Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko lehen artikulua oroituz, Bakegileek datorren urtarrilaren 11n Baionan (Lauga, 15:00) Ez dezagun historia errepika! Orain presoak! lelopean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Parisi eskaera: euskal presoei legedi arrunta ezartzea. «Gizaki guztiak libre jaiotzen dira, eta berdinak dira eskubideetan eta duintasunean, eta, arrazoia eta kontzientzia duten heinean, anaitasunez jokatu behar dute elkarren artean», dio aipatutako artikuluak.
Rene Cassin legelariaren etxe aitzinean egin dute prentsa agerraldia, Baionan, eta Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoinek urtarrileko manifestazioan parte hartuko duten herritar batzuk aurkeztu dituzte: laborari bat, ikuskatzaile bat, alokatzaileen batzordeko kide bat, irakasle bat, mediku bat... Lehen aldiz izanen dira Bakegileen martxa batean, eta arrazoiak azaldu dituzte. Euskal presoei «salbuespeneko» legedia ez aplikatzeko galdegin dute, eta arrunta ezartzeko, ondorioz.
«Ez dugu historia errepikatu behar; lagundu egin behar da», adierazi zuen Macronek Miarritzen. Joan den larunbatean Euskal Elkargoak Baionan egindako osoko bilkuran, Jean Rene Etxegarai elkargoko lehendakariak mozio bat aurkeztu zuen, Macroni aipatutako eskaera egiteko. Hautetsiek aho batez onartu zuten mozioa. Era berean, urtarrileko manifestazioan parte hartzera dei egin zuen Etxegarairen mozioak.
Frantziak iazko otsailetik 29 euskal preso gerturatu ditu Euskal Herrira —Mont-de-Marsan eta Lannemezango (Okzitania) espetxeetara—. Hala ere, baldintzapeko eskaerak ukatzen ari da —berriki, Frederic Haranbururena eta Lorentxa Beirierena—, eta Espainiaratzeak ere onartu ditu —joan den astean, Iñaki Retarena, eta gaur, David Plarena—.