EH Bildu koalizioko agintari nagusiekin bilera eguna du Unai Ziarretak (Mungia, Bizkaia, 1970) Donostian, EAren egoitzan. EAko presidente ohia (2007-2009) egun osorako etorri da Bilboko lantokitik, eta ordubete bat hartu du BERRIArekin solastatzeko.
Oraintxe dela sei urte plazaratuzenuen «polo subiranistaren» ideia, EAko presidente zinela.
EAJrekin moztu beharra zegoela uste genuen. Ibarretxe lehendakariarekin ahalegin bat egin zuen EAk, baina ikusten zen EBBk ez zuela hura babesten. Ibarretxe bere kabuz ari zen, eta Urkullu-eta beti oztopoak jartzen ari ziren.
Apustu bat egin zenuten.
Errazena izango zen EAkook EAJrekin segitzea Jaurlaritzan eta abarretan, instituzioetako berotasunean, baina politika ez da hori. Gauzak aldatzeko tresna bat da politika, eta, 2008ko hondarrean, Konstituzionalak EAEko Galdeketa Legea baliogabetzean ikusi genuenean ez zegoela erreakziorik, apustu bat egitea erabaki genuen.
Nola hasi zinen ezker abertzalearekin harremanetan?
Desastre bat eginda zegoen ezker abertzalea: legez kanpo, arduradun asko kartzelan, jazarpen handia pairatzen zuen... EA barruan ere baziren arazoak: gero Hamaikabat sortu zutenek EAJrekin segitu nahi zuten, adibidez. Baina pausoa eman behar zela garbi nuen, eta 2008 erdialdera Martuteneko espetxera joan nintzen Otegi bisitatzera. Diagnostiko bat egin ondoren, zeozer egin behar zela esan nion. Dena grabatuko zuten, baina bost axola niri.
Zer zioen Otegik?
Entzun egin zuen, batik bat. Hori bai, preso egon arren ni baino baikorrago zegoen. 2008ko abuztuan zen ateratzekoa, eta eskatu nion kalean zegoenean kasu egiteko. Bai egin ere! EAren Bilboko egoitzara etorri zen. Saio serio bat egitekotan geratu ginen.
Garai hartarako, zer saio mota?
2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara ezker abertzalea eta EA elkarrekin joateko saioaz ari nintzen ni, baina Otegiri esan nion hura ez bazen aurrera ateratzen ez genuela elkarri mokoka hasi behar, apustuak estrategikoa behar zuelako. Bizkaiko baserri batean hainbat bilera izan genuen.
Zein joaten zineten?
Gure partetik Rafa Larreina, Josu Ruiz, Eli Sainz de Murieta eta laurok, ez beti denok. Haienetik Otegi eta Arkaitz Rodriguez beti ziren, eta tarteka beste batzuk. Zoritxarrez, Inaxio Uriaren hilketa etorri zen 2008ko abenduan. Ondorioz, 2009ko hauteskundeetarako saioa ez genuen egingarri ikusten. EAren irakurketa izan zen ETAk adierazi nahi izan zuela ezker abertzalean berak ezartzen zuela erritmoa.
EA bakarrik aurkeztu zen. Legebiltzarkide bakarra...
Oso emaitza txarra izan zen, baina, nolabait, aurreikusten genuen. Dena dela, orain perspektiba batekin begiratuta, emaitza ona izan zen, EAko mitxelin denak desagertu egin zirelako. Geroztik, guretzat askoz errazagoa izan da prozesu osoa kudeatzea.
Baina zeuk presidente kargutikdimisioa eman zenuen.
Emaitza haiekin, beharko! Nik utzi egin nuela-eta Otegi oso urduri zegoen, EAn zer gertatuko. Hitzeman nion EAko zuzendaritza berria ildo beretik joango zela. Lortu genuen. Neuk etxe barruan segitu nuen lanean, ez bestela.
Sei urte pasatu dira 2008tik, eta hor dago «ezkerreko polo subiranista»: EH Bildu. Zer balorazio egiten duzu?
Balorazioa ikaragarri ona da. EAn sorreratik hiru ardatz nagusi izan ditugu: euskal estatua, giza eskubideak eta justizia soziala. EH Bilduren eguneroko praktika politikoan oso txertatuta daude hiru ardatzok. Gainera, Euskal Herrian ETAren indarkeria behin betiko bukatuta dago. Bestetik, hegemonia politiko-instituzionala ez da lehengo bera; ezker subiranistak Hego Euskal Herrian presentzia indartsua dauka, eta egunen batean EAEn eta Nafarroan boterera helduko gara, horrela ere euskal estatuaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren alde aritzeko.
«Fronte zabala» aldarrikatzen ari da EH Bildu. Zertan datza?
Koalizioko alderdietan ez dagoen jendeari parte hartzeko bideak jarri nahi dizkiogu. Esperientzia batzuk aztertzen gabiltza; Uruguaiko fronte zabala, adibidez. Beste martxa bat sartzeko unea iritsi da.
EAJ nola ikusten duzu?
2008an bezala, berekin moztu genuen garaian bezala: ez du proiektu politiko nazionalik. Gainera, 2008an ez bezala, Jaurlaritzan orain EBBren ildoko bat dago: Urkullu, EBBko orduko presidentea. Inboluzio fase batean dago EAJ. Ikusi Eskoziako eta Kataluniako prozesuak, eta EAJ zertan ari da Jaurlaritzan? Ezertan ez. Instituzioaren kudeaketa baino ez du egiten. Gainera, prest azaldu da Espainiako balizko erreforma konstituzional batean parte hartzeko. Larria litzateke! Estatuak sekula ez du onartuko bere baimenik gabeko galdeketarik, baina EAJk tranpa bat egin nahi du estatuarekin ituna lortu nahi duela esanez. EH Bilduk aldebakartasunaren aldeko apustua egina du, eta bide horigizartearekin batera egingo dugu.
Ba al duzue harremanik Ibarretxerekin?
Neuk ez. Irakurri nuen Iñigo Iruinekin atera zuen iritzi artikulua, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. EAJ barruan gehiago borrokatu beharko zukeen Ibarretxek.
Nola?
Bere garaian EBBko presidente kargura aurkeztu eta Urkullurekin lehiatuta. Une hartan Ibarretxek irabazteko gaitasuna zeukan. Egibarrekiko ere kritiko naiz. EAJ barruan utzikeria izan dute. Hil hasieran horixe esan nion Egibarri, Gasteizen. Pertsonalki alderdi barruan eroso daude, eta EAJ barne mailan eragozpenik gabe ari da politika autonomista bat garatzen, PSErekin akordioak eginez.
Noiz aurkeztuko du EH Bilduk Euskal Bidea?
Urte hasieran. Proposamen zehatz eta errealista bat izango da, eta egundoko aurrerapausoak ikusiko dira. Orduan jakinaraziko dugu zehazki.
Instituzioei begirako proposamena izango al da?
Euskal gizartera begirakoa izango da, eta horren barnean arlo instituzionala kontuan hartuko dugu.
Zer eratara?
Euskal Herrian errealitate administratibo jakin bat dugu: bi estatutan gaude, eta hiru eremutan (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria). Ondorioz, hiru erabakitze esparru daudela aitortzen du EH Bilduk, baina subjektu politiko bakarra dagoela aldarrikatzen dugu: Euskal Herria.
Estatugintzan lehentasuna zein eremuk du zuentzat?
Hego Euskal Herriak. Iparraldeak oraindik ez dauka egitura instituzional propiorik.
Nafarroan gobernatzen baduzue, EAEren eta bien arteko harremana nolakoa izango da?
Orain zortzi bat urte Garaikoetxeak esan zidan lortu behar genuela EAE eta Nafarroa elkarri bizkarra eman gabe bizitzea. Ari gara lortzen. Gauzak abiadura handian ari dira aldatzen Nafarroan; batez ere, arlo sozialean. EH Bilduk ontzat jotzen du elkarlanerako organoak eratzea. HBk bere garaian ez zuen horren alde egin. Nafarroan EH Bildu gobernuan badago, EAErekin harremanetan hasteko pausoak sustatuko ditu.
Estatugintzan eperik jarria ba al duzue barne mailan?
Ez, baina nik ikusi nahiko nituzke epeak. Katalunian Masek jarri du: urte eta erdi barru, estatua. Salmondek ere ezarri zuen Eskozian, gero erreferenduma galdu egin bazuten ere. Euskal Herrian ikusi da Hegoaldean euskal estatuaren prozesua EH Bilduren eskutik etorriko dela, betiere gizartearen babesa bilatuta. Ilusioa sortzen badugu, badago jendea hori babesteko. 2001ean EAJ-EAk, Ibarretxe zela lehendakarigai, 604.000 boto lortu zituen. Gainera, jorratu behar dugu beste ideia hau ere: hobeto bizitzeko nahi dugu herri independentea, eta hori Espainian egonda ez dugu lortuko.
Katalunian, oro har, bat eginda ari dira instituzioak, alderdiak eta gizarte zibila. Eskozian SNP alderdiak gidatu du. Euskal Herrian EH Bilduk soilik?
EAJrekin inoiz kontatu beharko da, baina une hauetan harekin ezin da lankidetzarik lortu, eta horretarako hura mugitzeko EH Bilduk hazten segitu behar du, espazioak irabazten. Horregatik plazaratu genuen 2008an polo subiranistaren ideia.
2011ko udal eta foru bozetako emaitzei eutsiko al diezue?
Baietz uste dut. Izan ere, harrezkero izandako hauteskundeetan ikusi da EH Bildu sendo dagoela. Duela bi aste Sabin Etxean izan ginen, eta EAJko ordezkari batek aitortu zigun: «Garbi dago EH Bildu geratzeko etorri dela». Gainera, Hegoaldeko lau lurraldeetan daukagu indar handi bat.
EAJk eta PSEk bat egingo al dute udaletxe eta batzar nagusietan maiatzeko bozetatik aurrera?
EH Bildu bada gehien bozkatua, iruzur bat litzateke gu kentzea.
Bilduk 2011n leku batzuetan egin zuen horixe: Orion, Lasarte-Orian...
Akordioak lortuz gero... EH Bildu kentzeagatik kentzea iruzur bat litzateke. Baina, zenbakiek ahalbidetzen badiete, prest egongo direla uste dut.
Hiru urte eta erdi hauetan kudeaketan zertan asmatu du Bilduk?
Gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi dugu. Instituzioak gizartera ireki ditugu, parte-hartze politika bat landuta. Hori izan da balio nagusia. Bildu heldu arte toki askotan oso kudeaketa iluna egin izan da. Herritarrei boterea emateko pausoak ematen gabiltza.
Eta zertan huts egin duzue?
Oso-oso fin edo ondo ez gara ibili Gipuzkoan zaborren kontuarekin, gaia bideratzen ari garen arren. Dena dela, hondakinenarloan gizartean kontzientziazio bat lortu da, eta hori Bizkaira ere heldu da.
Unai Ziarreta. EAko presidente ohi eta arlo instituzionaleko politika idazkaria
«Euskal estatuaren prozesua EH Bilduren eskutik etorriko da»
Duela sei urte plazaratu zuen Unai Ziarretak EAJtik ezkerrerako polo subiranistaren ideia; hiru urterako eratua zuten. Orain uste du euskal estatuaren bila «beste martxa bat» sartzea dagokiola EH Bilduri, «gizartearen babesa» bilatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu