EAJ

"Euskal nazioarentzako" autogobernu handiagoa eskatu du Urkulluk Alderdi Egunean

Espainiako politikaren inguruko haserrea "boto abertzale" bilakatzeko deia egin du Ortuzarrek. Gilles Simeoni Korsikako presidentea izan da Forondan egin duten ekitaldian.

Iñigo Urkullu Alderdi Egunera joandako militanteak agurtzen. DAVID AGUILAR, EFE
2019ko irailaren 30a
15:11
Entzun

Jendez bete dira Forondako (Araba) zelaiak EAJren Alderdi Egunean. Han izan dira alderdiko kide eta militanteak, eta baita jeltzaleek gonbidatutako diasporako hainbat ordezkari ere, tartean Gilles Simeoni Korsikako presidentea.

Jetzaleek eguerdian egin dute eguneko ekitaldi nagusia, eta  Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza. Buruzagi jeltzaleak salatu du lau hamarkada geroago Gernikako Estatutua bete gabe dagoela oraindik: "Aurrera egiten jarraitu behar dugu autogobernu handiagoa lortu eta Europan euskal nazioak pisu handiagoa izan dezan". 

Azaroan egitekoak dituzten Espainiako hauteskundeez ere mintzatu da Urkullu, eta gobernabiderik ezari eta ezegonkortasunari egotzi die bozak berriz egin beharra. Horiei aurre egiteko modua konpromisoa, instituzioetako lana eta "politika erabilgarria" direla azpimarratu du buruzagi jeltzaleak. 

Andoni Ortuzar EAJko buruak ere hauteskundeak hartu ditu ahotan, eta herritarrei eskatu die ez dezatela etsi; gogoratu du Franco diktadoreak esan ohi zuela bera ez zela politikan sartzen. "Kontuz politikarik ez dagoenean, haren tokia diktadurek eta populismoek hartzen baitute. Ni ere haserre eta nekatuta nago Madrilen gertatzen ari denarekin, baina haserre hori boto abertzale bilakatu behar dugu". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.