Iñaki Dorronsoro. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

«Euskal Herriaren artikulazioaz planteamendu bat egingo dugu»

Eusko Ikaskuntzak 100 urte beteko ditu 2018an, eta Iñaki Dorronsoro lehendakaria buru-belarri dabil kongresuarekin. Ospakizun berezia prestatzeaz gain, «Euskal Herriaren gaurko galdera nagusiei erantzuteko» plan bat egin nahi dute.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Orain lau urteko irailean erretiroa hartu behar zuen Iñaki Dorronsorok (Ataun, Gipuzkoa, 1947), Mondragon Taldean, baina Eusko Ikaskuntzako lehendakari hautatu zuten ekainean. Hasieratik buruan izan du erakundeak gizartean «posizio berri bat» lortzea. Bete-betea dauka agenda.

Bi urte barru 100 urte beteko ditu Eusko Ikaskuntzak...

Ospakizun berezia izango dugu. Baina ikaragarrizko erronka ere badugu aurrean. Eusko Ikaskuntzaren sorrera sakondu dut, eta gustatuko litzaidake sortzaileen izpiritua eta konpromisoa berreskuratzea erakundeak. Egoerak desberdinak dira, eta formulazio berriak behar dira, baina orain 100 urteko bisioa izatea nahiko nuke. Nahiz eta esplizituki hala ez formulatu, Euskal Herria buruan zuten bultzatzaileek, baina Herri eta kultura kontzeptuetan oinarrituta sortu zuten Eusko Ikaskuntza, ez politika ikuspuntutik.

Oso indartsu hasi ziren.

Euskaltzaindia abiarazi zuten, euskal unibertsitatearen proiektua egin zuten, ikastolen lehen testuliburuak prestatu zituzten, arlo sozioekonomikoan era askotako kongresu garrantzitsuak antolatu zituzten, edota Estatu 'vasco-navarro'-aren estatutuak idatzi zituzten. Gainera, dokumentazioa aztertzean ohartu nintzen emakume askok hartu zutela parte Eusko Ikaskuntzan.

36ko gerrak eten zuen bidea.

1918tik 1936ra arte urrezko aro bat bizi izan zuen, gerra hasi arte. Baina urrezko aroan ere barruan izan ziren eztabaida eta gatazka politikoak. Hala ere, lortu zuten proiektu garrantzitsuak aurrera eramatea. Ikasgai izan behar dugu hori gaur egun.

Zertarako?

Gure asmoa berriz ere erreferentzialtasuna berreskuratzea da. Eusko Ikaskuntza 1973an birfundatu egin zuten, baina ez zuten lehengo posizioa izaterik lortu. Gainera, frankismoan gizarte zibilean sortu ziren euskararen aldeko mugimendu batzuk, ikastolak, Aranzadi zientzia elkartea 1947an eratu zuten, geroago euskal instituzioak... eta Eusko Ikaskuntza beheraka joan zen. 1973ko birfundazioan esparru batzuk jadanik okupatuta zeuden. Saiatu zen egoerari buelta ematen, bainaez du jakin izan euskal gizartean posizio berri bat hartzen.

Zuk nola aurkitu zenuen Eusko Ikaskuntza orain dela lau urte,lehendakaritza hartzean?

Euskal Herriaren gaurko galdera nagusiei erantzuna eman gabe. Eusko Ikaskuntzak euskal gizartean posizio bat hartu behar du berriro, eta posizio hori lehenaldean desberdina izan behar da. Bestela, ez dugu zereginik.

Nola lor dezake posizio berria?

Ez du zentzurik beste batzuek egiten dutena bera eta era berean egitea. Eusko Ikaskuntzak lortubehar du bide berri bat urratzea.

Zer bide?

Hori da galdera. Lehendakari jarri nintzenean, galdera bat egin genien bazkideei eta gizarte zibileko hainbat ordezkariri: gaur zein dira Euskal Herriaren erronkak? Horren bila joateko, ordea, funtzionamendu aldaketa bat egitea ere proposatu genien, eta egin dugu aldaketa. Beti izan dena izaten segitu behar du —erronka sozialez ikerketa, hausnarketa eta zabalkundea egiteko erakundea, betiere perspektiba zientifiko-intelektual batetik arituta, ez iritzi ikuspuntu batetik—, baina gizarteari begira eta gizartearekin egin behar du hori.

Funtzionamenduan, zein dira aldaketak?

Bi osagai sartu ditugu. Bat da era diziplinarteko batean lan egitea, gai bat ertz desberdin batzuetatik jorratuz. Aldaketa handi bat da, eta nahikoa berria geure gizartean. Gurean orain lau urte arte sailak zeuden —antropologia, etnologia, musika...—, baina ez zegoen batasun bat. Aldatu egin dugu funtzionatzeko modua, eta, diziplina batzuetatik abiatu beharrean, problematika batzuetatik abiatzea da orain egingo duguna, problematika hori espezialitate desberdineko jendeak jorratzeko. Egituraketa historikoa ezabatu egin genuen.

Eta zein da beste osagaia?

Problematikak gizartearen ikuspuntutik planteatzea eta, gero,gizartera bideratzea emaitzak.

2018ko kongresuan, mendeurrenekoan, zer lortu nahi duzue?

Euskal Herriaren aurrerapen kolektiborako eta eraldaketarako erantzun berritzaileak ematea, orain 100 urte bezala. Ez dugu nahi gure lanen teoriak eta ondorioak azaltzea bakarrik; gauzatzera ere jo nahi dugu, praktikoak ere izan nahi baitugu. Kongresuaren ondoren [2018ko azaroa] geldiunerik egon ez dadin, lana non eta zeinekin egin dezakegun planteatuko dugu.

Ekinez (2016-2019) egitasmoa ari zarete lantzen. Bost lan arlo dituzue. Azalduko pixka bat?

Zer gizarte nahi dugun da ildoetako bat. Euskal Herriko biharko eguneko jokalekuak irudikatu nahi ditugu. Kultura eta identitatea da beste arlo bat. Identitatea hitza zientzia munduan neutroa da, baina politikan hitz arriskutsu bat bihurtu dute batzuek.Hemendik aurrera kultura-z gehiago hitz egingo dugu igual. Globalizazioa eta immigrazioa direla-eta euskal kulturari eta nortasunari buelta batzuk eman behar dizkiogu. Euskarari buruzkoa da beste arlo bat, euskal kulturaren zutabe nagusia baita, eta erantzun berri batzuen beharrean da. Beste ildo bat Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria da, eta artikulazio juridiko-politikoan planteamendu bat egiteko asmoa dugu. Prest dugu terminologia soziopolitikoaren hiztegi bat. Bosgarrena garapen sozioekonomikoaren ildoa da, euskal gizarte eta enpresa ereduei buruzkoa.

Krisia dela-eta eragile politikoek arlo sozioekonomikoari lehentasuna ematen diote.

Azkeneko krisialdi honek berriz ere mahai gainean jarri digu gure eredu sozioekonomikoaren gabezia. Langabeziaren, pobreziaren eta ezberdintasunaren hazkundea egon da. Beraz, gizarte eta enpresa ereduez ere gogoeta egin behar dugu, eta erantzun berritzaileak ematen saiatu. Guk eraldatzaile izaera dugu, eta, horretarako, kritikoak izan behar dugu. Ari gara lanean. Era berean, Euskal Herriko indarguneei garrantzia eman nahi diegu. Baina lehen aipatutako beste lan arloak ere baditugu. Galdera nagusiaren erantzuna aurkitzen saiatzeko, pertsonalki 150 lagunekin egon nintzen, jende desberdinarekin, eta ez bakarrik Eusko Ikaskuntzakoekin. Hortik diagnostiko bat atera genuen, eta bazkideak gogoeta egitera animatu genituen. Handik atera zen plana garatzen ari gara, gogoz.

Ba al dago pultsu edo nerbiosozialik horretarako?

Bai. Gizarte zibilean badago sentsibilitate bat gai hauekiko. Orain dela lau urte Eusko Ikaskuntzan sartu nintzenean, aipatzen zidaten Euskal Herrian militantzia zeharo lausotua dagoela eta abar. Ez da egia hori. Jendea prest dago lanerako. Gizartean dauden sentsibilitateei erantzun egin behar zaie, eta lehendabizi horiek identifikatzen asmatu behar da. Nik uste dut guk gaiak nahikoa ondo hautatu ditugula, asmatu dugula, eta horien bueltan lanean konprometituta 300en bat lagun ditugu, lehen baino askoz gehiago.

Iragarri duzu artikulazio juridiko-politikoaz planteamendu bat egiteko asmoa duzuela. Badira mugimenduak: EAEn estatus politiko berriaren nahia, Nafarroan Foru Hobekuntza berritzeko asmoa, Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoaren sorrera, Gure Esku Dago dinamika soziala, zuen proiektua...

Garai ona da. Hala ere, badirudi Eusko Ikaskuntza sortu zenean baino zatituagoa gaudela juridikoki-politikoki. Gure erakundearen sorrera urteetan vasco-navarro terminoa asko erabiltzen zen, eta baziren halako egitasmoak. Hego Euskal Herria gaur baino batuago zegoen, edo hala ikusten zen. 36ko gerra hori puskatzen hasi zen, baina frankismoaren ondoren hausturak segitu egin zuen. Lehengo batean esan zidaten Del Burgok Nafarroako Ikaskuntza eratzeko proiektua eduki zuela; gurearekiko haustura bat sortzeko, seguru asko.

Nola definituko zenuke garai politiko hau?

Euskal Herriak herri gisa jauzi kualitatiboa emateko modukoa da. Unea oso egokia da. Esate baterako, ETAren mende erdi bateko jarduera armatua orain dela bost urte bukatu zen, eta harrezkero beste giro bat bizi dugu, hobea. Oraindik baditugu barne tentsioak, baina eztabaidarako beste klima bat dago, askeagoa, eta hori egundoko aukera da. Euskal Herria berpizkunde aro baten aurrean bezala ikusten dut.

Eusko Ikaskuntza hor non kokatuko da?

Saiatu behar dugu konfrontazio ideologiko-politikotik pixka bat aldentzen. Hortik askatzea ezinezkoa da, baina komeni da distantzia bat hartzea. Eusko Ikaskuntzatik kanpo batzuekin sekula ez dugu lortuko adostasun bat izatea. Barrura begira, berriz, talde eragileetan eta mintegietan-eta ezinbestekoa da, batetik, partaideak arlo akademiko-intelektualekoak izatea, eta, bestetik, Eusko Ikaskuntzan ideologia desberdineko jendea txertatzea.

Ideologia desberdina aipatu duzula, eta Eusko Ikaskuntza Euskal Herria aintzat hartzen duen erakundea izanik, zer eskatzen duzue parte hartzeko?

Eusko Ikaskuntzak mundua Euskal Herritik begiratzen du; ez Espainiatik edo Frantziatik, Euskal Herritik. Batzuek esango digute instituzio nazionalista bat dela gurea. Baina hori ez da horrela. Euskal Herriko erakundea da. Gurean sartu nahi ez duena edo gurekin aritu nahi ez duena, berak nahi ez duelako da, ez dago besterik. Guri ezin digute leporatu ateak irekita ez edukitzea.

Plan berriaz egon al zarete euskal instituzio publikoekin?

Bai. Egitasmo berri honekin hasi ginenean, instituzio publiko denei aurkeztu genien. Berriro nahi dugu egotea. Alderdi politikoekin ere buelta bat egin dut, eta berriro egingo dut. Ahal Dugu-rekin lehen aldiz egotekoa naiz. PSE-EEk gure aurtengo jardunaldi batean parte hartu du; duela bi urte, ez. PPk badu behar bat Euskal Herrian irudia hobetzeko eta berritzeko; Alonsok inbestidura saioan adierazi zuen foralismoa defendituko dutela. Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoarekin ere jarriko gara harremanetan.

Zer diote instituzioek-eta?

Nik uste ondo ikusten dutela gure planteamendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.