Urtebeteko ebaluazio fasearen ondoren, ICANN erakundeak baiezkoa eman dio .eus domeinuari. Interneten euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen domeinu izateko aurkeztu zuten proiektua orain bost urte. Bide horretan "babes ikaragarria" jaso dutelako gustura dira domeinuaren sustatzaileak.
Joan den urtean, maiatzaren 24an, bidali zuten eskaria ICANNera. Ebaluazio fasera pasatzeari baiezkoa eman zion ICANNek, eta orain azken baiezkoa eman dio domeinuari. Galiziera sustatzeko sortutako .gal domeinuari ere gaur eman diote oniritzia.
".eus domeinua euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako bitarteko bat gehiago izango da, Internet oinarri izango duena. Izen bat, ikur bat, sareen sarean euskara eta euskal kulturaren ikusgarritasuna eta bere komunitatearen aitorpena ekarriko duena", adierazi zuten elkarteko kideek proiektua aurkeztu zuten egunean.
Euskarak eta euskal kulturak lehen mailako domeinua lortu dute (TLD, Top Level Domain). Bi eratako lehen mailako domeinuak daude, estatu kodeak eta orokorrak. .eus domeinu orokorra izango da eta, orokorren barruan, hizkuntzari eta kulturari lotutako domeinu babestua. Mota horretako domeinuek komunitateak babesten dituzte.
2005ean onartu zuen ICANNek hizkuntza eta kulturen komunitateei lotutako lehen domeinua, katalanarena: .cat. Interneteko domeinuen sailkapenean ordura arte ez zegoen aukera berri bat sortzea lortu zuen PuntCat fundazioak.
Udalbiltzak zoriondu egin ditu .eus domeinuaren bultzatzaileak. Nabarmendu du Euskal Herriak ikusgarritasuna lortuko duela Interneten. Euskararentzako domeinua lortzeko elkarlanak erakutsi du, Udalbiltzaren esanetan, eraginkorra dela estrategia hori: "Batasunak indarra egiten du".