'Euskal Gramatika' sortu dute, «hizkuntza aztertu nahi duenarentzat»

Patxi Goenaga euskaltzainak ondu du lana, eta Beatriz Fernandezek editatu du. EHUko Euskara Institutuaren webgunean kontsultatu daiteke

Euskal Gramatika lanaren aurkezpena, Bizkaia aretoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateak Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak (EGEO) lana aurkeztu zuen atzo, Bilboko Bizkaia aretoan. Patxi Goenaga euskaltzainak ondu du, eta Beatriz Fernandez hizkuntzalariak editatu du. «Hizkuntza deskribatu arren arazo teorikoei muzin egiten ez dien gramatika da», adierazi zuen Fernandezek. Izan ere, argitaratutako lana ez da «arau emailea», «hizkuntzaren hausnarketa teoriko bat» baizik.

EGEO EHUko Euskara Institutuaren webgunean kontsultatu daiteke. Perpaus bakunari buruzko hamar kapitulu sortu dituzte; besteak beste, izena eta izen sintagmari buruzko kapitulua, zenbatzaile eta zenbatzaile sintagmari buruzkoa, eta aditz inflexioari buruzkoa. «Lanaren dimentsioari buruzko ideia bat emateko: paperera ekarriko bagenu, liburu batean, 500 orrialde izango lituzke», zehaztu du Eva Ferreira EHUko errektoreak. Hala ere, ez dute paperean argitaratzeko asmorik, nahiz eta hori izan Goenagaren aurreneko ideia.

«Hizkuntzaren teoria da gramatika», esan du Goenagak. Eta gramatikaren garrantzia azpimarratu du: «Gramatika perpausak osatzeko teoria da; perpausak nola osatzen diren eta perpausen osagaiak zeintzuk diren». Are gehiago, lanaren bitartez, gramatika hitzari batzuetan erantsi zaion «kutsu negatiboa» kendu nahi izan diote. «Gramatikarik ez balitz, hizkuntzarik ere ez litzateke izango; eta, alderantziz, hizkuntzarik gabe, ez litzateke gramatikarik izango».

Goenaga betidanik izan da gramatikaren «maitalea», eta aitortu du bere zaletasuna «areagotuz» doala. «Gramatika kontu serioa da, eta nik gero eta sinpatia handiagoarekin begiratzen diot».

Unibertsitateko ikasleak

Bereziki unibertsitateko ikasleentzat sortu dute EGEO. Fernandezen esanetan, lana ez da euskara ikasten ari direnentzat: «Lanak ez du azaltzen zeintzuk diren arauak eta testu bat nola idatzi behar den; esate baterako, adposizio bat zer den azaltzen du, baina ez esaldi batean non jarri behar den». Hortaz, «hizkuntza zer den» jakin nahi dutenentzat da, «hizkuntza aztertu nahi duenarentzat».

Nahiz eta proiektuak erabiltzaile jakin bat izan duen helburu, edonork kontsultatu dezake lana. EGEOren edizioa artikulu zientifikoak argitaratzeko erabili ohi den edizio estandar batekin egin dute. Horrek esan nahi du edukia aldatu eta ustiatu daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.