Euriak ez du ezkutatzen ur falta

Erreka batzuen ur emarien eskasiaren ondorioz, Arabako eta Bizkaiko ur partzuergoak murrizketak ezarri dituzte hainbat herritan. Udalerri batzuek ere mugak ipini dituzte, Zuiak esaterako. Arazoa okertu egin da uda honetan.

Zuiako udal igerilekuak, itxita eta erabiltzailerik gabe, ostegunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuiako udal igerilekuak, itxita eta erabiltzailerik gabe, ostegunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea - Aitor Bilbao Landa
Zuia
2026ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal herritar franko egon da azken egunotan zeruari begira. Ez eklipsea dela eta, lehortea etengo duten euri jasen esperoan baizik: garrak itzaltzen diharduten suhiltzaileak, abereentzako belarrik ez duten abeltzainak... Iritsi da azkenean haiek desiraturiko euria, bai, baina ez ditu desagerrarazi lehortearen ondorio guztiak. Euskal Herriko herri askotan, ur eskasia pairatzen ari dira, euri faltak eraginda. Izan ere, toki askotan, edateko ura erreka edo biltegi bakarretik hartzen dute oraindik, eta gehienbat herri horiei eragiten diete lehorteek. Zuiako udalerria da haietako bat, Araban. 

Ez dago ontzi zuri politik, baina isil-isilik dago. Ez da kai barrena, Zuiako udal igerilekua baizik. Ura badago igerilekuetan oraindik, baina sarrerako atea itxita, eta ez da inor ageri barruan, estralurtarren espedizio batek guztiak eraman balitu legez. Ez da, ordea, espazio sakoneko izakien inbasioaren ondorioa paisaia hori, Arabako hainbat herrik pairatzen duten lehortearena baizik. Hain zuzen ere, Zuiako Udalak murrizketak ezarri behar izan ditu edateko uraren kontsumoan; ikusgarriena, apika, udal igerilekuak ixtea.

«Ur horniduraren sistema orokorrera konektatuta ez dauden udalerri eta kontzejuetan, ohikoa da udan ur falta izatea, haien ur iturri bakarra apaltzen denean»

JULEN IBARROLA Arabako Ur Partzuergoko presidentea

Igerilekuek alboan duten Zuiako kiroldegi barruan ere ez da jende asko. Bertan da Marijo Lagartos, kiroldegiko arduraduna. Nabari da, dioenez, itxita daudela, ez baita inguruan izan ohi den jendetzarik. Herritarrek, gainera, laster izan omen dute itxieraren berri, lehorteari udako albiste lehortea gehitu baitzaio, eta hedabide ugari izan dute inguruan bueltaka. «Nola ez dira enteratuko, ETB eta TVE hemen izan ziren-eta atzo! Hedabide guztietan agertu gara honen kontura», dio Lagartosek.

Nora joan dira, ordea, albisteek itxieraz ohartarazitako herritar horiek? «Urkabustaizko eta Zigoitiko udalekin akordioa du gureak, herritarrek Izarra eta Gopegiko igerilekuak erabil ditzaten, eta alderantziz. Normalean hango jendea etortzen da hona, instalazioa hobea delako, baina orain bi herri horietara joango ziren hemengo 1.500 biztanleak, ziur!», adierazi du, ironiaz, kiroldegiko arduradunak. 

Araban urak txiki dira

Zuian jarri dute arreta komunikabideek, baina ez da erasandako herri bakarra. Arabako Ur Partzuergoko presidente Julen Ibarrolak azaldu duenez, aurtengo beroak ohi baino eskasia handiago eragin du, baina egoera ez da ezohikoa. «Ur horniduraren sistema orokorrera konektatuta ez dauden udalerri eta kontzejuetan, ohikoa da uda aldean haien ur iturri bakarra apaltzea, erreka edo putzu bat bada, eta orduan sortzen da ur falta», zehaztu du Ibarrolak.

Araban eta Bizkaian, Zadorraren sistemako urtegiek osatzen dute sistema orokor hori. Izan ere, Uribarri Ganboako eta Urrunagako urtegiek hornitzen dituzte urez Arabako eta Bizkaiko udalerri gehienak, tartean Bilbo eta Gasteiz hiriburuak. Bi lurralde horietako udalerri asko, ordea, ez daude sistema horretara konektatuta, ez dutelako horrelako azpiegiturarik. Sare orokor horrekin konektatu gabeko udalerriek hurbileko ur iturriren batetik hartzen dute hura, erreka batetik, gehienetan. Erreka hori lehortzen bada, beraz, zailtasunak izaten dituzte ur hornidura ziurtatzeko. 

Hori da partzuergoak murrizketak ezarri dizkien Arabako hiru zonen kasua. «Agurainen, Elgeako mendilerroaren inguruan eta Larrazubiko kontzejuan ezarri ditugu edateko uraren murrizketak. Agurainen, esaterako, Zirauntza ibaitik edaten dute. Maiatzera arte, Araba osoan legez, Zirauntzak ur askotxo zekarren, eta Arabako urtegiak beteta zeuden. Abuztuko lehortearekin, ordea, ibaiaren emaria asko jaitsi da, eta, iturri horretatik soilik hartzen dutenez ura, murrizketak ezarri behar izan dizkiegu».

Arazo historikoa

Bizkaian, arazoak dituzte Oka, Lea eta Artibai ibaien arroek hornitzen dituzten herriek, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko gehienek. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak proposatutako murrizketak ezarri dituzte haietako askok: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika, Sukarrieta, Ispaster, Berriatua, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ondarroa. Izan ere, ibaien arro txikien mende daude, eta horiek erraz aldatzen dira luzaroan euririk ez badu egiten. Ibai horien arroak udan defizitarioak izan ohi dira, baina aurten eskasia egiturazkoa da, tenperaturaren eta klimaren ondorioz. Ur falta arazo historikoa da.

«[Egunotako euriak] Egoera arintzen laguntzea espero dugu, baina ez dakigunez datozen asteetan zenbat euri egingo duen, gure esku dagoen guztia egin behar dugu hornidura bermatzeko»

KOLDO URKULLU Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko Aktiboak Ustiatu eta Kudeatzeko zuzendaria

Zerrenda horretatik kanpo geratu dira 11 udalerri: Ereño, Errigoiti, Morga eta Nabarniz Busturialdean; eta Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Lekeitio, Mendexa, Munitibar eta Ziortza-Bolibar Lea-Artibain. Errigoiti ez dago Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan. Koldo Urkullu partzuergoko Aktiboak Ustiatu eta Kudeatzeko zuzendariak azaldu du gainerakoak beste sistemaren batek hornitzen dituela, edo partzuergoak egindako lanek modua eman dutela herri horietako hornidura bermatzeko.

Bizkaian, ur faltak ez ditu Busturialdean eta Lea-Artibain bakarrik eragin arazoak: Karrantzan ere murrizketak ezarri zituzten ekainean, eta abuztu hasieran ura kamioietan eraman zuen foru aldundiak. Ur partzuergotik kanpo dago Karrantza.

Iturriak, igerilekuak eta dutxa laburrak

Murrizketak eta gomendioak jakinarazteko oharrak zabaldu dituzte Elantxobek, Ondarroak eta Gernika-Lumok, besteak beste. Ondarroan, adibidez, neurri gehienak bete dituzte. Udalaren arabera, iturriak ixteko agindua ere jaso zuten, baina ez dituzte guztiak zarratu, herritarrentzako galera zelako; are gehiago, beroarekin. Muxikako Udalak, berriz, guztiz bete du agindua. Ibarrangeluko eta Eako udalek, aholkatutako neurriak hartzeaz gain, hondartzetako dutxak ere itxi dituzte aldi baterako.

Ur partzuergoak gomendatuta, Muxikan iturri publikoak itxi dituzte, Begoña Enbeita alkateak azaldu duenez: «Herri txikia garenez, udal zerbitzuetan ez du eragiten, ez dugu kale garbiketako zerbitzurik, ezta lorategi publikorik ere». Baina, haren ustez, ur eskasiak badu beste iturri bat ere: «Basoetako emariak agortu egin dira haien kudeaketaren ondorioz».

«Herri txikia garenez, ez du udal zerbitzuetan eragiten, ez dugu kale garbiketa zerbitzurik ezta lorategi publikorik ere»

BEGOÑA ENBEITA Muxikako alkatea

Ispasterren ur biltegi propioa dute, eta Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda alkatea harritu egin da zerrendan sartu dituztelako. Ur partzuergoarekin hitz egin, eta esan diete «badaezpada» sartu dituztela. Partzuergoak emandako aholku batzuei jaramon egin diete: «Igerilekuak betetzea eta etxeetako lorategiak ureztatzea debekatu dugu, adibidez, baina ez dugu ur partzuergoak proposatutako neurri zerrenda osoa agindu».

Ibilgailuak eta gune pribatuak ez garbitzeko eskatu die partzuergoak udalei. Hornidura ez eteteko hartutako premiazko erabakiak dira horiek, erakundeak esplikatu duenez. Horrez gain, herritarren inplikazioa ere eskatu du partzuergoak, zentzuz joka dezaten urarekin: dutxa laburrak hartzea; txorrota ixtea, xaboia eman edo haginak garbitu bitartean; etxetresna elektrikoak beteta daudenean erabiltzea —garbigailua, plater ikuzgailua...—; eta hodien ihesak konpontzea, kasurako.

Konponbidearen bila

Etorkizunera begira, ordea, zein da konponbidea? «Udalerri eta herri horiek ur horniduraren sare orokorrera konektatzea», eman du arrapostua Julen Ibarrolak, Arabako Ur Partzuergoko presidenteak. «Lehenago, Amurrio eta Laudio aldean ere gertatzen ziren horrelakoak, ez zeudelako sare orokorrera konektatuta. Konektatu ziren, eta orain ez da gehiago gertatzen. Larrazubin ere, sare orokorrera konektatzeko lanak amaitzear daude, eta aurrerantzean ez da horrelakorik gertatuko». Erasandako gainerako eremuetan ere, partzuergoak azterlanak egiten dihardu Amvisarekin, Uraren Euskal Agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, Ibarrolak adierazi duenez, eta etorkizunean litekeena dela inguru horiek ere sare orokorrera konektatzeko saiakerak egitea.

«Igerilekuak betetzea eta etxeetako lorategiak ureztatzea debekatu dugu, adibidez, baina ez dugu ur partzuergoak proposatutako neurri zerrenda osoa agindu»

GARBIÑE SAENZ DE BURUAGA Ispasterko alkatea

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa aspalditik dabil inbertsioak egiten eta neurri teknikoak hartzen ur hornikuntzaren «egiturazko kalteberatasuna» murrizteko, Urkulluk nabarmendu duenez. Erakundearen arabera, gaur egun ez dago bermatuta herritarren urteko ur eskaria asetzeko modua. Horregatik, eskualdeotako hornidura indartzen ibili dira aurten, ibaien emari ekologikoak arriskuan jarri gabe. Zundaketak egitea, harguneak hobetzea, hoditeria berritzea eta ihesak konpontzea izan dira eginiko jardueretako batzuk, Urkulluren berbetan. Ur kontsumoa gutxitzea ere bada ura aurrezteko neurria. Partzuergoaren datuen arabera, bizkaitar bakoitzaren eguneko ur kontsumoa 122 litrotik 97-105 litro ingurura jaitsi da azkeneko hamar urteetan.

Zuiako Udala, ataka larrian

Zuiako Udalarekin harremanetan jarrita, arazoaren larritasunaz jabetuta daude, baina konponbidea ez ei da hain erraza. Agustin Otsoa Eribekok, Zuiako Udaleko zinegotzi eta Gorbeialdeko Kuadrillako presidenteak, egoera zertan datzan azaldu du: «Uztailean, are larriagoa izan zen kontua, orduan gure depositua %5eko edukieran geratu baitzen, eta, egun batetik bestera, gauetako ur hornidura eten behar izan genuen. Orain, beraz, lehenago ezarri ditugu ur murrizketak, lehengoa berriz ez gertatzeko, eta, orain, hornidura prekarioa bada ere, egonkorturik dago eta ez dugu erabateko mozketarik izan». 

Egoerari konponbidea eman nahian, ur kamioietan dakarte ura, baina behin-behineko konponbide horrek ere arazoak ditu. «Gure ur depositua, Santa Marinakoa, iristen nahiko zaila den leku batean dago, eta kamioi txikiak baino ezin dira heldu bertara. Bidaia bakoitzean hamahiru metro kubiko ur baino ezin dira ekarri». Santa Marinako deposituak 2.500 metro kubikoko edukiera du normalean. Egunean iristen diren lau edo bost kamioiak, beraz, nahikoa dira egoera egonkortzeko, baina ez onbideratzeko. «Hala iraungo du kontuak, eguraldia aldatu eta euria etorri arte. Herritarrak, behintzat, ulerberak dira», eskertu du Otsoa Eribekok.

«Erakunde guztiekin lanean ari gara, arazoa lehenbailehen konpondu eta udalerria sare orokorrera konektatzeko. Legegintzaldi honetan arazoa bideratzea espero dugu»

AGUSTIN OTSOA ERIBEKO Zuiako Udaleko zinegotzia

Luzera begira, udala konponbide bila ari da, gainerako erakundeekin elkarlanean. Uraren Euskal Agentziak hasieran planteaturiko konponbidearekin bat ez zetozela azaldu du Otsoa Eribekok: «Baia errekan bertan presa bat egitea zen asmoa, neguan ura pilatu eta udan eskasiarik ez izateko. Gure ustez, ordea, parke natural baten erdian obra hori egiteak ez zuen zentzu handirik, beste aukera batzuk egonda, eta ez zen luzera begirako konponbidea». Uraren Agentziarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin egindako azken bileren ostean, badirudi ados jarri direla erakundeak eta udala, eta orain udalerria Zadorrako hornidura sarera konektatzea aurreikusten da. «Merkeagoa litzateke, eta modua emango luke oraindik konektatu gabe dauden kontzejuak konektatzeko. Baikorrak gara, eta kontua legegintzaldi honetan bideratuta uztea espero dugu», adierazi du zinegotziak. 

Baia errekan gora

Zuian, lehortetik ihesi, herritar batzuk alboko herrietara joan dira. Beste batzuk, berriz, mendian gora abiatu dira, herria elikatzen duen Baia errekaren arroan gora. Mehe eta idor dator erreka aurten, baina badira oraindik bertan bainatzeko eta freskatzeko lekuak, Zaldibartxoko putzuak, esaterako. Harako bidean, Gorbeiako Parke Naturaleko basozainak beren lanak egiten ari dira. Enaitz Ugarte eta Alvaro Apilanez bat datoz: sekula ere ez dute halako lehorterik ikusi Baia errekan. «Udan emaria gutxitzea normala da, baina ez hainbeste. Hemen urte gehiago daramatzaten lankideek esan digute inoiz ez dutela hain lehor ikusi», adierazi du Apilanezek, Ugartek buruarekin baiezkoa eginez batera. 

Zaldibartxoko putzuetan, lehorte hori ere agerikoa da. Putzua egon, badago, hamar bat metro sakon, baina elikatzen duen erreka errekasto bilakatu da, eta ur zerrenda epel batek elikatzen du. «Ostia, irakiten dago eta!», oihu egin die gazte harritu batek lagunei, putzuko uretatik irten eta errekako ura ukitu duenean. Ur epelak gorabehera, Zuiako herrietako jende ugari bertaratu da Zaldibartxoko putzuetara, lehortetik eta Izarra eta Gopegiko igerilekuetan pilatu den jendetzatik ihesi.

Zaldibartxoko putzuetara hurbildu zen herritar ugari, freskatzeko asmoz. BERRIA
Zaldibartxoko putzuetara bildu zen herritar ugari, freskatzeko asmoz. BERRIA

Haietako bat da Irene Fuentes, txakurrarekin eta seme-alabekin etorria. Lehorteak bete-betean jo du, Zuiako Bitoriano herrikoa baita, baina Urkabustaizko eskolan egiten du lan. Alboko udalerri horretan ere izan du eragina lehorteak, baina ez hainbeste. «Nik uste nuen hor ere igerilekuak itxiko zituztela, baina lankide batek esan dit ezetz, Izarrakoak oraindik ere irekita daudela». Asteartean zioen hori Fuentesek, eta ostegunera arte baino ez zuen iraun Izarrako aukerak, egun hartan jakinarazi baitzuen Urkabustaizko Udalak udal igerilekuak itxiko zituela, ur eskasia dela eta. 

Oso kritiko agertu da egoerarekin eta udalaren kudeaketarekin. «Urteak eta urteak dira arazo hau daukagula, eta inork ere ez du konponbiderik jartzen. Hornidura sistema oso zaharra da, ihesak ditu nonahi, eta erreka honetatik baino ez du hartzen ura. Ia uda guztietan ditugu hornidura arazoak», kexatu da Fuentes. Herrikideak ere kexu dira, Fuentesek azaldu duenez, eta auzokide batek webgune bat ere egin du, udalerriak une oro duen ur horniduraren egoerari buruz informatzeko eta ihesak eta eskasiak dokumentatzeko. 

«Urteak eta urteak dira arazo hau daukagula, eta inork ez du konponbiderik ematen. Hornidura sistema oso zaharra da, ihesak ditu nonahi, ia uda guztietan ditugu hornidura arazoak»

IRENE FUENTES Zuiako bizilaguna

Sakelako telefonoa aterata erakutsi du webgunea, zuiaura.eu izenekoa. Matxuren eta hornidura arazoen zerrenda luze ageri da bertan. Udalari eta erakundeei konponbidea eskatu die Fuentesek: «Ez da onargarria udalerri honetan lehortea izatea, Zadorrako sistemako urtegiek zortzi hilabeterako ur erreserbak dituzte-eta, eta Bizkaiko udalerriak haietatik hornitzen dira-eta. Udalak eta aldundiak zerbait egin beharko lukete udalerria sare orokorrera konektatu eta halako arazorik ez izateko», egin du eskaera. 

Herenegun eta atzo euria egin zuen Euskal Herriko zenbait lekutan. Ez da izan, inolaz ere, arazoa konpontzeko adina. Ur hornidurak kolokan jarraitzen du. «Egoera arintzen lagun dezakeela espero dugu, baina ez dakigunez datozen asteetan zenbat euri egingo duen, gure esku dagoen guztia egin behar dugu hornidura bermatzeko», azaldu du Urkulluk. Partzuergoak uztailaren bukaeran uraren erabilerari buruz egindako gomendioek indarrean jarraitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA