Euskal Herriko adimen artifizial burujabeari buruzko gogoeta egingo dute Euskarabilduan

Urriaren 27an izango da, Donostian. Leku guztiak beteta daude, baina Internet bidez jarraitu ahalko da. Euskal Herriko baliabide teknologikoei eta eredu eleanitzei buruz hitz egingo dute bi mahai ingurutan.

Iametzako Eli Mejuto eta Eli Pombo, gaurko aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iametzako Eli Mejuto eta Eli Pombo, gaurko aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 7a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adimen artifizialean oinarritutako aplikazio eta teknologia gehienak AEB Ameriketako Estatu Batuetatik iristen dira. Euskal Herrian, munduko gainerako herrialdeetan bezala, erabiltzen dira. Euskal Herrian badira adimen artifiziala lantzen eta garatzen duten unibertsitateetako ikerketa taldeak, ikerketa zentroak eta enpresak. Horietako asko, puntakoak. Galdera da: posible al da Euskal Herria adimen artifizialaren garapenean burujabea izatea? Nola?

Galdera horiei erantzuten saiatuko dira aurtengo Euskarabildua jardunaldian, urriaren 27an, Donostian. Halaxe erakusten du aurten aukeratu duten tituluak: Adimen artifiziala herriaren zerbitzura. Nola eraiki ekosistema burujabe eta saretua?. Burujabetza horri begira Euskal Herria nola dagoen erakutsiko dute: alde batetik, zer nolako azpiegitura teknologikoak dauden; bestetik, euskaraz zer nolako adimen artifizial eredu libre sortu diren eta zer nolako datu corpusak dauden. Euskal Herrian adimen artifiziala erabiliz sortutako proiektu zehatzak ere erakutsiko dituzte.

«Herri ikuspegia»

Adimen artifizialaren garapena ez da neutroa, eta Euskarabildua jardunaldiaren antolatzaileek Euskal Herrian sortutako adimen artifizialak bertako «herri ikuspegia» eta «mundu ikuskera» izatea nahi dute. «Ahalik eta herri burujabetza handiena garatu behar dela ohartarazi nahi dugu», Eli Pomboren esanetan. Iametza enpresako kudeatzailea da. Iametza eta Ametzagaiña enpresek eta Argia aldizkariak antolatzen dute jardunaldia.

Burujabetzaren parte da «adimen artifizialaren erabilera ahalik eta etikoena egitea, plataforma handiekiko mendekotasuna murriztea eta teknologien zein datuen kontrola izatea». Adimen artifizial burujabe bat eraikitzeko eta herritarren esku jartzeko lau arlo aintzat hartu behar direla zehaztu du Pombok: azpiegiturak, ereduak, datuak eta aplikazioak.

«Saretu». Aditz hori erabili dute Euskarabildua jardunaldiaren antolatzaileek gaurko aurkezpenean. Teknologiaren inguruan lanean ari direnen topagunea izan ohi da Euskaralbildua. Elkar ezagutzeko eta elkarren berri izateko. Kasu batzuetan, baita elkarrekin lanean hasteko ere. «Uste dugu adimen artifizialaren arloan badaudela landu daitezkeen sinergiak, eta agian falta zaigula elkar ezagutzea eta hausnarketa kolektibo bat», Pomboren arabera. «Baliabide eta proiektu propioak garatzeko beharra dago, eta hori elkar ezagutzatik abiatzen da».

«Uste dugu adimen artifizialaren arloan badaudela landu daitezkeen sinergiak, eta agian falta zaigula elkar ezagutzea eta hausnarketa kolektibo bat»

ELI POMBO Iametzako kudeatzailea

Euskal Herriak ez luke adimen artifizial burujabea hutsetik eraiki beharko. Oinarri sendoa eta anitza dago. Antolatzaileek onartu dute jardunaldia osatzeko prozesua «aberasgarria» izan dela eta adimen artifiziala garatzen duten uste baino proiektu eta ekinbide gehiago daudela Euskal Herrian.

Bi mahai inguru izango dira jardunaldiaren bizkarrezurra: lehenengoan, adimen artifiziala garatzeko beharrezko azpiegiturei buruz hitz egingo dute, eta Euskal Herrian zer baliabide dauden zehaztuko dute; bigarrenean, euskaratik sortutako adimen artifizialeko eredu eleanitzak azalduko dituzte. Unibertsitateetako, erakundeetako, ikerketa zentroetako eta enpresetako ordezkariak izango dira: Hitz zentroa, aDi Data Center, Izarralde, EJIE, DIPC, Nasertic, Elhuyar, Euscorpora...

Steen Rasmussen

Euskal Herriko egoeran oinarritutako jardunaldia izango da, baina Steen Rasmussen fisikari danimarkarrak emango du lehen hitzaldia: Deszentralizazioa adimen artifiziala burujabea izan ez dadin. Rasmussen aditua da bizitza artifizialean eta sistema konplexuetan. Ohartarazi du makinak bizitza propioa garatzen ari direla, eta gizakien kontrolik gabe egiten badute, arriskutsua izan daitekeela. «Hori ez gertatzeko», azaldu du Pombok, «Rasmussenentzat garrantzitsua da ezagutza, teknologia eta baliabide horiek guztiak deszentralizatzea, ez egotea gutxi batzuen eskuetan».

Urriaren 27an izango da Euskarabildua, Donostiako San Telmo museoan. Deialdiak arrakasta izan du: leku guztiak bete dituzte eta itxaron-zerrenda dago. Jardunaldira joan ezin dutenek Internet bidez jarraitu ahal izango dute, euskarabildua.eus eta eitb.eus webguneetan. Jardunaldia praktikoa dela nabarmendu du Eli Mejuto Iametzako Komunikazio lantaldeko ordezkariak, eta herritar guztientzako modukoa, dibulgazioa baita haren oinarrietako bat.

Euskal Herriko adimen artifiziala «azpitik» eraikitzeko beharra nabarmendu du Pombok: «Eraiki dezagun azpitik, gure inguruan dagoena ezagutuz eta elkar saretuz. Burujabetza ez da helmuga, bidea da».

'baai.eus', webguneak euskaraz sortzeko

Euskal Herrian adimen artifiziala erabiliz garatu diren proiektu berritzaile batzuk erakutsiko dituzte Euskarabildua jardunaldian. Horien artean bada berritasun bat: baai.eus. Adimen artifizialarekin webguneak euskaraz sortzeko tresna da. Puntueus fundazioarena da eta urriaren amaieran egingo du aurkezpen ofiziala.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA