Euskal presoen aurkako salbuespen politikak amaitzera deitu dute sindikatuek

Sare Herritarrak urtarrilaren 10ean Bilbon egingo duen manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dute ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, CGTk, CNTk, Hiruk, EHNEk eta Etxaldek. 'Ezin da gehiago luzatu' lelopean egingo dute.

Sare Herritarraren manifestazioari babesa adierazi diote sindikatuek. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sare Herritarraren manifestazioari babesa adierazi diote sindikatuek. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko abenduaren 16a
14:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare Herritarrak urtarrilaren 10ean Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo duen manifestazio nazionalean parte hartzeko eskatu die langileei euskal gehiengo sindikalak, gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako elkarretaratzeetan. «Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarria» babestu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek, eta bide horretan euskal presoen aurkako «salbuespen neurriak eta politikak amaitzera» deitu dute.

Dozenaka langilek parte hartu dute gaurko protestetan, Salbuespen neurriak STOP lelopean, eta, beste behin, urtarrileko mobilizazioari sostengua adierazi diote. Hastear den urteak ekarriko dituen urtemugak izan dituzte gogoan sindikatuek. Izan ere, hamabost urte beteko dira ETAk jardun armatua utzi zuenetik, eta bederatzi urte, berriz, armagabetu eta desegin zenetik. «Atzera begirako ariketa zintzoa egitea dagokie euskal gizarteari, instituzioei, arduradun politikoei, alderdiei, eta, noski, baita sindikatuoi ere», adierazi dute.

«Anomalia demokratiko bat da oraindik presoek etxeratze bidean hainbat trabari aurre egin behar izatea eta biktima guztiei aitortza bera ez egitea»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra

Urte horietan guztietan konponbiderako bidean «zenbait aurrerapen» izan direla onartu dute, hala nola indarkeria mota diferenteen biktimen aitortzan eta presoen etxeratze prozesuan. «Baina behin betiko konponbidea gehiegi luzatzen ari da. Munduko beste zenbait gatazkatan ez bezala, indarrean jarraitzen du sufrimenduak, eta indarrean jarraitzen du salbuespenak».

Ildo horretan, Bilboko bilkuran egindako adierazpenetan, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak «guztiz anakronikotzat» jo du presoen, iheslarien eta deportatuen egoera: «Anomalia demokratiko bat da gaur-gaurkoz oraindik presoek etxeratze bidean hainbat oztopo eta trabari aurre egin behar izatea eta oraindik biktima guztiei aitortza bera ez egitea, erreparazioa gauzatuta ez egotea». Hori dela eta, nabarmendu du «gatazkaren ondorioak konpontzeko garaia» dela, eta horretarako ezinbestekoa dela «presio soziala» egiten jarraitzea: «Oraingoan indar berezi bat egitea dagokigu; langileei dei egiten diegu urtarrilaren 10ean Bilboko kaleak betetzeko».

«Salbuespenezko neurriak eta politikak bertan behera geratu behar dira, benetan elkarbizitzarantz, konponbiderantz eta bakerantz urratsak egin nahi baditugu»

LEIRE ESTEVEZ ELAren ordezkaria

Antzera mintzatu da Leire Estevez ELAren ordezkaria. Indarkeria guztiek eragindako mina eta biktima guztiek behar duten erreparazioa aipatu ditu, eta gogora ekarri du euskal presoei hirugarren gradua ukatzen zaiela tarteka: «Egungo egoeran, horrelakoak errepresio neurri gisa baino ezin dira ulertu. Horregatik, salbuespenezko neurriak eta politikak bertan behera geratu behar dira, benetan elkarbizitzarantz, konponbiderantz eta bakerantz urratsak egin nahi baditugu».

Sare Herritarrak urtarrileko manifestaziorako aukeratu duen leloa ere ahotan hartu du Estevezek: «Sarek ondo dioen bezala, Ezin da gehiago luzatu. Euskal jendartea aspaldi ari da hori aldarrikatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.