Euskal Herria Batera-k Lizarran ospatuko du Aberri Eguna, martxoaren 28an

Instituzionalizatzeko beharra nabarmendu dute ekinbideko kideek, eta Euskal Herriko eragile nagusiekin gogoeta prozesu bat aktibatu dutela kontatu.

Euskal Herria Batera-ren joan den urteko ekitaldia, Donostiako Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU
Euskal Herria Batera-ren joan den urteko ekitaldia, Donostiako Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko urtarrilaren 29a
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herria Batera herri ekinbideak Aberri Eguna ospatuko du martxoaren 28an, Lizarran (Nafarroa). Ohar bat kaleratu du zehaztasunak emateko, eta, hartan esplikatu duenez, aurtengo ekitaldiaren helburua da adieraztea Aberri Egunaren instituzionalizazioan «jauzi bat eman beharra» dagoela. Hain justu, gogoeta prozesu batean dira Euskal Herria Batera-ko kideak, eta hausarketa aldi horri Lizarran emanen diote bukaera, solastatutako gai denak mahai gainera aterata. 

Eta, hausnarketa hori gauzatu ahal izateko, «bilera sorta bat» eginen dute Euskal Herriko eragile nagusiekin, finean, lortu nahi duten instituzionalizazio hori lortzeko. Halaxe dio oharrak: «Bakoitzak Aberri Egunari balioa emanda hasten da instituzionalizazio hori, norbera parte aktiboa izanda». 

Lizarra ez dute ausaz aukeratu. Aitzitik, efemeride urtea dela probestuta, 2026an Lizarra Hego Euskal Herriko hiriburu sentimentala eta udalerri erreferentziala izan dadin nahi dute. Azaldu dute zergatia: «Aurtengo ospakizunean 150 urte beteko dira foruak abolitu zituztenetik, eta euskal pentsamendu nazionalean eklosioa ekarri zuen horrek». Bertzalde, argudiatu dute Lizarra harrera eta babesleku izan zela urte luzez, eta bertan egin zirela abolizioaren ondorioei aurre egiteko «instituzionalizazio ahalegin politiko» anitz. 

Ekinbideak aitzinerago emanen ditu egunaren gaineko zehaztasunak, baina oharrean nabarmendu du ezinbertzekoa dela «nazio bat garela gogoratzea», eta egun nazional hori «elkarrekin» ospatu behar dela. Horregatik, azken dei bat egin die herritarrei: «Zer garen ospatzeko eta zer izan nahi dugun aldarrikatzeko garaia da».

Abertzaleak elkartzeko helburuz ospatzen dute urtero Aberri Eguna, eta ahalegintzen dira Euskal Herriko abertzaleak ekitaldi bakarrean batzen. Joan den urtean, kasurako, Donostiako Kursaalean elkartu ziren, eta bertze ordezkari politiko batzuen artean Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta ELA sindikatuko ordezkariak joan ziren. Orain bi urtekoa, berriz, Bilbon egin zuten, eta «Euskal Herria ardatzean» zuten eragileak gonbidatu zituzten festara. Aurtengo ekitaldian ere izanen dira gonbidatuak, baina datozen asteotan emanen dute horien berri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.