Euskal Herriko haurrek elkartasuna adierazi diete Palestinakoei

Gure Haurrak Ere Badira plataformak ikasturte amaierako ekitaldia egin du Gasteizen. Ikastetxeei eskatu diete mahai bat hutsik uzteko Palestinan hil diren haurren omenez. Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdegin diete neurriak har ditzatela.

Porrotx, esku batean haur bat eta bestean Palestinako bandera duela, dozenaka lagunen aurrean, gaur, Gasteizko Plaza Berrian. RAUL BOGAJO / FOKU
Porrotx, esku batean haur bat eta bestean Palestinako bandera duela, dozenaka lagunen aurrean, gaur, Gasteizko Plaza Berrian. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko ekainaren 12a
20:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Zergatik gaude hemen gaur?», galdetu dio haur batek Porrotxi. «Ai, bihotzeko lagun, gustatuko litzaidake hemen egon behar ez izatea, benetan. Baina Palestinan oso egoera gogorrean daude haurrak, gurasoak eta familia osoak. Genozidioa jasaten ari dira, eta guk ezin ditugu begiak itxi», erantzun dio. «Baina, guk zer egin dezakegu?», jarraitu du beste haur batek. Bada, Gure Haurrak Ere Badira ekinaldiak bultzatuta, elkartasun mezuak jasoko dituzte, gero Palestinara bidaltzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere helaraziko dizkiete, presio egiteko eta eskatzeko irmotasun handiagoz jardun dezatela Palestinako gatazka geldiarazteko. Ekainaren 20ra arte bilduko dituzte marrazkiak, poesiak, idazlanak eta beste, [email protected] helbidean.

Ez hori bakarrik, Gure Haurrak Ere Badira-k ikastetxeei eskatu die ikasgela bakoitzean mahai bat hutsik uzteko erail dituzten haur palestinarren omenez. Oporrak hartu aurretik lore eskaintzak egitera ere animatu dituzte.

«Euskal Herriari, munduari eta, batez ere, arreba eta anaia palestinarrei heldu behar zaien elkartasun irudi bat sortu nahi dugu, oso indartsua», kontatu du Mitxel Elortza Gure Haurrak Ere Badira-ko bozeramaileak. «Elkartasun uholdeak jarrai dezala genozidioa gelditu arte». Elortzak salatu du egoerak okerrera egin duela azken hilabeteetan, eta Israel «lotsarik gabe» ari dela genozidioa egiten, Ameriketako Estatu Batuen babesarekin. «Ezin gara begira gelditu. Hiltzen ari direnak gure anai-arrebatzat dauzkagu, eta gure haurtzat». 

Ikasturte amaierako mobilizazioa egin dute gaur arratsaldean Gasteizen. Hiriko zenbait gunetatik manifestazioan abiatu dira lau adar, bakoitza Palestinako banderaren kolore batekin, eta Plaza Berrian egin dute topo, 18:30 aldera. Han, zain zuten Porrotx, eta antzerki labur bat egin dute, mezua arinago transmititzeko. Pailazoak umeei kontatu die urriaren 7tik hona 50.000 pertsona baino gehiago hil dituztela, tartean milaka haur. Eta mundua isilik dagoela. Haur batek galdetu dio ea zergatik altxatu behar duten eurek ahotsa. «Isilik egotea konplize izatea delako, eta guk ez dugu konplize izan nahi», erantzun dio. «Genozidioa gelditu! Gure haurrak ere badira», elkarrekin oihukatuta bukatu dute antzezpena.

Ipuin kontalariak, zozketak, jolasak, askaria eta beste ere izan dira. Iragarri dute bildutako dirua Palestinako errefuxiatu kanpalekuetara bidaliko dutela, UNRWAren bidez. Konturatzerako, antolatzaileek espero baino jende gehiago bildu da plazan. «Palestinan gertatzen dena onartezina da, eta gizarte osoari dagokio lerrokatzea», esan du Eva Zarate gurasoak. Haurrei ere bai? «Ez da atsegina, baina jakin behar dute munduan badirela gerran bizi diren haurrak. Bakea landu behar dugu». Ume askok bakearen sinboloa zeukaten marraztuta masailetan, baita Palestinako bandera ere. LABen, Steilasen, ELAren, CCOOren, UGTren, CNTren, EHIGEren eta Ikastolen Elkartearen babesa izan du gaurko mobilizazioak, eta, gainera, 21 guraso elkarte ere batu dira. Hainbat norbanako ere izan dira protestan.

Manifestariak, Palestinako banderaren koloreekin, Gasteizko udaletxearen aurrean. BERRIA
Manifestariak, Palestinako banderaren koloreekin, Gasteizko udaletxearen aurrean. BERRIA

Bukatzeko, mosaiko erraldoi bat egin dute. Palestinako bandera egiten saiatu dira, Plaza Berria alderik alde hartuta. «Palestina askatu» oihukatu dute behin eta berriz, eta bakearen aldeko aldarriak ere egin dituzte.

Rafahrako martxara begira

Gure Haurrak Ere Badira-ren ekinaldiak bat egin du Rafahrako martxa internazionalarekin. Mundu osotik joandako milaka ekintzailek presio egin nahi zuten Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko, eta blokeoa apurtzen saiatzekoak ziren bihar, baina, ezertan hasi aurretik, Egiptoko Poliziak berrehun bat lagun atxilotu ditu, tartean hainbat euskal herritar. Atxiloketak gaitzetsi dituzte, eta laguntza humanitarioa banatzeko modua ematea exijitu.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.