Euskal Herriaren «etorkizunerako jauzia» dantzatuz aldarrikatuko du Gure Esku-k urriaren 25ean

'Zazpi jauziz, herri bat' egitasmoa aurkeztu dute: zazpi hiriburuetan aldi berean ‘Zazpi jauzi’ dantzatzera deitu dute, eta hala, lurraldeen arteko «kohesioa sendotzera» eta «komunitatea eraikitzera».

Gure Esku-ko ordezkari Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, gaur, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gure Esku-ko ordezkari Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, gaur, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko irailaren 24a
13:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen aldiz, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan aldi berean mobilizatuko da Gure Esku. Eta gorputzak astinduz egingo du: urriaren 25ean, eguerdian, Zazpi jauzi dantzatzera deitu ditu herritarrak, eta horren bidez, «etorkizunerako jauzia» irudikatzera. Hala azaldu dute gaur Irati Alvarezek eta Josu Etxaburuk, Gure Esku-ko bozeramaileek, Zazpi jauziz, herri bat egitasmoa aurkezteko Bilbon egin duten agerraldian: «Euskal Herriak nazio gisa jauzi bat egin behar duela aldarrikatuko dugu».

Etxaburuk gogora ekarri duenez, Euskal Herriaren herri izaera eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko sortu zen Gure Esku duela hamahiru urte, eta zutabe horien gainean egin dute oraingo proposamena ere. Dantzatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta horren bidez, «herria erakustera eta eraikitzera». «Dantza ez da soilik adierazpen kultural bat; herri memoria transmititzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna bat ere bada. Plazan dantzatzea elkarrekin agertzea da, gorputzen bidez herri bat garela erakustea, belaunaldien arteko lotura eta lurraldeen arteko harremana biziberritzea. Euskal Herrian dantza gure identitateari eusteko eta hura lantzeko bidea izan da», azaldu du Etxaburuk.

«Herri memoria transmititzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna bat ere bada dantzan. Plazan dantzatzea elkarrekin agertzea da, gorputzen bidez herri bat garela erakustea»

JOSU ETXABURU Gure Esku-ko bozeramailea

Erantsi du Zazpi jauzi dantzak «balio sinboliko berezia» duela: «Zazpi jauzi, zazpi herrialde; jauzia bera mugimendua da, erabakia da, etorkizunerako borondatea adierazten du». Ildo horretan, Euskal Herriko zazpi «lurraldeen arteko kohesioa sendotzea» helburutzat hartu dute urriaren 25eko ekitaldiari begira. «Gure nazio sena biziberritu behar dugu, eta burujabetza tresnak eskuratu, gure identitateari eta kulturari eusteko eta gure herritarren eskubideak babesteko eta zabaltzeko», adierazi du Alvarezek.

Etorkizuneko erronkak

Zazpi jauziz, herri bat egitasmoa «etorkizunez beteriko jauzi bat» izango dela esan dute hainbatetan Gure Esku-ren bozeramaileek. Izan ere, gogora ekarri dute une historiko konplexua dela egungoa, «erronka erraldoiak» dakartzana, hala nola klima larrialdia, aldaketa demografikoak, krisi energetikoa, migrazio dinamikak, adimen artifiziala... Eta, aldi berean, diskurtso erreakzionarioak hedatzen ari direla nabarmendu du Alvarezek: «Uniformizazioa bultzatzen duten eta pertsonen eta herrien eskubideak murriztu nahi dituzten planteamenduak».

«Etorkizuneko erronkei erantzun nahi badiegu, ezinbesteko dugu nazio gisa jauzi bat egitea»

IRATI ALVAREZ Gure Eskuko bozeramailea

Abagune horretan aldarrikatu dute nazio biziberritzea: «Etorkizuneko erronkei erantzun nahi badiegu, ezinbesteko dugu nazio gisa jauzi bat egitea». Dena den, ez dira hutsetik abiatuko: egunez egun, «sentsibilitate askotariko eta hamaika arlotan diharduten milaka euskal herritar» ari dira honezkero etorkizun hori eraikitzen, Alvarezek hausnartu duenez: «Zazpi lurraldez eta pertsona anitzez osatutako nazio bat, dagozkion erabakiak libre eta demokratikoki hartzen dituena. Bere kultura eta hizkuntza bizi dituena; balio komunitarioak festaren bidez biziberritzen dituena. Jende zoriontsua herri libre batean, horixe da Gure Esku-n amesten dugun etorkizuna».

Hala, urriaren 25eko dantzaldiek etorkizun hori irudikatzeko modua emango dutela uste dute Gure Esku-koek. «Egun ederra izango da», aurreikusi du Etxaburuk. Eta nabarmendu du ekitaldi irekia izango dela, herritar guztientzat, ez baita dantzan bereziki iaioa izan behar parte hartzeko: «Zazpi hiriburu, zazpi ekitaldi, zazpi jauzi. Zatozte, eta komunitatea eta herria egingo dugu».

'Zazpi jauziz, herri bat'

Urriaren 25ean, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan Zazpi jauzi dantzatzera deitu du Gure Esku-k. Eguerdian izango dira ekitaldiak, toki hauetan: 

  • Maule: Maule Gaineko Arrabotuan. 
  • Donibane Garazi: merkatu estalian.
  • Baiona: Askatasunaren plazan, Herriko Etxearen aurrean.
  • Donostia: Plaza Berrian.
  • Iruñea: San Jose plazan.
  • Gasteiz: Andre Mari Zuriaren plazan.
  • Bilbo: Arriaga plazan.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA