Asturiasko uretan arrantzan ari zen euskal atunontzi batean matxinada egon ote den ikertzen ari dira

Pasaiako atunontzi horren armadoreak eta patroiak salatu dutenez, larunbatean tripulatzaile batzuek mehatxatu egin zuten armadorea, eta eraso egin zioten.

Beti Aingeru atunontzia, artxiboko irudi batean. VESSELFINDER
'Beti Aingeru' atunontzia, artxiboko irudi batean. VESSELFINDER
kristina martin
2025eko irailaren 29a
10:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasaiako (Gipuzkoa) atunontzi batean ustez izandako matxinada bat ikertzen ari da Espainiako Guardia Zibila. Beti Aingeru izeneko atunontzia Guardia Zibilaren laguntzaz porturatu zen larunbatean Gijongo (Espainia) El Musel portuan, patroiak eta armadoreak salatu ostean tripulazioa matxinatzen saiatu zela.

Europa Pressek zabaldutako informazioaren arabera, larunbatean, 15:00ak aldera, euskal atunontziak alerta eman zion Guardia Zibilari. Patroiak eta armadoreak salatu zuten tripulatzaile batzuek mehatxuak eta erasoak egin zizkietela. Asturiasko Ribadesella herritik 12 miliatan ari ziren arrantzatzen.

Guardia Zibilak egiaztatu zuen egoera bere onera etorri zela, eta, hortaz, ez zuen itsasoan esku hartzeko beharrik ikusi. Dena dela, atunontziari porturatzen lagundu zion.

Beti Aingeru atunontziaren eskifaia 16 lagunek osatzen dute. Armadorearen arabera, eskifaiako kide batzuek haren aginduei muzin egin zieten eta oldartu egin zitzaizkion. «Bost aldiz eman nien abisu lan egiteari uko egin ziotelako, eta horietako batek eraso egin zidan; ia-ia uretara erori nintzen», adierazi zuen. Patroiak berretsi egin zuen armadoreak esandakoa: «Tripulatzaile batek gerritik hartu eta uretara botatzeko altxatu zuen, baina nik sorbaldatik hartu nuen, uretara erori ez zedin».

Asturiasko zenbait hedabidek plazaratu dutenez, bart El Museleko portuan zegoan euskal atunontzia. 800 kilo hegaluze deskargatu zituen han, gaur Gijongo lonjan enkantean jartzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.