Euskal Herriaren burujabetza lortzeko zazpi gako bildu ditu Robles-Arangiz fundazioak

'Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak' liburua publikatu du Txalapartarekin, eta alternatiba sozial eta politiko sendoak eraikitzeko beharra defendatu du.

Oñederra, Lakuntza eta Eslaba, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Oñederra, Lakuntza eta Eslaba, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 31
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekintza orok kezka bat izan ohi du oinarrian, eta galdera bati erantzuteko saiakera izaten da gertaera. Askotarikoak izan daitezke zalantzak, erantzunik gabeak galderak, baina norberak aurki diezaioke norabide bat duda bakoitzari. Honako hau izan zen Manu Robles-Arangiz Fundazioak eta Txalaparta argitaletxeak ateratako ondorioa: «Euskal Herrian ez atzera ez aurrera gaude, nazioartean aldaketa betean izanagatik ere. Eta, gauzak ez badira mugitzen, atzerantz egiteko arrisku handia dago». Liburu forma hartu die kezkak, eta gaur egin dute haren aurkezpena, Bilbon: Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak jarri diote izena liburuari.

ELAko estrategia subiranistaren arduraduna eta Manu Robles-Arangiz Fundazioko lehendakaria da Unai Oñederra, eta esplikatu du zazpi egileren artean idatzi dutela liburua: «Euskal Errepublikarako bidean aurrera egiteko norabideak eskatu genizkien Euskal Herri osoko zazpi egileri, besteak beste feminismoaren, ekonomiaren, lan arloaren eta lurraldetasunaren ikuspegitik jarduteko». Oñederraren irudiko, burujabetza lortzeko «aldarrikapen zehatzak» behar dira, eta aldarrikapen horiek egiteko «ezinbestekoa» da gizarte zibila «aktibatzea, antolatzea eta konfrontazio demokratikoa bultzatzea». Antolatzaileek zehaztu dutenez, gainera, ez da kasualitatea izan gaur egin izana liburuaren aurkezpena, Aberri Egunaren bezperetan.

Fundazioko lehendakariak aldean zuen Ane Eslaba Txalapartako editorea, eta hark eman ditu egileen xehetasunak: «Alor sozialeko, akademiako eta sindikalismoko egileak dira, eta ziklo politiko berri bat aktibatzeko gakoak mahaigaineratu dituzte». Honako hauek dira idazleak: Unai Apaolaza Amenabar, Uzuri Aboitz Hidalgo, Andrea de Vicente Arias, Iñaki Lasagabaster Herrarte, Roser Espelt Alba, Ainize Butron Arana eta Amaia Alvarez Berastegi.

Estatus berria ere izan dute solasgai, eta EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk EAErako estatus politiko berriaren inguruan martxan dituzten elkarrizketei erreparatuz, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak salatu du «gizarteari bizkar emanda» ari direla negoziatzen. Nafarroako Parlamentuko Foru Hobekuntzaren erreformarako batzordeaz, berriz, esan du «eztabaida instituzionalera» mugatzen dela. «Horregatik da hain beharrezkoa norabidea aldatzea eta alternatiba sozial eta politiko sendoak eraikitzea alderdien zain egon gabe», erran du. Izan ere, ELAko buruaren aburuz, euskal langileriaren lan eta bizi baldintzak okertu egin dira, eta hiru dira horren eragileak: «Egungo politika instituzionalak, kapital handiekiko menpekotasuna eta burujabetza falta». Eta, bide horretan, Lakuntzak erran du konfrontazioa eta polarizazioa «beharrezkoak» direla: «Ez da askapen sozialik justizia sozialik gabe, eta ez dago justizia sozialik erabakiak hartzeko tresna eta botere politiko propiorik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA