EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Esteban Mungian (Bizkaia) izan da gaur, EGI Egunean, alderdiko gazteei hitz egiten. «Gazte inplikatua, proposatzailea eta Euskadi eraikitzen duena» defendatu du, «pankartaren atzean geratzen diren horien» aldean; GKS eta Ernai siglak aipatu ditu, ezetsi duen ereduari erreparatzeko. «Guk ez dugu seinalatzen, proposatu egiten dugu. Ez dugu zarata egiten, Euskadi eraiki baizik. Eta gure aberria defendatzeko eta eraikitzeko, eguneroko lana behar da, eta ez pankarta baten atzean egon».
Alderdiko gazteei helarazi die EAJ dela Euskal Herria dagoen lekura ekarri duen alderdia. «Gu gara herri hau eraikitzeko dena eman dugunak. Euskadi fidagarria izan dadin, ongizatea eta industria autogobernuaren eskutik bultzatuz, Europari begiratzen dion herria». EAJko buruzagiak alderdiko gazteei esan die helburu argi batez jardun behar dutela beti: «Herri gehiago izatea, nazio gehiago».
Gazteak eta ardura
Gaur egungo gazteek aurreko belaunaldiek baino etorkizun ilunagoa dutela zabaltzen ari den honetan, Estebanek alderdiko gazteen ekarpena eta garrantzia azpimarratu du: «Ez zarete belaunaldi galdu bat, aurrera egin nahi duen belaunaldi bat baizik. Ez zarete gure etorkizuna: gure oraina zarete. Zuen lekua hartu behar duzue gizartean, eta baita gure alderdian ere». Gogoratu du nola agindu zuen alderdiaren ardura postuen atea irekiko ziela gazteei, EAJren aginte makila hartu zuenean. «Ez duzue ezeren zain egon behar. Gure oraina eta etorkizuna erabaki behar duzue. Zuen garaia ez da etorkizun urrunean hasiko. Zuen garaia hasia da». EGI Egunera bildutako militanteek txalo zaparrada jo diote orduan EBBko buruari.
Atzo, zazpi transferentziaren inguruko akordioa egin zuten Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta lorpen hori ere EAJren ereduarekin lotu du Estebanek. Hala, berriro ere ereduen arteko alderaketari ekin dio, EGIko gazteek ikus dezaten pankartaren atzean ez dela herria eraikitzen. «Batzuek zarata besterik egiten ez duten bitartean, guztiari ezetz esaten dioten bitartean, guk akordioak lortzen ditugu, horixe baita herrigintza».
Estebanen aurretik, hitza hartu dute Asier Areitio, Ziortza Alvarez eta Gorka Zarate EGIko kideek. Mungiako Udaleko zinegotzi Areitiok ongietorria egin die gazte jeltzaleei, eta Alvarezek gogora ekarri ditu euskal erakundeek etxebizitza erosteko zein alokatzeko abian jarri dituzten neurriak, eta EH Bilduren politikekin alderatu. Haren arabera, koalizio abertzaleak etxebizitza alokatzera bultzatzen du gazteria, erosteko aukera bazter utzita. Zaratek, berriz, Euzko Gaztediko kide izatearen harrotasuna helarazi die afiliatu berriei, eta abertzale eta euskaltzale guztiak deitu ditu «egunez egun Euskadi eraikitzeko lanera», EAJren ereduari jarraikiz.