Pedro Sanchezen inbestidura

Europan autodeterminazioa nola aplikatzen duten ikusteko esan dio EH Bilduk Sanchezi

Eskuineko blokeko ordezkarien garrasi eta irainen artean mintzatu da Mertxe Aizpurua diputatua.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko ordezkaria, gaur Madrilgo Kongresuan. MARISCAL / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urtarrilaren 5a
11:58
Entzun

Hitzaldia hainbatetan eten diote eskuindarrek Mertxe Aizpurua EH Bildu taldeko eledunari, gaur Madrilgo Kongresuan, Pedro Sanchezen inbestidura saioan.

Qim Torra eta Oriol Junqueras gogoratzen hasi du hitzaldia Aizpuruak. Europako Justiziak haien alde egin duela azaldu du EH Bilduko ordezkariak. Sanchezen atzoko diskurtsoan "aldaketa" sumatu duela adierazi du. Diskurtsoaren "alde soziala eta askatasunak berreskuratzeko asmoa" partekatzen duela esan du. Eskuindarren garrasiak eragin dituzte abertzalearen hitzek.

Estatutua ez dela bete eta euskal herritarrek Konstituzioa onartu ez zutela gogorarazi dio Aizpuruak Sanchezi. "Espainiak beti dio beldurra boto kutxei".

Arnaldo Otegi aipatu du Aizpuruak ondoren, eta eskuineko ordezkarien garrasiak eragin ditu. "Ezkai ura" hartzeko gomendatu die EH Bilduko ordezkariak. Hitzaldia eten diote, eta "adierazpen askatasuna" gogora ekarri behar izan du presidenteak.

"Gure nazioen prozesu demokratikoekin" bat egiteko esan die Aizpuruak PSOE eta Podemosi, Espainiaren demokratizazioa lortu nahi badute. Mari Txibite Nafarroako presidente izendatzea EH Bilduri esker lortu zuela gogoratu dio Aizpuruak Sanchezi.

EH Bilduk Madrilgo kongresuan ez duela "alderdi agenda" defendatzen, baizik eta "Euskal Herriaren agenda", esan du Aizpuruak. Kalean pentsio duinak eskatzen dituzten pentsiodunak gogoratu ditu EH Bilduko ordezkariak, eta euskal presoen aurkako "salbuespen neurriak" bertan behera uzteko eskatu dio Sanchezi.

Estatua demokratizatzeko azken aukera duela esan dio Aizpuruak Sanchezi: "Azken trena zarete, azken geltokirako".

Eskuindarrek "kanpora" garrasiekin agurtu dute abertzalea.

"Espainia aurrerakoia da"

Sanchez EH Bilduko ordezkariari erantzun dio: "Ez gaude independentziaren aroan, baizik eta interdependentziaren aroan".

Europan eta munduan nazio gehiago daudela estatuak baino, esan dio. Burujabetza partekatu hori eta nazioez gaindiko egitasmoak bultzatzeko beharra dagoela aipatu du, Europako Batasuna kasu. "Ez ditugu burujabetzak zatitu behar".

Espainia ez dagoela "krisi sistemikoan" erantzun dio Sanchezek EH Bilduko ordezkariari, eta "gehiengo aurrerakoia" dagoela gogoratu dio.

Estatu autonomikoaren osagai batzuk "higatu" egin direla onartu du Sanchezek, baina 1978ko Konstituzioak "lurralde aniztasuna" onartzen jakin zuela. "Euskadi naziotzat dutenek ere onartu beharko dute euren gizartea ere plurala dela".

Sanchezek esan duenez, "ezin dira euskaldun onak eta txarrak bereizi, identifikatzen diren nazioaren arabera. Hori ere konpondu beharko duzue zuek". Espainia federal bat, Europa federal baten barruan defendatzen duela esan du, eta zentralismoaren aurka dagoela. Eztabaida bakarrik erabakitzeko eskubidearen inguruan bada, horretan ez dela adostasunik egongo gaineratu du.

EH Bilduko Mertxe Aizpuruak hartu du, berriz, hitza: Europari begiratzeko eskatu dio Sanchezi, Eskozian eta Faroe uharteetan lurralde arazoak nola konpontzen diren ikusteko, esaterako. "Erabakitzeko eskubidea euskal gizartearen gehiengoaren eskaera" dela gogoratu dio, eta autonomismoaren bidea amaituta dagoela eta horretan denborarik ez galtzeko eskatu dio.

Eskuineko blokearen oihuek ez diote jarraitzen utzi Aizpuruari. Adierazpen askatasuna gogora ekarri die Kongresuko presidenteak. PPko Alvarez de Toledo diputatuari errieta egin behar izan dio.

"Konstituzioa ezin da herrien kartzela izan", jarraitu du Aizpuruak. "Herrialde honek pedagogia antifaxista asko behar du" esan du EH Bilduko ordezkariak, eta etorkinak erreskatatzen dabiltzan ontzien lana ez oztopatzeko eskatu dio hautagaiari.

EAEk edo Kataluniak Eskoziak baina "askoz autonomia gehiago" dutela erantzun du Sanchezek, eta Berak Konstituzioa "kartzela gisa" ez duela ikusten.

'Aita Mari' ontzia aipatu du Sanchezek: Espainiako Gobernuak urtero milaka pertsona erreskatatzen dituela esan du. "Eskuinaren xenofobiaren aurrean, Espainia solidarioa" dela esan du Sanchezek.

Abstentzioaren bidez, bera gobernuko presidente izendatzea ahalbidetzea eskertu dio Sanchezek EH Bilduri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.