Euskal errepideetako auto istripurik larrienak

Badira oroimenean gordeta gelditzen diren auto istripuak, beren larritasunagatik. 1991n Zornotzan A-8 autobidean izandakoa da Euskal Herrian jazotako auto istripurik larriena: 18 pertsona hil ziren.

Zornotzako auto istripu larria, 1991koa. SAREAK
Zornotzako auto istripu larria, 1991koa. SAREAK
xabier martin
2026ko ekainaren 3a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

istripurik larrienak

  • 1991, Zornotza (Bizkaia). Hemezortzi pertsona hil ziren, hogei autok elkar jota, A-8 autobidean. Behe lainoak eragindako istripu izugarria izan zen, Euskal Herrian inoiz izandako larriena hildakoei eta auto kopuruari erreparatuta.
  • 1991, Eibar (Gipuzkoa). Lau ertzain hil ziren Azitaingo zubibidean, gaur bertan hil diren bost foruzainek istripua izandako lekutik oso gertu. Gaurkoa A-8 errepideko 69. kilometroan izan da, eta 1991ko istripu larria 71. kilometroan izan zen. Ertzainen auto bat zubibidetik behera amildu zen, eta lau ertzain hil ziren; beste batek zauri larriak izan zituen.
  • 1994, Tebas (Nafarroa). La Tafallesako autobus batek eta kamioi batek elkar jo zuten Tebasko Biurrun auzoaren parean, eta zazpi lagun hil ziren guztira. Gainera, istripuan 31 lagun zauritu ziren.
  • 1995, Andoain (Gipuzkoa). A-15 autobidea ireki berritan, Andoain eta Iruñea lotzen dituen errepidean inoizko istripu larrienetakoa gertatu zen. Kamioi bat balaztarik gabe geratu zen maldan behera zetorrela, eta, Andoain parean, A-15aren bukaeran, aurrean eraman zuen auto bat. Donostiako familia oso bat hil zen istripuan, lau pertsona: senar-emazteak eta 6 eta 4 urteko bi seme-alabak.
  • 1998, Orio (Gipuzkoa). Zarauzko lau gazte hil ziren bi autok elkar jota, Zudugaraiko gainean (Orio), GI-2631 errepidean. Auto bateko senar-emazteak larri zauritu ziren, eta beste autoko lau gazteak hil egin ziren.
  • 2000, Elo (Nafarroa). Bost pertsona hil ziren, lau emakume eta gizon bat. Beste lerroan aurreratzen ari zen auto bat aurkitu zuten aurrez aurre, eta ezin izan zuten talka saihestu. 30 urte zituen gazteenak, eta 54 zaharrenak. Zangozatik Iruñera zihoazen, lan jarduna bukatu ondoren.
  • 2001, Etzegarate (Gipuzkoa). Lau langile hil ziren Etzegarateko errepidean, N-1ean. Kamioi bat haien autoa zihoan lerroan sartu zen, beste kamioi bat jo ondoren, eta aurrean eraman zuen lau langileen autoa. Beasain, Zumarraga, Ezkio-Itsaso eta Antzuolako lau gizonezko izan ziren hildakoak, 34 eta 52 urte artekoak. Sunsundeguiko plantara zihoazen lanera.
  • 2004, Iguzkitza (Nafarroa). Bost pertsona hil ziren, bi autok elkar jota. Villatuertako senar-emazte batzuk zihoazen batean, eta Iruñeko beste senar-emazte batzuk bestean, koinata batekin batera.
  • 2005, Bergara (Gipuzkoa). Oñatiko lau ikasle hil ziren, haien autoak eta autobus batek talka eginda. 20 eta 25 urte arteko adina zuten gazteek, bi gizon eta bi emakume, eta, Mondragon Unibertsitatean eskolak jaso ondoren, etxera bueltan zihoazen. Istripua Bergarako San Prudentzio eta Oñati arteko errepidean gertatu zen.
  • 2022, Baiona (Lapurdi). Lau gazte hil ziren, 20 eta 21 urtekoak, istripu larri batean. Mariscal Soult kalearen parean, zuhaitz baten enborra jo zuen haien autoak. Miarritzetik Baionarako bidean izan zen, eta istripuan ez zen izan beste autorik. 
  • 2025, Fitero (Nafarroa). Bi kamioik elkar jo zuten N-113 errepidean. Batean, Bulgariako bikote bat zihoan; bestean, Txekiako bikote bat. Bi gizon eta bi emakume hil ziren istripu larriaren ondorioz.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE