Euskal nazioa «aterpe demokratiko bat» izan dadila aldarrikatuko dute igandean EH Bilduk eta EH Baik

Aberri Egunerako deia egiteko agerraldia egin dute Miren Zabaletak eta Txomin Casteigtsek, eta bakearen aldeko mezua igorri dute: «Euskal Herria antimilitarista da, burujabetzaren aldekoa eta autoritarismoaren kontrakoa».

Txomin Casteigts eta Miren Zabaleta, gaur, Irunen egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
Txomin Casteigts eta Miren Zabaleta, gaur, Irunen egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 30a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agerraldia ez dute gozo hasi: «Arriskutsua da bizi dugun testuingurua, eta arriskuan dago gure herria», erran du Txomin Casteigts EH Baiko bozeramaileak. «Gerrak sufrimendua besterik ez du ekartzen, eta gu dagoeneko ari gara haren ondorioak jasaten». Heldu den igandean Aberri Eguna ospatuko dute EH Bilduk eta EH Baik, eta bi elkargune jarri dituzte horretarako: Iruñea eta Baiona. Bi toki izendatuagatik, bakarra da mezua: «Gerrarik ez. Euskal Herria antimilitarista da, burujabetzaren aldekoa eta autoritarismoaren kontrakoa. Feminista eta sozialista». Agerraldi bateratua egin dute gaur Irunen (Gipuzkoa), eta euskal herritarrak Aberri Egunean parte hartzera deitu dituzte. Zazpiak bat egin da aurtengo leloa.

Miren Zabaleta EH Bildu Nafarroako koordinatzaileak hartu du hitza jarraian, eta Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan estatus politikoak berritzeko «behar handia» dagoela erran du: «Bertako indarren artean akordioak egin behar dira, herri gisa jokatu behar dugu, eta gehiengo zabala osatu». Datozen eta etor daitezkeen erronkei so jarri da gero, eta berehala zehaztu du zein den EH Bilduren eta EH Bairen jarrera: «Besoak zabalik ditugu elkarrekin etorkizuna eraikitzeko». Etorkizun hori «burujabea eta independentista» izanen da.

«Herri bat gara, nazio bat, eta herri guztiek dituzten eskubideak dagozkigu guri ere. Igandean nazio bat garela aldarrikatuko dugu, eta libre izan nahi dugula»

MIREN ZABALETA Nafarroako EH Bilduko koordinatzailea

«Herri bat gara, nazio bat, eta herri guztiek dituzten eskubideak dagozkigu guri ere. Igandean nazio bat garela aldarrikatuko dugu, eta libre izan nahi dugula», erran du Zabaletak. Casteigtsek, gainera, esplikatu du «langileen eta herri sektorearen bizkar» ari dela krisiaren zama erortzen, eta hori ezin dela onartu. «Pertsonen ongizatea da lehenetsi behar dena, eta soilik horrela ulertzen dugu gure herriaren eraikuntza». Euskal nazioa langileentzat eta herriarentzat «aterpe demokratiko bat» izatea nahi dute, eta horixe eskatuko dute igandean.

Eskuineko oldarraldiari keinu bat egin dio Casteigtsek azkenik, eta larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko «premia bizia» dagoela kontatu du. «Euskaraz biziko den herria nahi dugu, datozen erronkei erantzuteko gai izango dena. Horretarako, baina, bitartekari politikoak behar ditugu, gure hizkuntza eta eskubideak bermatuko dituztenak».

Hitzeman du bi koalizioak herritarren defentsan eta herriaren autodeterminazioaren bila ariko direla lanean, eta «gatazkak argitzen» ahaleginduko direla. «Irtenbide bakarra dago: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA