Euskal Hirigune Elkargoa ikertuko dute, ur zikinen kudeaketagatik

Biarritzeko, Bidarteko, Getariako, Donibane Lohizuneko, Urruñako eta Hendaiako gune turistikoetan dauden sei saneamendu sistemak ari dira ikertzen, garbitu gabeko ura legez kanpo itsasora isurtzeagatik.

Euskal Hirigune Elkargoko kontseilua, ekainean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoko kontseilua, ekainean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
nerea intxausti
2026ko irailaren 21a
09:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lapurdiko itsasertzeko ur zikinen tratamendua ikertzen ari dira. Baionako ingurumen zentroak ikerketa bat egin du jakiteko nolatan heldu diren milaka hondakin itsasora —tanpoiak, paper-zapiak...— , eta ziurtatu du ur zikin horiek Euskal Hirigune Elkargoko sei udalerritako saneamendu sistemetatik eratorritakoak direla, eta isurketa horiek legez kanpokoak direla. Are, ikerketak baieztatu du lotura dagoela isurketa horien eta azken urteetan hondartzak itxi behar izatearen artean. Sud Ouest hedabideak eman du horren berri.

Ingurumen zentroaren ikerketak jopuntu ditu Miarritzeko, Bidarteko, Getariako, Donibane Lohizuneko, Urruñako eta Hendaiako (Lapurdi) gune turistikoetan dauden sei saneamendu sistemak. Antza, instalazio horiek ez dira nahikoa masa turismoa duten tokietarako, eta, ondorioz, garbitu gabeko urak itsasora joaten dira, araztu gabe, legezkoak diren mugez gaindi. Bereziki gertatzen da ur jasa handiak egiten dituenean. Duela aste batzuk, Baionako auzitegi judizialeko instrukzio epaile batek bi pertsona ikertu zituen kutsaduragatik: Euskal Hirigune Elkargoa eta haren ordezkaria, Suez enpresa.

Lapurdiko kostaldeko kasua 2021ean abiatu zen, CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak eta Arrantzaren Sailarteko Batzordeak salatuta. Ikerketa txostenak egiteaz arduratu dira Ingurumenaren eta Osasun Publikoaren aurkako Erasoen aurkako Bulego nagusia, Frantziako Bioaniztasunaren Bulegoa eta Baionako Polizia judiziala.

Ur zikinen kudeaketari buruzko ikerketek badauzkate aurrekariak. Arcachongo (Frantzia) uren kudeaketa aspalditik dago ikerketapean. 2023ko eta 2024ko neguan, euri urek gainezka egin zuten saneamendu sareetan, eta ur zikinak ibai arroetara iritsi ziren.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA