Euskal Herriko Mugimendu Feministak mahai tekniko bat sortuko du «zaintza krisiari heltzeko»

Mahaian parte hartzeko prest dauden ala ez esateko 48 orduko epea eman diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, euskal alderdi politiko nagusiei eta sindikatuei.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako manifetazioa, martxoaren 8an, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 16a
12:34
Entzun

Euskal Herriko Mugimendu Feministak mahai tekniko bat osatuko du «COVID 19-k larritutako zaintza krisiari heltzeko». «Arduragatik egiten dugu, eta gure bizilagunen bizitza, gure bizilagun guztiena, axola zaigulako», zehaztu dute, Internet bidez, Josebe Iturrioz eta Silvia Rugamas bozeramaileek egin duten agerraldian. Mahaian parte hartuko al duten edo ez esateko 48 orduko epea eman diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, euskal alderdi politiko nagusiei eta eragile sindikalei, eta ziurtatu dute mugimenduak zaintzan inplikatutako adituekin eta eragileekin mugiaraziko duela mahaia. «Krisi hau, pandemia deitzen dioten arren, zaintza krisi bat da», ohartarazi dute.

COVID 19 birusaren pandemiarekin zaintzaren krisia agerian geratu delakoan daude, «kolapsoa» ekarri duelako. «Zaintza krisia egiturazkoa da. Horregatik da beharrezkoa paradigma aldatzea, norbanakoaren autosufizientziaren sinesmenean oinarritutako eredu neoliberala aldatzea eta behingoz bizitza erdigunean jartzea», azaldu dute. Mugimendu feminista prest dago horri erantzuteko, eta eurak ere «solaskide baliagarritzat» hartzeko eskatu dute. «Ez dugu ukatuko beldur garela, zalantzak ditugula eta zaurgarri sentitzen garela, baina Euskal Herriko Mugimendu Feministak ez dio ihes egingo zaintzekin, bizitzekin, emakumeekin, genero disidenteekin eta gizarte osoarekin duen erantzukizun politikoari».

Horretarako, zaintza koordinatzeko mahai bat sortzeko eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari. Iruditzen zaie alderdi politiko eta sindikatuez gain bertan egon beharko luketela mugimendu feministak; etxeko langileek; guraso elkarteek; egoitzetako langileek; eta zaintzaren, ekonomiaren eta medikuntzaren arloko adituek. Azpimarratu dute mugimendu feminista prest dagoela esertzeko, erantzunaren buru elkarrekin izateko eta hori batera koordinatzeko. «Beharrezkoa da sozialki antolatzea, denon artean zaintzak antolatzeko eta, aldi berean, ahotsik gabeko pertsonen beharrak agerian uzteko». Antolaketa kolektiboaren aldeko apustua egin dute, herritarrak etxean konfinatuta egon arren. «Ez dago gobernu neurririk erantzun kolektibo bat emateko; erantzun indibidualak baino ez dira eman». Hala ere, gogorarazi dute dagoeneko sortzen ari direla egitasmo komunitarioak ere.

Kezka eragiten diete hartzen ari diren neurri batzuek, uste baitute krisia larriagotu egin dezaketela. Hainbat adibide eman dituzte: etxean geratu beharra ordain ekonomikoen berri izan gabe; egoitzetako bisitak debekatzea mendekoak nola zaindu azaldu gabe; osasunerako eskubiderik ez duten migratzaileekin zer gertatuko den ez jakitea; etxeko langile egoiliarrek etxeetan jarraitzea; eta indarkeriaren biktimak isolatuta geratzea erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe. «Gure ardura arriskuez ohartaraztetik harago doa», ziurtatu dute. Egoerari erantzun «eraginkorra» emateko, uste dute beharrezkoa dela gizartearekin aritzea, hala nola langileen elkarteekin eta gizarte mugimenduekin.

Euskal Herriko Mugimendu Feminista etorkizunera begira jarrita dago. «Ez digu ezertarako balioko krisi honetatik ateratzeak berdin jarraitzeko. Beharrezkoa da paradigma soziala aldatzea». Haien iritziz, horrela bakarrik egongo da «duintasunez» bizitzeko aukera. «Egoera honetatik aterako gara bakarrik gai bagara logika kapitalista eta patriarkal horiek aldatzeko eta bizitza eta zaintzak erdigunean jartzeko». Gainera, elkarrekin ateratzea ezinbestekoa iruditzen zaie. «Ezin gara geldirik eta zain geratu. Gure etxeetatik egingo dugu, bide telematikoetatik eta mahai birtual horretan parte hartuko dutenen osasuna bermatuz, baina mahaia eratu eta martxan jarriko da bai ala bai, zaintzak ezin direlako inoiz eten eta gure bizitzak jokoan daudelako».

Bi emakume erailak gogoan

Mahai teknikoa osatzeko beharrarekin batera, gogoan izan dituzte aurreko astean Abanton (Bizkaia) eraildako bi emakumeak. «Kezkatuta gaude, badakigulako zoritxarrez indarkeria matxista ez dela etengo, ez dela berrogeialdian jarriko krisi honetan zehar». Are gehiago, larriagotu egin daitekeela iruditzen zaie. «Hori ere mahaian jorratuko dugu. Euskal Herriko Mugimendu Feministak bere indar guztiak jarriko ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.