AEK-ko kideak Korrikari begira jarrita daude, baina, aldi berean, hasiak dira datorren ikasturtea antolatzen ere; horren harira, Xabi Gartzia eta Maialen Begiristain AEKren Nazio Kontseiluko kideak kexu dira: oraindik ez dakite datorren ikasturteko finantzaketa zenbatekoa izango den. Plan bat nahi dute, ez hitz hutsalak, irizten baitiote «sektore estrategikoa» direla.
AEK-k 50 urte beteko ditu aurten; Korrikak 45 urte bete ditu berriki. Finantzaketa aldetik, zer moduz dago AEK?
XABI GARTZIA: Duela 50 eta 45 urte baino askoz hobeto gaude, baina ez da nahikoa, eta behartuta gaude, 45 urteren buruan, 24. Korrika egitera. Dirua bildu behar dugu, AEK bizi ahal izateko; lotsagarria da 2026an ez jakitea hurrengo ikasturtean zenbateko finantzaketa izango den eta, ondorioz, ikasleei zenbateko matrikula ezarri beharko diegun. Araugintza behar da, plangintzak behar dira, bestelako baliabideak... baina baliabide ekonomikoak jartzea erraza da, nahi bada.
MAIALEN BEGIRISTAIN: Askotan eman du partxeak jartzen ari direla.
«Araugintza behar da, plangintzak behar dira... baina baliabide ekonomikoak jartzea erraza da, nahi bada»
XABI GARTZIA AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea
Hortaz, oraindik ere ez daukazue datorren urteko finantzaketaren berri?
BEGIRISTAIN: Ez datorren urteko finantzaketaren berri, ez datozen urteetako finantzaketaren eta planaren berri. Ez dakigu zer marko izango dugun finantzaketarako, zein urrats egingo dituzten doakotasunean... Ez dakigu ezer, ez EAEn, ez Nafarroan; Iparraldean, egoera okerragoa da.
Zer dakarkio horrek AEKri?
GARTZIA: Buruko min konstantea; ezin dugu aurrera egin. Hurrengo ikasturtea prestatzen ere ari gara: matrikulazio kanpaina, matrikulen prezioak, gure soldatak... Paper zuri batekin ari gara, asmatu nahian zer finantzaketa izango dugun.
BEGIRISTAIN: Ezegonkortasuna. AEK-ko langileek ez dakigu zein izango den gure egoera. Ikasleei dagokienez, Korrikaren atarian gaude, eta nahi genuke horri esker gero eta ikasle gehiago hastea euskara ikasten, baina ez dakite matrikula zenbateraino finantzatuko dieten.
GARTZIA: Bazter batean kokatzen gaitu, nahiz eta une oro entzuten dugun gure sektorea estrategikoa dela euskara normalizatzeko.
BEGIRISTAIN: Langileen egonkortasun falta ere konpondu behar da; irailero ezjakintasunean bizitzea tentsio ikaragarria da. Jende askok egin nahi du AEKn, helduen euskalduntzean aritzeko apustua, baina ez dauka sendotasunik horren alde egiteko. Finantzaketa markoak eragiten du hori.
«Langileen egonkortasun falta ere konpondu behar da; irailero ezjakintasunean bizitzea tentsio ikaragarria da»
MAIALEN BEGIRISTAIN AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea
Ba al daukazue asmorik arduradun politikoekin biltzeko?
BEGIRISTAIN: Bilerak egin ditugu azken urteetan, eta bileren zain gaude, proposamenen zain. Harremanak egon badaude, baina ez guk nahi genukeen eta sektoreak beharko lukeen erritmoan eta edukietan.
GARTZIA: Espero dugu bilerak bainoago proposamen duinak izatea mahai gainean, urrats sendoak planteatzea: hurrengo ikasturteetarako plan bat, hizkuntza politika bat helduei begira. Benetan pizkunde bat egongo bada, beharrezkoa dugu Euskal Herri osorako hizkuntza politikan urrats sendo batzuk egitea.
Eremu administratiboaren arabera, zer-nolakoa da egoera?
GARTZIA: Bazen garaia Nafarroan ere aukera izateko euskara doan ikasteko; ikasturte honetan, A1 mailan izan da. Sustapen horren ondorioz, gorakada izugarria izan da ikasle kopuruan, baina euskaltegion finantzaketa ez da handitu. Horrek esan nahi du gure bizkar hartu behar ditugula ikasle horiek. Eta plangintza bat behar dugu. Hurrengo ikasturtean, zer?
BEGIRISTAIN: EAEn, urtebeterako finantzaketa markoa adostu genuen; hurrengo urteetarako, ezjakintasuna dugu. Proposamen baten zain gaude. Muga bat dugu finantzaketan; hau da, ordu batzuk finantzatzen dizkigute, eta horrek ez digu modurik ematen AEKren helburua betetzeko: ahalik eta jende gehien euskalduntzea. Ez dakigu doakotasunean ere zer urrats egingo dituzten.
GARTZIA: Desastre bat da; esku frenoarekin ibili beharra daukagu.
BEGIRISTAIN: Ipar Euskal Herrian, dirua irizpiderik gabe banatzen dute. AEK-k ez du nahikoa diru jasotzen bere lana egiteko.
GARTZIA: Ipar Euskal Herrian, gainera, azken bi ikasturteetan ikasle gehiagori erantzun diegu diru kopuru berarekin. Desastre bat da. Jendeak euskarara hurbildu nahi du, baina instituzioek ez dute hori bultzatzeko neurri politikorik eta ekonomikorik hartu; hiru eremu administratiboetan, Euskal Herri osoan, abandonatuta sentitzen gara.
BEGIRISTAIN: Plan bat egina dugu Euskalgintzaren Kontseiluarekin; kontua da horri heldu nahi zaion edo ez.
BERRIAko iritzi artikuluan hiru eskaera nagusi zehaztu dituzue. Bat: Euskal Herri osorako agentzia bat sortzea. Zer da?
BEGIRISTAIN: Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak, Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaindiak eta herri ekimeneko euskaltegiek osatuko lukete.
GARTZIA: Agentzia bat, hiru eremu administratiboetan helduen euskalduntze-alfabetatzeari norabide berean erantzuteko: baliabide ekonomikoak, curriculuma, egiaztatzea...
Bi: doakotasunean urrats sendoagoak egitea. Aurrerapausoak egon dira. Ez al dira nahikoa?
BEGIRISTAIN: Ez. EAEn, joan den ikasturtean A1ean hasi ziren ikasleek A2 maila finantzatua izan du ikasturte honetan, baina ez daki datorren ikasturtean zer finantzaketa izango duen. Planteatzen diguten doakotasun horrek eskatzen du ikasleak dirua aurreratu behar izatea, gehiago edo gutxiago, baina, gaur egun, ikasle batzuek ezin dituzte 70 euro aurreratu. Ez da nahikoa, eta, gainera, ez dago planik, ez dute prozesua irudikatu. Gainera, ikusita ikasleek zenbat ate jo behar dituzten matrikularen dirua berreskuratzeko... Toki batzuetan, udala, mankomunitatea eta Euskarabidea edo HABE. Ikasleei ezin diegu eskatu horrela ibiltzeko.
GARTZIA: Leihatila bakarra behar da, eta horretan lagunduko luke agentziak.
Hiru: Euskal Herri osorako hizkuntza politika koordinatua, bateratua eta bakarra ezartzea. Noren ardura da?
Gartzia: Hiruko Ituna dute, hau da, gune bat nahi izatera hizkuntza politika koordinatu eta bateratu bat aurrera eramateko; kontua da benetan nahi den. Hizkuntza politika da zer egiten den, baita zer ez den egiten ere; orain, hizkuntza politikak gehiago dauka egiten ez den horretatik. Batuz Aldatu daukagu: ehun eragilek baino gehiagok bat egin dute, eta horri ez zaio kasurik egiten; hori herriari bizkarra ematea da.