekin, eta bertze inork baino zeregin gehiagorekin».   

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA