Euskal Herrian bestelakoa izan da argazkia, eta zapore gazi-gozoa utzi dute hauteskundeek

Hego Euskal Herriko balazta ez da nahikoa izango Espainian eskuineko gobernua ekiditeko. EH Bilduk eta PSE-EEk gora egin dute duela hiru urteko emaitzekin alderatuz, eta EAJk behera. Herria defendatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute alderdiek.

Aitor Esteban, hauteskundeen emaitzak jakin osteko ekitaldian, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Esteban, hauteskundeen emaitzak jakin osteko ekitaldian, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 29a
23:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuina gailendu da Espainiako Gorteetako hauteskundeetan, eta Euskal Herrian argazkia bestelakoa bada ere, emaitza horrek baldintzatu egin du euskal alderdi gehienen irakurketa. EH Bilduk eta PSE-EEk duela hiru urte baino emaitza hobeak lortu dituzte, EAJk okerragoak; baina Madrilen, oposizioan arituko dira denak.

Hala eta guztiz ere, EH Bilduk jai giroan ospatu ditu lortutako emaitzak. Hego Euskal Herrian 500.000 boto baino gehiago lortu dituztela nabarmendu dute. «Aspaldi esaten genuen guretzat hauteskunde hauek ez zirela lehia egiteko, etsai bati aurre egiteko baizik. Egia da estatuan eskuin muturra gobernura iritsiko dela. Uste genuen partida zegoela, eta frogatu da horrela zela, batzuek partida abandonatu badute ere. Baina eskuin muturrari esan nahi diot: ez ziguten garaitu, ez digute garaituko, eta guk irabazi egingo dugu», esan du Arnaldu Otegi alderdiko idazkari nagusiak. Oihuak ere entzun dira jarraian: «Jo ta ke irabazi arte».

(ID_16684754) (Aritz Loiola/@FOKU) 2026-11-29, Bilbo. Hauteskunde
Arnaldo Otegi, hauteskundeen emaitzak jakin osteko ekitaldian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Otegik azpimarratu du EH Bildu izan dela alderdi bozkatuena dela Hego Euskal Herrian, eta gaineratu Madrilen gobernua eratuko duten alderdiek Euskal Herrian 23 diputatutik lau atera dituztela soilik: «Nola ez gara ba independentistak izango?». Ostean, lasaitasun mezua bidali die Otegik herritarrei: esan du «politika gogorrak» etor daitezkeela, baina herri honek frogatu duela horiei aurre egiteko prest dagoela. Horrez gain, adierazi du badakitela gaur botoa eman dieten jende asko ez dagoela haiekin guztiz ados, eta botoak ez direla EH Bildurenak, herriarenak baizik: «Ez dugu huts egingo. Ez diogu muzin egingo zuen konfiantzari, eta lasaitasunez kudeatuko ditugu emandako indar guztiak. Bihartik aurrera, euskal udaberria eraikitzeari ekingo diogu beraien neguaren aurrean». Eusko Gudariak abestuz amaitu dute ekitaldia.

EAJ, autokritiko

EAJk, bere aldetik, kolpe gogorra jaso du, eta bost diputatu izatetik hiru izatera igaro da; nahikoa ez talde parlamentarioa eratzeko. «Emaitza txarra izan da», aitortu du Aitor Esteban EBBko presidenteak. Eskerrak eman dizkie haien aldeko konfiantza agertu dutenei, eta esan die ez dietela huts egingo. Hala ere, onartu du Espainiako hauteskundeak EAJrentzat nekezak izan ohi badira ere, are eta nekezagoak izan direla oraingoak. «Puntakoa izan da polarizazioa; blokeen arteko hauteskundea izan da, eta ez dugu jakin gure proposamena eztabaida horretan sartzen. Ez dugu jakin herritarrekin konektatzen, eta hori onartu eta aztertu egin behar da», azaldu du.

Madrilera begira ere jarri da: «Esaten genuen bazetorrela PPren eta Voxen arteko gobernu bat, eta Euskadi ezin zitekeela frenoa izan hori ekiditeko». Eta hala gertatu da. Baina testuingurua hori izanik ere, EAJren «konpromiso sendoa» erakutsi nahi izan du Estebanek: «Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu gure herria, autogobernua eta eskubideak defendatzeko, beti helburutzat izan ditugun printzipioak kontuan hartuta».

PSE-EEren ospakizuna

Eneko Anduezak ere egin du emaitzen balorazioa. Bereziki pozik agertu da PSE-EEren idazkari nagusia, Espainian gehiengoa galdu izanak eragindako tristuratik eta kezkatik urruti: «Hauteskundeak irabazi ditugu. Emaitza ikusgarria lortu dugu. Eskerrik asko bihotz-bihotzez». Nabarmendu du alderdia lehen indar politikoa izan dela EAEn; lehen alderdia dela Araban, lehena Bizkaian eta bigarrena Gipuzkoan. Eskertu egin du parte hartzea historikoa izan den egun batean boto emaileek PSE-EEri konfiantza eman izana.

Askoz ere zuhurrago agertu da Maria Txibite PSNko idazkari nagusia. Nabarmendu du UPN eta PP baino boto gehiago lortu dituztela, eta Nafarroaren «aniztasuna» hobekien islatzen duten alderdia direla. Madrilen eratuko den gobernuari ere begiratu dio, eta Nafarroako Gobernuko presidente gisa, konpromisoa egin die Nafarroako herritarrei: «Konpromisoa hartzen dut lortutako eskubide guzti-guztiak defendatzeko, eta, jakina, Nafarroako autogobernua ere defendatzeko, eskuinaren eta eskuin muturraren gobernu baten mehatxuen aurrean».

%79,5ekoa izan da herritarren parte hartzea gaur, historikoa, eta kontaketak hasi aurretik hori izan dute mintzagai alderdi guztiek. «Euskal gizarteak ondo ulertu du gaurko eguna garrantzitsua zela. Euskadi bezala asko dugu jokoan eta horrek parte hartze historikoetara eraman gaitu, gure herriaren eta ongizatearen etorkizuna jokoan dagoenean euskal gizarteak erantzun egiten duelako», esan du Maitane Ipiñazar EAJko legebiltzarkideak. Bide beretik, Nerea Kortajarenak, EH Bilduko legebiltzarkideak, adierazi du herriak badakiela maila ematen egoerak hala eskatzen duenean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA