Euskal Herria, gainezka

Oria, Zadorra, Arga, Urdazuri eta Urola ibaiek, besteak beste, gainezka egin dute euri erauntsiagatik. Uholdeen ondorioz luiziak gertatu dira, eta hainbat errepide itxi behar izan dituzte.

ESPAÑA TIEMPO INUNDACIONES
Zadorra ibaia, gainezka eginda, Gasteizko A-3302 errepidean. L. RICO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki – Ion Orzaiz – Nerea Intxausti Castiñeira – Mikel Garcia Martikorena – Aitor Biain – Julen Otaegi Leonet
2024ko otsailaren 27a
17:15
Entzun

Erruz egin du euria Euskal Herriko txoko ugaritan, eta gainezka egin dute hainbat ibaik: Oriak, Zadorrak, Argak, Urdazurik eta Urolak, besteak beste. Herritar batzuei etxe barnealdea blaitu die euri urak, eta beste batzuek etxera iristerik ere ez dute izan tarte batez, errepide asko itxi baitituzte eta garraio publikoko zenbait linearen zerbitzua bertan behera utzi, segurtasunagatik. Luiziak izan dira, uholdeak sortu, eta zuhaitzak erori ere bai. Monika ekaitzagatik Euskal Herriak gainezka egin badu ere, barealdia dator, meteorologia agentzien arabera.

Hego Euskal Herrian alerta laranja indarrean egon da arratsalde hasierara arte, eta larrialdietarako plan bereziak ezarri dituzte erakundeek, uholdeengatik. Iluntzera arte alerta horia egongo da indarrean. Ipar Euskal Herrian halakoa izan da alerta goizetik, uholde arriskuagatik.

Euskal Herri luze-zabalean nabaritu dute euriaren indarra. Arratsalde hasieran bukatu dira alerta laranjak, nahiz eta ipar-mendebaldeko haizeak gogor jotzen jarraitu duen.

Nafarroa

Atzotik jakina izanagatik ere, ezinegon handia piztu du gaur Iruñerrian Arga ibaiaren hazkundeak. Askok gogoan izan dituzte 2021. urteko uholdeak. Orduko hartan, segundoko 530 metro kubikoko emaria erregistratu zuten Iruñean, eta kalte material ugari eragin zituzten uholdeek, batez ere Burlatako (Nafarroa) eta Arrotxapea auzoko garaje eta etxabeetan. Oraingo honetan, Arga ez da harrotu duela hiru urte bezainbeste, baina hazita dago hala ere, azken 24 orduetan botatako euri jasak bost bider handitu baitu ibaiaren emaria hiriburuan: atzo, 62 metro kubiko zeramatzan segundoko; gaur goizean, berriz, 330 metro kubiko erregistratu dituzte. Ibaia indar handiz sartu da, eta hiru metroko sakonera du hiriburuan —1,3 metro zituen atzo—. Horren ondorioz, gainezka egin du goizean goizetik, Iruñerriko hainbat lekutan.

Burlatan, Atarrabian eta Uharten, esate baterako, errepidea moztu behar izan dute, eta horrek eragozpenak eragin ditu garraio zerbitzu publikoan. Iruñeko Udaltzaingoak goizaldean itxi du Landabengo industrialderako sarbidea, putzu ugari sortzen baitira hor. Hala izan da oraingoan ere, eta larrialdi zerbitzuek ibilgailu bat atera behar izan dute urak hartutako errepidetik. Auto gidaria ospitalera eraman dute, hipotermiak jota. Ororbian ere bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte, beren ibilgailuetan harrapatuta gelditu ostean. Kalte material batzuk ere izan dira: Aratzuri-Orkoiengo industrialdean, luizia eragin du euri jasak 05:00etan, eta enpresa bateko zenbait ibilgailu lurperatuta gelditu dira. Enpresa itxita zegoen ordu horretan, eta ez da zauriturik izan.

Hiriburuan, Arga ibaiak gainezka egin du Txantrea, Arrotxapea, Magdalena eta Sanduzelai auzoetan. Aranzadiko parkea, Runako parkea eta Trinitatekoen parkeak urak hartuta egon dira goiz osoan.

Iruñeko alkate Joseba Asironek eguerdian esan du Arga ibaiaren emaria «egonkorra» dela: «09:30 edo 10:00etarako espero genuen emari handiena, eta, zorionez, ez da kalte handirik izan; hala ere, zuhur jokatu behar dugu, eta erne izanen gara». Asironek azaldu du ibaiak «ohiko tokietan» egin duela gainezka, Arrotxapean eta Magdalenan alegia: «Oraingoz, Magdalena auzoa da arretagune nagusia», gehitu du eguerdian. Hala ere, emaria «egonkortu» dela adierazi du alkateak: «Azken neurketen arabera, segundoko 330 metro kubiko ur daramatza Arga ibaiak Iruñean. Asko da, baina gogoratu behar dugu 2021eko uholdeetan 530 metro kubikora iritsi zela».

Nafarroako hainbat errepideri ere eragin die erauntsiak. Olatzagutian (Nafarroa) izandako luizi bategatik moztu dute A-1 errepidea, Gipuzkoako norabidean, SOS Nafarroak adierazi duenez. NA-2410 errepidean ere egon dira mozketak, uholdeengatik.

Gipuzkoa

Euria goian behean egin du Gipuzkoan. Berastegiko estazio meteorologikoan, esaterako, neurtu dute 120 litro bota dituela metro koadroko. Istripuak eragin ditu leku batzuetan: esaterako, bi autok elkar jo dute N-1 errepidean, Villabona-Amasatik gertu. Irunera doan bidea itxi egin behar izan dute, eta horrek auto ilarak sortu ditu errepidean; kilometro luze izatera iritsi dira goizean.

N-1 errepidea ere itxi egin behar izan dute Idiazabalen, euriak luizi bat eragin ondotik. Deskarga mendatea ere itxi dute, A-638 errepidea, Bergara eta Beasain artean. Azpeitian eta Zestoan gainezka egin du Urola ibaiak, eta uholde txikiak eragin ditu horrek. Azpeitiko anbulatorioko sotoan sartu da ura, eta solairu horretako zerbitzuak bertan behera utzi dituzte. GI-631 errepidea ere erabat itxi dute Urretxu, Azpeitia eta Zestoa artean. Albiztur eta Elgoibarren artean, itxi egin dute GI-2634 errepidea ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak esan duenez.

Euriteek eragindako egoera dela medio, zenbait errepide zati itxita egongo dira datozen egunetan ere. Hau da, Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea guztiz itxita egongo da, eta Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidean lerro bakarra egongo da erabilgarri —bidegorria ere itxiko dute—. Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du erabakiaren berri.

Hainbat ibaik gainezka egin dute

Oria ibaiak ere gainezka egin du euri jasagatik. Are, maila gorrira iritsi da Lasarten eta Alegian, eta uholdeak eragin ditu Tolosan; herri horretan, izan da piraguak atera dituenik ere. Andoain parean, Oria ibaiko ura abiadura bizian zihoan eguerdian. Ibaiaren gorakadak ez ditu ezustean harrapatu hango bizilagunak, baina herritar asko hurbildu dira ertzera, hura gertutik ikustera. Haietako batek BERRIAri adierazi dio «normalean baino pare bat metro gehiago» egin duela gora urak. Beste batzuk arduratuta mintzatu dira, «urtean pare bat aldiz behintzat» ibaiak gainezka egiten duelako.

Ibaitik gertu dauden lokalek eta etxeek jada jarrita zeuzkaten babesak ate parean: herritarrak beldur ziren ura sartuko ote zen. Ernaitza liburu denda ibaitik oso gertu dago. Jabeak, Garikoitz Plazaolak, gau osoa pasatu du bertan, «badaezpada». Larrituta egon da, «100 bat litro» euri egitea ez delako «hain arraroa», eta egiten duen bakoitzean gainezka egiten duelako Oriak. Ura dendaraino ez iristea espero badu ere, babesa jarri du ate parean, liburuek ez baitaukate erremediorik bustitzen badira.

Dena dela, beste garaje batzuetan ezin izan dute babesik jarri, ura ia sabairaino heldu baitzaie. Eguerdian urari metro eskas falta zitzaion Zumea kaleko zubira heltzeko.

Araba

Goizean goizetik euria barra-barra egin du Araban. Are, Gasteizko Udalak larrialdi plana martxan jartzea erabaki du, urak gainezka egin baitu hiriko zenbait gunetan. Gasteiz hegoaldean, Araba eta Salbaterrabide kaleak itxi egin dituzte uholdeen ondorioz, eta autobus zerbitzuan eragin du horrek. Izan ere, Batan ibaiak gainezka egin du hainbat gunetan, eta uholdeak eragin. Hiriko errepideak moztu egin behar izan dituzte zenbait tokitan: Mendizorrotza inguruan eta A-3302 errepideko bi tartetan, besteak beste.

Gasteiz iparraldean eta Tresponden, berriz, Zadorra ibaiak goraka egin du pixkanaka goizean, eta bere bidetik atera da hainbat tokitan. Hala ere, Uribarri Ganboako urtegiak eutsi egin dio, eta ez du urik askatu. Arratsalde hasieran, egoerak hobera egin du Zadorraren ibarrean. Arro horretako meteorologia estazio guztiak gutxienez maila horian izan dira eguerdian, baina arratsaldearen hasieran Dulantziko (Araba) eta Otxandioko (Bizkaia) estazioak maila berdera igaro dira.

Bizkaia

Euria egin du Bizkaian ere, eta Balmasedan, adibidez, nabaritu dituzte ondorioak. Izan ere, Bizkaian, han pilatu da litro gehien. Neurketen arabera, 56,6 litro bota ditu metro koadroko. Begi guztiak Cadagua ibaiari begira egon dira. Urak handi ziren han ere, eta ibaiak gainezka egin du Balmasedan, zenbait lekutan.

Gainera, suhiltzaileak Bizkaiko hamaika udalerritara joan behar izan dute goizean, ura etxebizitzetan sartzen ari zelako. Etxeetako ura xukatzen jardun dute goizetik Markinan eta Zallan, esaterako. Gainera, jakinda kalteak izan zitezkeela euri jasen eta ibaiek gainezka egitearen ondorioz, egonkortze lanak egin dituzte Mungiako zenbait eraikinetan.

Eguna aurrera joan ahala, gero eta euri gutxiago egin du, eta hobetu egin da Cadaguako egoera. Ibaizabalen ere nabaritu dute: Galdakaoko estazioa maila horian zegoen ordu bata aldera, eta berdera jaitsi da 15:30ean, Euskalmetek jakinarazi duenez. Gorbeiako estazioan 90 litro ere neurtu dituzte.

Lapurdi

Ipar Euskal Herrian alerta horia indarrean dago goizetik, eta euriaren ondorioak Senperen nabaritu dituzte bereziki. Urdazuri ibaiak gainezka egin, eta uholdeak eragin ditu. Erakundeak kostaldeari adi ere egon dira, itsaso zakarragatik. Hala ere, erauntsiak ez du hain gogor jo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.