Herritar gehienek uste dute «joera erreakzionarioek» indarra hartu dutela aspaldi honetan; Europan oro har, eta Euskal Herrian ere bai. Hori da Naziometroaren datuetatik atera dituzten ondorio nagusietako bat. Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak, Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Aztiker soziologia ikerguneak ondu dute Naziometroa; zazpigarren neurketa da 2020an Euskal Herri osoko herritarren pertzepzio, joera eta iritziak aztertzeari ekin ziotenetik, eta, oraingoan, naziotasunaren eta estatus politikoaren inguruko ohiko itaunez gain, jarrera erreakzionarioen gorakadaz eta migratzaileen, emakumeen eta bestelako giza multzoen eskubideen kontrako diskurtsoez galdetu dute ikerketan.
Naziometroaren VII. neurketaren arabera, herritarren %83,8k uste dute jarrera erreakzionarioak «nabarmen» edo «neurri batean» areagotu direla Europan. Euskal Herrian ere horrelako jarrerak indartu direla uste dutenak %65,9 dira, eta %56,6k euren inguruan sumatu dute gorakada hori. Jarrera erreakzionario horiek batez ere «atzerriko migrazio eta aniztasun kulturalaren kontrakoak» (%61,2k) eta «genero berdintasunaren eta feminismoaren kontrakoak» (%33,4k) direla uste dute.
Jarrera horien indarra neurtzeko, inkestan parte hartu dutenei galdetu diete ea uste duten zenbait eskubideren alde egiten diren aldarriak gehiegi diren, behar beste edo gutxiegi. Hirutik batek (%37,2k) erantzun du migratuen eta aniztasun kulturalaren inguruan egiten diren aldarrikapenak «gehiegizkoak» iruditzen zaizkiola; %36,5ek «egokitzat» jotzen dituzte, eta %13,3k uste dute «gutxiegi» direla.
Nazio subiranotasunaren eta feminismoaren esparruetan, herritar gehienek uste dute egiten diren aldarrikapenak «egokiak» direla; %41,7k feminismoaren kasuan, eta 35,2k nazio auziarenean. Baina herritar multzo adierazgarri batek (%26k, kasu bietan) «gehiegizkotzat» jotzen ditu.
Herritar gehienek (%59,8k) pentsatzen dute Euskal Herrian bizi eta lan egitea dela baldintza nagusia norbait euskal herritartzat jotzeko
Jarrera erreakzionarioak adierazteko joera beste aldagai batzuekin alderatu dituzte ikerketaren egileek. Ondorioa da eskuineko herritarrek dutela jaidura handiagoa horrelako jarrerak izateko, eta Euskal Herriaren nazio izaera aitortzen ez dutenek ere gehiago jotzen dutela jarrera erreakzionarioetara. Adibidez, euskal estatu baten alde daudenetatik gehienek (%53,1ek) uste dute genero eta feminismoaren inguruko aldarrikapenak egokiak direla, eta %15,1ek baino ez dituzte gehiegizkotzat jotzen; aldiz, euskal estatuaren kontrako jarrera dutenen %42,4k pentsatzen dute feminismoaren aldarrikapenak urrutiegi joan direla, eta soilik %22,4k jotzen dituzte egokitzat.
Sexuari dagokionez, jarrera erreakzionarioak indartsuagoak dira gizonen artean: gizonen %32,7k uste dute genero aldarrikapenak gehiegizkoak direla, eta emakumeen %19,5ek baino ez dute iritzi hori. Aitzitik, emakumeen artean gehiago dira uste dutenak genero aldarrikapenak motz geratzen direla (%26,9).
Askotan esaten da belaunaldi gazteak aurrekoak baino erreakzionarioagoak direla. Naziometroaren datuen arabera, ezin da horrelakorik ondorioztatu; aitzitik, migrazio gaiei dagokienez, jarrerarik itxienak 30 urtetik gorakoek izaten dituzte, eta %40 inguruk gehiegizkotzat jotzen ditu alor horretan egiten diren aldarrikapenak; 18 eta 29 urte bitartekoen artean portzentaje hori %23koa baino ez da.
Migrazioa eta herritartasuna
Herritar gehienek (%59,8k) pentsatzen dute Euskal Herrian bizi eta lan egitea dela baldintza nagusia norbait euskal herritartzat jotzeko. %21,1ek baino ez dute lotzen herritartasuna Euskal Herrian jaio izanarekin. Honetan ere, ideologiak, sexuak, adinak eta beste aldagai batzuek badute eragina: herritartasuna Euskal Herrian lan egin eta bizitzearekin lotzen dutenak ugariagoak dira ezkerrekoen artean (%78), abertzaleen artean (%68,1), euskal estatuaren alde daudenen artean (%63) eta emakumeen artean (%64,4). Espainiako edo Frantziako nazionalismoa sustatzen duten herritarrei dagokienez, herritartasuna jaiotze lekuarekin lotzen dutenen portzentajea %31,5ekoa da, batezbestekoa baino hamar puntu gehiago.
Adinari erreparatuz gero, datu esanguratsu bat agertzen da: 18 eta 29 urte bitarteko adin tartean, ugariagoak dira herritartasuna Euskal Herrian jaiotzearekin lotzen dutenak (%48) bertan lan egin eta bizitzea lehenesten dutenak baino (%34).
Herritar gehienek ez dute euskara integraziorako traba gisa ikusten; alderantziz, gizartearen kohesiorako tresna izan daitekeela uste dute. Herritarren %60k diote euskarak «asko» edo «zerbait» laguntzen duela gizartea kohesionatzen, %56,9k diote bizi proiektua garatzen laguntzen diela kanpotik etorritako herritarrei, eta %52,2k pentsatzen dute «arrazismoa eta jarrera erreakzionarioak desagerrarazteko» tresna dela.
Herritarrek ez dute euskara integraziorako traba gisa ikusten; alderantziz, gizartearen kohesiorako tresna izan daitekeela uste dute
Halaber, herritarrek ez dute immigrazioa jotzen euskararentzako arrisku nagusitzat. %23,5ek uste dute immigrazioa «faktore garrantzitsua» dela euskara gutxiago erabiltzeko, baina garrantzi handiagoa ematen diote euskal hiztunen jokabideari (%36,4) eta aisialdiaren globalizazioari (%24). Galdekatutakoen %21,1ek «hizkuntza politika sendo baten falta» jo dute euskara gutxiago erabiltzeko arrazoi garrantzitsutzat. Herritarren %59,1ek uste dute euskara eta euskal kultura «antzera» egongo direla datozen urteetan, immigrazioa eta kultur aniztasuna gorabehera.
EHUko Bizkaiko errektoreorde Estitxu Garaik, Telesforo Monzon eLabeko kide Malen Dominguezek, Parte Hartuz taldeko Arkaitz Fullaondok eta Aztikerreko Asier Etxenikek aurkeztu dute Naziometroaren VII. neurketa.