Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideei buruzko Dekretua aldatzeko proposamena onartu du Eusko Legebiltzarrak. 2008an onartu zuten dekretua, eta atzo egin zizkioten aldaketen ondorioz, hemendik aurrera, zerbitzu elebiduna eskaintzen ez duten enpresei ezingo zaie inolako zigorrik jarri —alderdi eta eragile batzuek salatu izan dute dekretuak, lehen ere, ez zuela horretarako biderik uzten—. Atzo egin zuten osoko bilkuran, PSEko, PPko eta UPDko ordezkariek bozkatu zuten PSEk egindako proposamenaren alde. Aldaketaren aurka, berriz, EAJk, EAk, Ezker Anitzak eta Aralarrek.
EAJko Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela ezarri zuen dekretua Eusko Jaurlaritzak, «kontsumitzaileari informazioa euskaraz eta gaztelaniaz ematea bermatzeko». Dekretu hura hainbat erakunde publikori eta pribaturi aplikatu zioten. Hain justu, interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei, baldin eta honako baldintza hau betetzen bazuten: 250 langiletik gora eta urtean 50 milioi euroko negozio bolumena izatea; salmenta gunearen azalera 400 metro koadrotik gora izatea eta elebidun tasa %33tik gorakoa den herri batean egotea; edo, Bilbon, Donostian edo Gasteizen, bestela. Enpresa txikiei ez zien eragiten dekretuak.
EAJk, EAk, Aralarrek eta Ezker Anitzak albiste txartzat jo dute 2008ko dekretuaren aldaketa. Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basaberen iritzian, «euskararen erabilera normalizatuaren kontra doa» onartutako lege proposamena. EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak salatu du euskaraz bizi nahi duen herritarrari ez zaiola horretarako aukerarik ematen, eta euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen direla. 2008ko legea egiteko 37 eragileren iritziak bildu zituztela nabarmendu du Garbiñe Mendizabal EAJko legebiltzarkideak. Ezker Anitzako Mikel Aranak PSEri egotzi dio euskara alor publikoan soilik bultzatzen duela.
Aldaketaren alde egin dutenek, berriz, aurkakoa diote: «Erakunde publikoek alor pribatuetan ezin dute hizkuntzarik inposatu», esan du PSEko Vicente Reyesek. PPko Iñaki Oiartzabalen ustez, «euskara ez du legeak bultzatu behar, herritarren nahiak baizik». UPDko ordezkari Gorka Maneirok ere pozik agertu da dekretua aldatu delako.
«Atzerapauso handia da»
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia kritiko agertu dira legebiltzarrean hartu duten erabakiarekin. «Kontsumitzaile euskaldunen hizkuntz eskubideen urraketa sistematizatu nahi izatea onartezina da», salatu du Kontseiluko Paul Bilbaok. Bide beretik mintzatu da Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati: «Herritar euskaldunen hizkuntz eskubideak zapuzten dituzte, eta herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten nahiak gutxiesten».
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketa (EKA) elkartearen ustez, «atzerapauso bat» da dekretuaren aldaketa: «Merkataritzan euskararen erabilera legez sustatzeko lehen ahalegin serioa ezerezean utzi dute».
Euskal hiztunen eskubideak urratzen dituzten enpresak zigortzeko bidea kendu dute
Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen Dekretua aldatzea onartu du PSE, PP eta UPDren botoekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu