Euskal gatazkaz, ahots ofiziala orain

Idoia Mendiak eta Arantza Quirogak hitza hartuko dute gaur Eusko Legebiltzarrean, urte politikoari buruzko saioan. PSEkoa Ahotsak mugimenduko kidea izan zen; PPkoa aurreko bileretan egon zen.

Jone Goirizelaia, Idoia Mendia, Gemma Zabaleta, Onintza Lasa eta Elixabete Piñol, 2006ko azaroan, Eusko Legebiltzarrean, Ahotsak-en ordezkari gisa, Shinkai Zabine Karokhail Afganistango diputatuarekin —ezkerretik hirugarrena—. R. BOGAJO / ARP.
enekoitz esnaola
2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Batasuna legez kanpo jarri zuten garaianJone Goirizelaia parlamentaria zen Eusko Legebiltzarrean, Sozialista Abertzaleetako kide gisa, eta «Euskal Herriko egoera zailaren inguruan zerbait egin beharra» zegoela-eta hizketan hasi ziren ganberako emakume legebiltzarkideen artean, hark gogoratu duenez. Gemma Zabaleta PSE-EEko parlamentariak eta biek hartu zuten ardura nagusia, hau eta hura elkarrizketara animatuz, eta inguratu zuten PPko bat: Arantza Quiroga. 2001-2005eko legealdia zen. Aurrekotik bazen Emakume Batzordea legebiltzarrean, eta tresna hura baliatu zuten Hondarribiko eta Irungo alardeez edota Izatezko Bikoteen Legeaz hitz egiteko. Gatazka politikoaz ere aritu ziren.

«Euskal Herriko hainbat arlotako emakumeok Ahotsak mugimendua aurkeztu genuen 2006ko apirilean, eta Quiroga ez zen sartu, baina aurreko urteetan gatazka politikoaz gogoetan jardun zuen gurekin. Gainera, zenbait kontutan ados geunden», dio Goirizelaiak. «Gatazken inguruan emakumeok zer egiteko hartu, nola aritu eta abar hausnartzen genuen». Gero, baina, PPkoak «atzera» egin zuen, ezker abertzaleko legebiltzarkide izandakoak dioenez. «Alderdian bide bat egin ala gurekin aritu, bi aukera horiek zituela esaten zigun Arantzak. Alderdikoa hautatu zuen, eta begira noraino iritsi den». EAEko PPko presidente izateraino; iazko maiatzetik dago karguan. Erkidegoko PPko lehen presidente andrazkoa da, eta alderditik gaur hura mintzatuko da Eusko Legebiltzarrean, urte politiko berriari buruzko eztabaida saioan. Ez ditu defendituko, preseski, Ahotsak-ek zeuzkan planteamenduak: herritarren erabakiari errespetua izatea, erabakiak isla izatea araudian eta proiektuak gauzagarri izatea.

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi hautatu berria ere mintzatuko da gaur legebiltzarreko saioan, bere alderdiaren izenean—PSEn ere hura da lehen idazkari nagusi emakumezkoa—. Mendia izan zen Ahotsak-en sorrerakosinatzaileetako bat. Donostiako Miramar jauregiko aurkezpenean ere izan zen. «Urte bereko abenduan ekitaldi handi bat egin genuen Bilbon, Euskaldunan, eta antolaketa lanetan aritu zen Mendia», esan du Elixabete Piñol EAJko legebiltzarkide eta Ahotsak-eko partaide ohiak.

PSOEk ondo ikusi gabe

PSEkoen artean, Gemma Zabaleta ibili zen gehien emakumeen mugimenduan. Lanak izan zituzten alderdian, haren arabera: «Patxi Lopez zen gure idazkari nagusia, eta ez zuen gustuko Ahotsak. Are gutxiago Barne ministroak, Rubalcabak: oso gaizki ikusi zuen. Terrorismoaren kontuetan PP oso kanpaina zorrotza egiten ari zen, eta PSOEk ez zuen nahi gu halako plataforma zabal batean sartzea». Baina sartu, eta abian ziren. «ETAk su-etena eman ondoren egin genuen Ahotsak-en aurkezpena. Gure artean, agian, ni ibili nintzen gehien bileretan, mahai inguruetan eta abarretan, baina jakina da Mendiak ere balekotzat jo zuela Ahotsak-en planteamendua», dio Zabaletak. Goirizelaiak azpimarratu du edozein idatzi plazaratu aurretik «barruan kontraste lan handia» egiten zutela, «adostasuna» lortu nahi baitzuten. «Beraz, Mendiak ere aurkezpeneko idatzia aurrez jaso, irakurri eta onartu zuen».

Behin Goirizelaia eta Mendia elkarrekin joan ziren Bizkaia Irratira, mugimenduaz mintzatzera. 2006ko azaroan, berriz, Ahotsak-eko ordezkaritza batek Shinkai Zahine Karokhail Afganistango diputatu eta Emakumeen Hezkuntza Zentroko zuzendaria hartu zuen Gasteizen, legebiltzarrean, eta tartean zen Mendia.

Piñolek adierazi du bazekitela Ahotsak-en ziren PSE eta PSNko kideek alderdian «presioak» zeuzkatela. «Beraz, gauzak asko neurtzen genituen: hitzak, esateko moduak, eszenifikazioa... Alderdi sozialistakoak ere gurekin egotea ona zen, eta esan nahi genuena esaten genuen, baina kontu handia izanda». ETAk 2006ko abenduaren 30ean Madrilgo Barajas aireportuan bi lagun hil zituenean, Mendiak jendaurrean esan zuen Ahotsak-ek atentatua «gaitzetsi» beharko lukeela: «Mugimendu garrantzitsu bat izan nahi badu, egundoko aurrerapenalitzateke». Ahotsak-ek azaldu zuen «zuritu ezinezko hilketak» zirela. Euskal Herriko egoera gogortuz joan zen, eta 2007an amaitu zen Ahotsak.

Arrastoa utzita amaitu ere, Onintza Lasa EAko legebiltzarkide ohi eta mugimenduko kide izanak iritzi dionez. «Alderdien loturarik gabe aritu ginen, modu pertsonalean. Libreago hitz egiteko aukera genuen horrela, eta nik uste askotariko kolektibo moduan aitzindariak izan ginela zenbait gauza esaten: besteak ere baduela egiaren parte bat... Giza eskubideetan oinarrituta, konponbiderako akordio bat sustatu nahi genuen». Egindako harremanak ditu gogoan Piñolek. «Konplizitate handia sortu zen». Goirizelaiak dio gaur egun ere badutela hartu-emanik Mendiak eta biek: «Kargu berriagatik zoriondu dut, adibidez».

Gaur PSOEren posizio ofizialaren berri emango du PSEko buru berriak. Uztailean BERRIAko elkarrizketan zioen «etereoa» iruditzen zaiola erabakitzeko eskubidea, ez dakiela «zertarako den; independentea izateko? Altuagoa izateko? Aberatsagoa izateko?...»; eta, hortaz, erabakiak Espainiako Gobernuarekin batera hartu behar direla. Gemma Zabaletak uste du Mendia prest legokeela Quebeceko Argitasun Legearen antzeko bat onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.