Europride Bilbora ekartzearen aurkako manifestaziora deitu dute

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
European Pride Organisers Association-ek (EPOA) bilera egingo du Bilbon irailaren 19tik 23ra, eta orduan erabakiko du 2022an zein hiri izango den egoitza. Harro Euskal Herrietako Transmaribibollo Plataformaren ustez, erakundeentzako «marketing ekintza bat» da Europride. Diotenez, instituzioek LGTBI kolektiboa erabiltzen dute «hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista» mozorrotzeko «zabaleraz eta tolerantziaz». Hori salatzeko manifestaziora deitu dute irailaren 21erako.

«Neoliberalismoak» LGTBI kolektiboaren borroka «despolitizatu eta komertzializatu» nahi duela adierazi du Bea Macias Harro-ko kideak, eta, besteak beste, horri kontra egiteko sortu zela plataforma. Hala, EAJri egotzi dio erantzukizuna, eta «hiriak erakusleiho huts» bihurtu nahi izatea leporatu dio: «Ondo dakite turismoa estrategia gisa erabiltzen gutxi batzuk aberasteko».

Kolektiboko kideek salatu dute urte luzez alboratu dituztenak orain negozioa egin nahian ari direla «turismo gayfriendly-a» sustatuz. Horren atzean gizon homosexualen erosahalmen handia dagoela esan du Amets Martinez de Hereditak: «Nahiz eta LGTB aipatu, esan genezake gay, maskulino, zis eta zuriei egiten dietela erreferentzia». Hori berresteko, Martinez de Hereditak Donostiako eta Bilboko LGTBI hotel berrien kasua aipatu du, eta adierazi du errealitatean transexualak ezingo direla haietara joan, euren datuen arabera %85 langabezian daudelako.

Salatu dute instituzioak maiz borrokez jabetzen saiatzen direla, beren interes politiko eta ekonomikoetarako, eta aldarrikatu dute ez dutela onartuko beren kolektiboa «marka bihurtzea». Horregatik ukatzen dute Bilboko Udalaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Ortzadar elkartearen Pride jaia. Bide beretik, Miarritzeko (Lapurdi) G7koen goi bileraren harira, «borroken arteko elkartasunera» deitu dute. Gainera, atxikimendu kanpaina bat abiatuko dute udan.

Europa mailako ekitaldia

Europride 1992tik egin dute, ia urtero, Europako hiriburu eta hiri handietan, eta, LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Egunaz gain, hilabete inguru irauten duten ospakizun artistiko eta giza eskubideen aldarrikapenak izan ohi dira. Ez litzateke ohikoa izango Bilboren moduko hiri bat aukeratzea, gehienetan hiri handiagoetara jo baitute. Esaterako, Erromak, Amsterdamek, Londresek eta Madrilek hainbatetan antolatu izan dute. 2022ko ekitaldia 30. urteurrena izango da, eta Bartzelonak, Dublinek, Belgradek, Maspalomasek (Espainia) eta Portugalek —herrialde moduan— egin dute eskaria. BERRIAk jakin duenez, Bilbo ez da aurkeztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.