Ultimatum bat da. Euskal Hirigune Elkargoak sei hilabeteko epea eman die EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten gainerako partaideei elkarrizketekin segitzeko, negoziatzeko eta adosteko. Ostegun goizean iragan zen biltzar nagusian, Frantziako Estatuko ordezkariek iragarri zuten 100.000 euro gehiago emanen dituztela EEPren aurrekonturako. Espero baino aise gutxiago. Elkargoko ordezkariek abisua eman dute: «egungo baldintzetan» ez dute izenpetuko EEP osatzen duen hitzarmena. Beraz, erakunde publiko hori arriskuan da.
Ikusi gehiago
Preseski, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak eta Antton Kurutxarri hizkuntza politikarako lehendakariordeak agerraldia egin dute ostiral arratsalde honetan. «Erabateko desadostasuna» agertu dute. «Ustekabe txarra» eta «dezepzioa» aipatu ditu Kurutxarrik: erran du Frantziako Estatuko ordezkarien iragarpena «ulertezina» dela, eta salatu du aitzinetik «deus abisatu gabe» jakinarazi zutela erabakia biltzar nagusian. «Ez du bat egiten azken hilabeteetan estatuko ordezkariekin izan ditugun elkarrizketetan aipatutakoarekin eta sentitu dugun giroarekin».
Euskara larri dela azpimarratu dute bai Kurutxarrik eta bai Etxegaraik. Kurutxarrik erran duenez, euskara «marjinalizatua» izateko arriskuan da Ipar Euskal Herrian, eta balitekeela erabilera soziala anitz apaltzea. Haren hitzetan, estatuaren ekarpena «biziki urrun da» euskarak behar duen hizkuntza politikaren erronketatik.
«Estatuak markatzen du nota: gibel egin dute, nolazpait. [...] Ez dut pentsatu ere egin nahi inolako presiorik egon denik»
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria
Etxegaraik ere erran du ezinbestekoa dela baliabide gehiago ezartzea. «Badakigu zer ekintza obratu behar diren; badakigu zein diren lehentasunak». Bakoitzaren zailtasun ekonomikoak kontuan hartzen badituzte ere, funtsean erabaki politikoak dira, erran duenez. «Estatuak markatzen du nota: gibel egin dute, nolazpait».
Azken hilabeteetako negoziazioetan, Pirinio Atlantikoetako Departamendua da diru ekarpena emendatzeko uzkurren agertu direnetarik bat. Parisen erabakian Jean Jacques Lasserre presidentearen eraginik egon ote den galdetuta, Etxegaraik ez du «interpretazioak egiten» hasi nahi izan. «Ez dut pentsatu ere egin nahi inolako presiorik egon denik».
Urte eta erdiko ibilbidea
2023an abiatu zuten EEP berritzeko prozesua, eta Kurutxarrik oroitarazi du urte hartako uztailean egin zuten biltzar nagusian ontzat eman zutela Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikak beste indar bat behar zuelako ideia. «EEPren beharrak zehazteko lan dokumentu bat prestatu genuen, eta prospektiba linguistikoa egin». Iazko ekainean aurkeztu zuten. Elkarrizketa haietan, ebatzi zuten EEPren aurrekontuari 2,6 milioi euroko ekarpen osagarria egin beharko litzaiokeela, hau da, partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago jarri beharko lituzkeela.
Ikusi gehiago
Euskal Elkargoa izan zen mugitzen lehena: erabaki zuen EEPri 650.000 euro gehiago ematea iazko aurrekontuan, gainerako instituzioak mugiarazteko helburuarekin. Iazko Herri Urratsen, 100.000 euroko emendatzea iragarri zuen Akitania Berriak, baina geroztik ez dute txintik erran. Departamendua emendatze ororen kontra agertu da orain arte, finantzen egoera kaskarra dela argudiatuta. Eta estatua isilik zegoen.
Iazko abenduan, beste proposamen bat egin zuten EEPn: erakunde bakoitzak 300.000 euro gehiago ematea. «Badakigu ez dela aski, baina onargarria zitzaigun», esplikatu du Kurutxarrik. Proposamen horretan, elkargoak beste 350.000 euro emanen zituen, proiektuak laguntzeko. «Harrera ona izan zuen», baieztatu duenez. Hori da EEPko partaide diren Frantziako Gobernuko ministerio guziekin azken hilabeteetan landu duten proposamena, eta uste zuten ontzat emanen zutela. Noiz eta zergatik etorri da aldaketa Parisen? «Ezin dugu azalpenik eman», erantzun du Kurutxarrik, burumakur.
Izaera juridikoari dagokionez, interes publikoko elkargoa da EEP, eta bost urtean behin erabakitzen dute martxan jarraituko duen ala ez. Iazko urrian urtebeteko luzapena onartu zuten, entseatzeko partaideak ados jar zitezela aurrekontuari begira. Orain, sei hilabete gelditzen dira.