EH Bilduk eta EAJk Euskal Herria nazio gisa aitortzeko galdegin dute gaur, abenduak 6, Espainiako Konstituzioaren Egunean. Bakoitzak bere erara eta bere ñabardurekin, bilkideek eta jeltzaleek nabarmendu dute «euskal herritarren erabakitzeko eskubidea» aintzat hartzeko garaia dela.
«Euskal herritarrok ez dugu ezer ospatzeko abenduaren 6an», esan du modu argian EH Bilduko Espainiako Kongresuko eledun Mertxe Aizpuruak. «Espainiako Konstituzioak ez gaitu ordezkatzen, eta nazio gisa dagozkigun eskubideak ukatzen dizkigu», jarraitu du, eta agindu koalizio independentistak Euskal Herriaren «burujabetza osoaren aldeko lanean» jarraitzeko konpromisoa duela.
Izan ere, Aizpuruaren arabera, hamarkada askoan euskal gizarteari hitza ukatzeko baliatu dute konstituzioa. «Ez du ordezkatzen euskal gizartearen gehiengoaren nahia». Gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan konstituzioak ez zuela lortu oniritzirik 1978. urteko bozketan, eta «inposatu» egin zutela, «frankismoaren inpunitatea oinarri hartuta»: «Gaur, beraz, ozen esaten diogu ezetz Espainiako Konstituzioari, eta baietz aske eta berdinen euskal errepublika antifaxista, euskaltzalea, feminista eta ekologista eraikitzeari».
EH Bilduk ziurtatu du konstituzioa babesten dutenek «1978. urteko erregimena betikotu» nahi dutela, «lotua eta ondo lotua utzi zuten erregimen hori». Frankismoaren haustura demokratikorik ez zen egon Espainiako Estatuan, Aizpuruak azaldu duenez, eta, horren erakusle gisa, gogora ekarri du Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak uko egin diola frankismoa gaitzesteari, eta Javier de Andres EAEko PPko presidenteak «banalizatu» egin duela Gernikako bonbardaketa.
«Onartezina da akordioak egitea euskararen etsaiekin, frankismoaren oinordekoekin eta Euskal Herriko lehen indar politikoa legez kanpo utzi nahi dutenekin. PPren eta Voxen artean ez dago alderik»
MERTXE AIZPURUA Kongresuko EH Bilduko eleduna
Horregatik, Aizpuruak uste du «ulertezina eta onartezina» dela indar politiko batzuk gai izatea akordioak egiteko «Espainiako eskuinarekin». EAJrentzako akusazioa izan da hori, siglarik aipatu ez badu ere. EH Bilduk uste du badirela «epel» jokatzen dutenak «adierazpen xenofobo eta erreakzionarioak entzutean». Erantsi du alderdi horiek «eskuinaren irakurketa ontzat» ematen dutela, eta saiatzen direla helarazten «PP ona» dela «eta Vox txarra». Berriro siglarik aipatu gabe asteon Madrilen «eskuinekin batera» delitu errepikatzaileen zigorrak aldatu dituztenei erreparatu die. «Ez, PP eta Vox bloke erreakzionario bereko kideak dira, eta gure herriarentzat mehatxu bat dira, euskara jazartzen dutelako, esaterako».
Eta, hori esanda, EAJren aurkako akusazio argi bat egin du Aizpuruak, EAJ aipatu gabe: «Onartezina da akordioak egitea euskararen etsaiekin, frankismoaren oinordekoekin eta Euskal Herriko lehen indar politikoa legez kanpo utzi nahi dutenekin. PPren eta Voxen artean ez dago alderik, eta egunotan PP zuritzen saiatu dira».

EAJ eta Estatutua
Espainiako Kongresuko EAJko eledun Maribel Vaquero konstituzioaren «erronka nagusiaz» aritu da. Jeltzaleen bozeramaileak ziurtatu du «estatu barruko nazioak aitortzea» dela erronka nagusi hori, «eta herritarren erabakitzeko eskubide libre eta demokratikoa aitortzea ere bai», estatus hori gabe baitaude oraindik ere. «Bost hamarkada igaro dira, eta, plurinazionalitatea defendatzen dutela esaten duten alderdientzat ere, gai horrek tabu izaten jarraitzen du», erantsi du Vaquerok.
EAJk bere aldarrikapenean gogoratu du 1978. urtean ez zuela babestu gaur egun indarrean den konstituzioa. Gero iritsi zen Gernikako Estatutuaren erreferenduma, eta horretan haren alde aritu zen EAJ. Vaquerok esan du ez dutela jakin Espainiako Konstituzioa «garai berrietara moldatzen». Galdegin du 155. artikulua «ezabatzea», indar armatuen zereginen barruan «ez jasotzea ordenamendu juridikoa bermatzea», eta lurraldearen osotasunaren eta erregearen bortxaezintasunaren artikuluak baliogabetzea.
«Bost hamarkada igaro dira, eta, plurinazionalitatea defendatzen dutela esaten duten alderdientzat ere, gai horrek tabu izaten jarraitzen du»
MARIBEL VAQUERO EAJko Kongresuko eleduna
Donostian, Gipuzko Buru Batzarreko egoitzan egin ditu adierazpenak EAJk Madrilen duen eledunak. Espainiako alderdiei egotzi die «konstituzioari interpretazio berriak ematea, Euskadiko autogobernuaren eta erakundeen kaltetan». Vaqueroren ustez, plurinazionalitatea defendatzen dutenek ere Euskal Herriaren «eskuduntzak etengabe zanpatzen dituzten legeak» eramaten dituzte Kongresura. «Aldebikotasuna eskatzen dugu guk, eta estatuak uniformetasuna eskaintzen du», esan du, biribiltzeko.
Horregatik, helarazi du «garrantzitsua» dela EAJk Espainiako Kongresuan egiten duen lana: «Zaindu egiten dugu dagozkigun eskuduntzak ez mugatzea, gure zerbitzu publikoak hobeto kudeatzeko». Bukatzeko, gogoratu du Gernikako Estatutua bete gabe dagoela, eta adierazi Pedro Sanchezen gobernuak «aukera ona» duela lege organiko hori betetzeko eta, aldi berean, inbestidura akordioa betetzeko: «Garaiz gaude. Sanchez presidenteak bultzada eman behar dio».