Euskal gizarteari entzuteko deia egin dute gazte independentistek

Bihar Gasteizen eskubide zibil eta politikoen alde egingo den manifestaziora joateko deia egin diete herritarreiEspainiako eta Frantziako gobernuak «immobilismoan» daudela salatu dute

Hainbat eragile, atzo, Samaniegori elkartasuna adierazteko Gasteizen emandako prentsaurrekoan. BERRIA.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
«Ez dago aitzakiarik». Gazte independentisten iritzian, «konponbidearen norabidean» abiatzeko garia da, eta ohartarazi dute horretarako euskal gizarteari entzun eta jaramon egin behar zaiola. «Euren zilborretara begira jarraitzen dutenei harago begiratzeko garaia heldu zaie, Madrilgo eta Parisko bulegoetatik burua altxatu, eta Euskal Herrira begira jartzeko ordua». Euskaldunen hitza entzutera «ausartzeko» deia egin diete bi gobernuei.

Horretarako, borondate politikoa behar dela uste dute. Aratz Zearretak eta Andoni Rojok beste bost gazte independentistekin batera Donostian emandako prentsaurrekoan gazteen kontrako «kriminalizazio eta jazarpena» berehala eteteko eskatu dute: «Herritar bakar batek eskubide bakar bat ukatua duen bitartean konponbidetik urrats bat urrunago izango gara».

Beraiek «borondate eta prestasun osoa» azaldu dute, konponbidearen norabidean urratsak egiteko: «Euskal gazteria puzzle horren guztiaren pieza gakoa da, eta ardura horretaz jabedun izanik, betiko konponbidea lortzearen alde pauso sendoak ematen jarraituko dugu».

Borondate politikoa falta dela uste dute, ordea. Mariano Raxoi buru duen Espainiako Gobernua «immobilismoan» eta «prozesuarekiko jarrera oztopatzaileaz» ikusten dute, esate baterako. Amaiurrekin biltzeari uko egitea eta koalizioko diputatuei legebiltzar taldea osatzea galaraztea jo dituzte horren adibide. Ardura falta egotzi diote gobernu horri, eta «gatazkan eroso» egotea leporatu diote.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak joan zen larunbatean presoen eskubideen alde egin zen manifestazioari jarritako baldintzak ere horren adibide jo dituzte. Preso politiko terminoa erabiltzea debekatu zuen epaileak, eta, gazte independentisten iritzian, «historiaren kontakizuna idazteko erabili beharreko hiztegia definitzen» ari da epailea.

Frantziako Gobernua ere «immobilismoaren gailurrean» ikusten dute. Prozesuaren mesedetan urratsak egiteko gobernu hark dituen eskaerak gero eta gehiago direla azpimarratu dute, eta gogora ekarri dute abenduaren 10ean Baionan egin zen manifestazioa. Frantxua Maitiak PSri prozesuan inplikatzeko egindako eskaera ere ontzat hartu dute gazte independentistek. Baina, azpimarratu dute Frantziako Gobernuak eskaera horiei atxiloketa eta Espainiaratzeekin erantzun diela.

PSE-EEren adierazpenetan, aldiz, «mugimendu behartuak» ikusten dituzte. Patxi Lopez lehendakariak espetxe politikan aldaketak behar direla esan duela ekarri dute gogora, eta haren atzetik Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak «balazta zapaldu» eta amnistiarik ez dela egongo eta legea bete behar dela gaineratu duela. Legea betez, ordea, gaixo dauden presoak askatzea, zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak libratzea, 197/2006 doktrina indargabetzea eta euskal presoak Euskal Herriratzea posible dela ekarri dute gogora.

Eragile politiko guztiak legeztatzea «atzeratu ezin daitekeen gakoa» da, gainera, gazte independentistentzat. Legez kanporatzeko legeak sortu zituzten bezala haiek desegitea «borondate politiko kontua» dela berretsi dute.

Gasteizerako deia

Ekaitz Samaniegoren egoera gogoan izan zuten gazte independentistek. Bihar Ekaitz etxean! plataformak antolatuta eskubide zibil eta politikoan alde Gasteizen egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten, «jazarpena etetera bidean, eta gazteon eskubideen defentsan». Samaniegoren kontra zortzi urteko espetxe zigorra berretsi zuen Auzitegi Gorenak, eta kartzelatzeko agindua eman zuen. Samaniego ezkutatu egin zen.

Nolanahi ere, gogora ekarri dute Samaniego ez dela espetxeratzeko arriskuan dagoen gazte bakarra. Oiartzualdeko eta Donostialdeko hainbat gazte independentista ere epaiaren zain daudela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.