Euskal ikasleek egungo hezkuntza sisteman "bizi" dituzten "injustizia, zapalkuntza eta problematikei aurre egiteko beharra sentitu", eta dinamika bat sortu dute. Gaur aurkeztu dute, Gasteizen, Kimuak elkartean. Euskal hezkuntza sistema propio baten alde ariko direla adierazi dute.
Euskal ikasle mugimenduak egindako lana laudatu ondoren, aitortu dute "jakitun" direla "azkenaldian argia itzaliz" joan dela. "Horregatik, antolatzeari ekin diogun ikasleak izateaz gain, hezkuntza mugimenduan bizi dugun hutsune bat betetzeko ere jaio gara. Indarra daukagu, eta indarra emango diogu gure hezkuntzari".
Iragarri dute Euskal Herrikoa izango dela dinamika. "Gure artean saretu, eta Paristik zein Madrildik inposatutako ereduei erantzun bateratu bat emateko hautua egin dugu"
Azaroaren 28rako (osteguna) deitu dute aurreneko ekinbidera: ikasleen greba. "Goazen guztiok batera ikasle mugimendua berpiztu eta ikasle bezala bizi dugun miseria salatzera. Goazen gure eskubide eta eredu propio baten alde borrokatzera. Hor ditugu pentsiodunen edota metaleko langileen adibideak, hala nola mugimendu feministarenak edota ekologistarenak. Bada, orain gure garaia heldu da. Goazen ikasle batasunaz hezkuntza sistema hauek eraitsi eta guztion mesedetan jardungo duen hezkuntza burujabe bat eraikitzera".