ABERRI EGUNA

"Euskal errepublika" eskatuko dute igandean EH Baik eta EH Bilduk

Euskal Herria berria jomugan izeneko manifestua argitaratu dute Aberri Egunaren harira.

Casteigts, Iriarte, Araiz eta Cuevas. EH BILDU
jon olano
2018ko martxoaren 28a
09:51
Entzun

Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Adolfo Araiz koalizioko Nafarroako Parlamentuko eledunak eta Txomin Casteigts eta Itxaso Cuevas EH Baiko ordezkariek agerraldi bat egin dute goizean, Donostian, Aberri Egunaren harira EH Bilduk eta EH Baik argitaratutako manifestu bateratua aurkezteko. Iriartek esan duenez, EH Bilduk bat egingo du Independentistak sareak Iruñean egingo duen mobilizazioarekin.

Euskal Herria berria jomugan izeneko manifestua argitaratu dute: "Euskal Herri berria eraikitzea. Horixe dugu jomugan herri honen alde lanean ari garen EH Bilduk eta EH Baik. Herritar libreez osatutako Euskal Herria, demokratikoa, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutakoa...".

Euskal Elkargoaren sorrera, Nafarroako indar korrelazioa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogobernuari buruzko eztabaida dituzte mintzagai: "Hiru gune administratibo lehen aldiz instituzioetan egituratuak. Hiru lehendakari. Hiru erabaki esparru. Aukera hori baliatu beharko luke herri honek, bakoitzak bere erritmoak eta testuinguru politiko eta sozialak errespetatuta, nazio eta herri izaeran aurrera urratsak emateko. Zentzu horretan, herri honetako hiru lehendakariak edota instituzioak elkarlana abiatzea oso garrantzitsua izango litzateke".

Nabarmendu dute Euskal Herriak "estatu propioa" behar duela, "demokrazian eta bizi baldintza duinetan oinarritutako gizartea eraiki nahi badu. Bere herritarrak zainduko dituen Euskal Errepublika behar du".

Bestalde, Sortuk adierazi du Iruñean eta Donibane Garazin ospatuko duela Aberri Eguna. Iruñean, 12:00etarako deitu du manifestaziora Independentistak sareak, Menpekotasunetik askatasunera, burujabe hobe lelopean. Bestetik, EH Baik eta Aitzinak Nafarroa Behereko hiriburuan elkartzera deitu dute, Herriak eraiki, herriak erabaki lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.