Bilboko Konpartsek Aste Nagusian egindako aldarrikapenek ez dute etenik. Egunotan, argi uzten ari dira jaia eta erreibindikazioa uztar ditzaketela. Gaur, manifestazioa egin dute Sare Herritarrarekin batera, eta preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko exijitu. Herritar ugari batu dira protestara, eta presoen auziari behin betiko konponbidea emateko eskatu dute.
«Bada garaia bilbotarrok, bizkaitarrok eta, orokorrean, euskal herritarrok sufrimendua gainditu eta elkarbizitzarako zubiak eraikitzeko», nabarmendu du Bego Atxa Sare Herritarreko bozeramaileak, manifestazioaren aurretik egindako adierazpenetan. Hori lortzeko, ezinbestekotzat jo du euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia eta politika amaitzea, «betiere indarkeria guztietako biktimak presente» edukita.
AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak manifestazioa debekatzeko eskatu du, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du eskaera. Atxak argi utzi du Etxera leloa zilegizkoa dela, eta haien helburua dela presoen giza eskubideen aldeko lana egitea eta etxeratzeko eskatzea: «Horretara mugatzen gara; gainontzeko eztabaidak gure helburutik harago doazen eta guri ez dagokizkigun eztabaidak dira».
Giroa manifestazioan
Plaza Eliptikoan elkartu dira konpartsakideak, baita manifestazioarekin bat egin duten beste hainbat herritar ere. Sama Siku Santutxu auzoko fanfarreak lehenengo notak jo dituenean, Etxera lelodun olana zabaldu dute Kale Nagusiaren hasieran. Konpartsetako kideak arduratu dira olana udaletxeko zubiraino eramateaz. Haien atzean kokatu da Sama Siku, eta gainerako herritarrak gero. «Euskal presoak etxera!» oihukatuz egin dute bidea. Trikitilariak eta pandero joleak ere izan dira bertan, manifestazioaren atzeko partea girotuz.
Udaletxeko zubiaren erdialdean egin dute amaierako ekitaldia. Ander Anakabe igo da lehena oholtzara, eta bertsoa bota du: «Aste Nagusian izen / eta argazkietan daude, / gurekin behar ditugu, / eta salbuespenik gabe». Atxak hartu du hitza gero, eta adierazi du bilbotarrek eta bizkaitarrek argi utzi dutela, urtero bezala, badakitela «jaiari aldarrikapena txertatu eta gozamena eta erreibindikazioak» uztartzen: «Aurten ere bide berean ari gara lanean; musikaz, dantzez eta jaiez gozatzen daramatzagun egun hauei euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratu beharra gehitu diegu mobilizazio honekin».
«Bada garaia bilbotarrok, bizkaitarrok eta, orokorrean, euskal herritarrok sufrimendua gainditu eta elkarbizitzarako zubiak eraikitzeko»
BEGO ATXA Sare Herritarreko bozeramailea
Atxak gogoratu du pregoilariarekin eta txupinerarekin saltoka eta oihuka eman ziotela hasiera Aste Nagusiari. Ordutik, Gargantuan aritu dira, txosnetan jan-edanean, kontzertuetan dantza egin dute, eta Bilboko hamaika txokotan ongietorria egin diote Marijaiari. Hala ere, ezin dute ahaztu, esan duenez, datorren urtean hamabost urte beteko direla ETAk jarduera eten zuenetik, eta «oraindik ere hainbat sufrimendu eta ondorio hortxe» daudela.
«Ondorioez ari garenean, horrenbeste urtetan horrenbeste sufrimendu eragindako gatazkak utzi dizkigun ondorioez ari gara», zehaztu du Sareko bozeramaileak. Urratsak egiten jarraitu beharra azpimarratu du, biktimek eskubidea baitute egia jakiteko, instituzioen partetik aitortuak izateko eta erreparazioa izateko. Atxaren hitzetan, sufrimendu eta ondorio guztiak amaitu beharra dago «elkarbizitzara jauzi egiteko». «Horrek euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea esan nahi du». Konponbide hori «salbuespen lege eta politikak deuseztatzean» etorriko da. «Bilbotarrok eta bizkaitarrok argi dugu: konponbidea, bakea eta elkarbizitza».
Zubira iritsi ahala, paperak banatu dizkiete manifestariei; paperetan, Behin betiko etxera! abestiaren hitzak. Hala, guztiek batera kantatuz eman diote amaiera protestari: «Zatoz etxera eta kalera, zatoz kalera eta etxera, martxan jar bedi lege berria: aske eta Euskal Herrian».