Ikertzailea

Josune Azurmendi Telleria: «Euskal pizkunde berri bat egongo bada, aisiari garrantzia eman behar zaio»

Oinherri eta Udaleku elkarteak herrien izaera hezitzailea indartzeko ekinbideak sustatzen ari dira zenbait udalerritan; prozesu bizi horretan ikertzaile ari da Azurmendi, aisialdi eredu bat ardazteko definizioaren bila.

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2026ko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hezkuntza eskolaz harago komunitatean eraikitzen den zerbait bada, ezinbestekoa izango da aisia ere definitzea: Euskal Herrian sustatu nahi dugun aisia hori zer den esatea». Eusko Ikaskuntzak ikerkuntza sustatzeko abian duen programaren barruan hautatutako ikerlanetako baten helburua horixe da, hain justu ere: «Aisia euskaldun, hezitzaile eta inklusiboa definitzea». Josune Azurmendi Telleria ari da langintza horretan (Zegama, Gipuzkoa, 1994). Euskal Kulturan Eragiletza masterra egiten ari da Mondragon Unibertsitatean, eta martxan duena izango da ikastaroa amaitzeko lana. Komunitate zabal batean ondo trinkotuta egingo du. Izan ere, Oinherri elkarteak, Udaleku elkartearekin batera, herrien izaera hezitzailea sustatzeko egitasmo bat abian du zenbait udaletan: Lesakan (Nafarroa), Agurainen (Araba), Lekeition, Markiñan (Bizkaia), Hernanin, Oiartzualdean (Gipuzkoa) eta Ziburun (Lapurdi). Horietan guztietan datozen hilabeteotan egingo duten lan martxari atxikita —«paraleloki» — egingo du bere azterlana Azurmendik. Gogora ekarri du aisiaren garrantzia, «eskubide bat» delako: «garapen pertsonal eta komunitarioan» hazteko bidea ematen duten eremuetako bat. Aldiz, aisialdi horren ezaugarriak ondo definitzen ez badira, hori ere «produktuaren edo kontsumoaren» mende guztiz geratzeko arriskua dago. 

Hezkuntza formalak, era batera edo bestera, egin du bere bidea euskalduntzearen bidean. Aisialdiaren eremuan ia dena dago egiteko, ezta?

Nik uste dut pixka bat norabidea galduta gabiltzala. Euskal pizkunde berri bat egongo bada, hezkuntzari, eta bere horretan aisiari garrantzia eman behar zaio, eta jakin behar dugu zer balio transmititu nahi ditugun, zer euskalduntasun eredu... Euskal Herriko testuinguruan definizio hori eraikitzea, aisia euskaldun, hezitzaile eta inklusiboa definitzea, etorkizuneko hazi bat ereitea da. Gero, aisia mota hori Euskal Herriko hainbat herritan sustatzen bada, hazi hori zaintzen ariko gara, euskararen eta euskal kulturaren biziberritze hori loratzeko bidea egiten. 

Oinherri lanean hasia da hainbat udalerritan. Hortik jaso ahal izango den informazioak berebiziko garrantzia izango du ikerketa osatzeko?

Bai, urtarrilaren 31n Hernanin egin genuen lehenengo topaketa; proiektuan sartuta dauden udal guztietako eta aisia elkarteetako kideak etorri ziren, eta Oinherrik bere esparru teorikoa aurkeztu zuen. Egitasmorako prestatu dugun adierazle sistema ere erakutsi eta aurkeztu zitzaien herritarrei. Orain, hilabetez hilabete, lanketa bat egingo dute udal horietan, adierazle sistema hori hartu eta aisia euskaldun, inklusibo eta hezitzailea ea beren herrian baden edo ez den ikusteko. Gero, ekintza planak egingo dituzte, ikusteko nola hobetu dezaketen hori guztia. Ekainean Ziburun elkartuko gara, horri guztiari bukaera bat emateko, eta herrietan ikusitakoak partekatzeko. Prozesu honetan, era berean, saretze bat izango da, Euskal Herriko zazpi lurraldeen arteko saretze bat. Hori bera ja oso garrantzitsua da. Zeren eta bakoitza bere bidetik badoa, ez dago bateratasunik, eta, benetan eraiki nahi badugu aisia mota hau, eta benetan euskarari eta euskal kulturari bere indarra eman nahi badiogu, eta euskal nortasun hori eraikitzeko bidean bagaude, ezinbestekoa izango da saretze hori. 

«Prozesu honetan, era berean, saretze bat izango da, Euskal Herriko zazpi lurraldeen arteko saretze bat. Hori bera ja oso garrantzitsua da»

Ziburun egingo den nazio biltzarra aipatu duzu. Noiz izango da?

Ekainaren 6an. Hor prozesuan zehar jasotakoen berri eman ahal izango diogu elkarri: ateratako ondorioak, herri bakoitzak izan dituen zailtasunak...

Aldeak alde, zoru komun bat izatea da helburua?

Hori da. Gero, euskararen erabilera adibidez, herri batzuetan aktiboagoa izango da, naturala, eta beste batzuetan borrokan ibili beharko da. Herri horietan dauden gainerako elkarteekin harremanetan sortzen diren ekinbideak ere, adibidez, herri bakoitzetik bestera aldatu egingo dira.

Hezkuntza sisteman, erreparatu zaio segregazioaren auziari. Hemen ere erronketako bat horixe izango da, ezta? Herriko eta ume eta nerabe guztiei ateak irekiko dizkien eremu bat izatea aisialdia.

Inklusioari dagokionez, hori izango da aldagai garrantzitsu bat: egoera zaurgarrienetan dauden pertsonak, izan beste kultura batekoak direlako, beste hizkuntza bat hitz egiten dutelako, edota beste hainbat ezaugarri dituztelako, guztiak barne hartu behar ditu aisia espazioak, eta doakoa izan behar du.

«Udaletatik sustatuko den aisiak ez ditu pantailak oinarrizko elementu gisara hartu nahi, baina jakin behar dugu haur eta gazteek zer errealitate duten pantailekin»

Zimendu hauek jartzeko orduan bereziki erreparatu behar zaio pantailen munduari, ezta? Hantxe egiten da gaur egun aisialdiaren parte handi bat...

Noski, gaur egungo testuingurua hori da: hortik eraiki behar da definizio hau. Hori adierazleetan-edo islatu beharko da. Baina eraiki nahi dena da pantailetatik harago dagoen herriko aisia. Naturarekin harremanetan egongo diren jarduerak, talde kohesioa sustatuko dutenak: halakoak. Udaletatik sustatuko den aisiak ez ditu pantailak oinarrizko elementu gisara hartu nahi, baina jakin behar dugu haurrek eta gazteek zein errealitate duten pantailekin, eta erronka da sortzen dugun aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusibo hori izatea alternatiba erakargarri eta motibagarri bat pantailak une jakin batean alboan uzteko. Zeren eta pantailetatik jasotzen ditugun mezuek gure euskal komunitatean ez digute onik egiten: eraiki nahi dugun horretan ez digute laguntzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA