Altsasun urrats sinbolikoa eman dute 150 iheslari ohi inguruk. Herria dugu arnas zioen kartelaren inguruan, agiria irakurri dute eta bertan, "aurrerantzean inoiz inork bere sorterritik ihesean atera behar izan ez dezan", konponbide prozesuarekiko konpromisoa azaldu dute: "Askatasunaren eta bakearen bidean gure herrian beste egoera bat sortzeko aukera zabaldu behar dugu".
Iheslari ohiek Altsasuko Iortia kultur etxean egin dute agerraldia. 150 inguru bildu dira gaur eguerdian. Iheslarien kolektiboa anitza da eta belaunaldi eta jatorri desberdineko herritarrak daude bertan. Gaurko argazki horren isla izan da. Duela bederatzi hilabete, 2013ko ekainaren 15ean Miarritzen iheslarien kolektiboak aurkeztutako bide orriaren garrantzia azpimarratu dute: "Gu iheslarien kolektiboko kideak izan ginen eta orain ere egur bereko ezpala gara. Horregatik Miarritzeko aurkezpenatik bertatik ohartu ginen, bide orri horren garrantziaz".
Hasitako bidea ez dela erraza argi dute, "konponbidearen kontrako agenda maneiatzen dutenek arazoak baizik jartzen ez dituztelako". Horregatik, estatuen blokeoaren aurrean hala presoen kolektiboak nola iheslariek egiten ari diren esfortzua nabarmendu dute.
Konponbidean sakontzeko, beharrezkotzat jo dute azken 50 urtetan gertatutakoa kontatzea. "Guk badugu zer kontatu, zer eta zergatik". Gatazkaren gordintasuna bizi izan dutela gogoratu dute: "Gerra zikina bezala ezagutzen dugun jazarraldi ankerrak erakarritako deportazioaren muturreko babesgabetasun juridikoa, heriotzarik ere eragin duen gutxieneko bizi baldintzarik eza, poliziatik poliziarako kanporaketekin orokortu zen tortura, eta izua zein heriotza bera ere". Inoiz errepikatu behar ez diren ondorioak direla azaldu dute.
Iheslari ohiek azpimarratu dute ez dutela beldurrik ondorio lazgarri horiek kontatzeko. "Nonbait, zenbaitek egin nahi duen kontakizun partzialetik desagerrarazi nahi dituzten adibide lazgarriak dira. Guk, ordea, ez dugu beldurrik gertatutako guztiari begiratzeko, ezta erantzukizunik aitortzeko ere".
Haatik, era berean, gaineratu dute ez dutela iraganean kateaturik geratzeko asmorik. "Gure seme-alabei, gure bilobei etorkizuna zor diegu guztion eskubideak bermatuko dituen euskal herri libre batean. Horixe izango da gure garaipena. Galtzailerik eta mendekurik gabeko garaipena".
Euren testigantza eskaintzeaz gain, "oraindik iheslariak diren lagunak etxera itzultzeko bidean laguntzera" datozela azaldu dute. Helburua hori izaki, eragile desberdinekin konpromisoak eta adostasunak biltzeko prest dira. Hala ere, euren esanetan, herria da protagonista nagusia, "herria baita hasitako bidea erraztu dezakeena. Konponbide eta konponbidearen atal nagusia burura emateko berme bakarra".
Amaieran, Pello eta Pantxoaren Lepoan hartu eta segi aurrera abestia kantatu dute gogo biziz. Ekitaldia hasi aurretik, Consuelo Ordoñez Altsasuko Iortia kultur etxearen kanpoaldean zen eta idatzi bat pasa dio atarian zegoenari. Ez da beste ezer gertatu. Ekitaldia 12:15erako amaitu da.
Altsasuko irteeran Guardia Zibilak kontrolak jarri ditu, eta nondik nora zihoazen galdetzen ibili dira gidariei.