Eusko Jaurlaritza eskuratu zutenetik, Euskal Y-an geldirik dauden obrak martxan jartzeko eskatzen ari dira EAJko ordezkariak. Ana Oregi Ingurumen sailburuak Radio Euskadin berriz esan zuen atzo: Espainiako Sustapen Ministerioak diskurtsoetan tren lasterra defenditzen duela, baina, praktikan, ez duela obra berririk martxan jartzen. Izan ere, Espainiako Sustapen Ministerioak, AHT abiadura handiko trenaren lanak hasi eta zortzi urte geroago, oraindik ez ditu abiatu AHTaren zazpi zatitako lanak; tartean, kritikoa den eta Euskal Y-a lotuko duten sei zatietako obrak, Arrasate, Bergara (Gipuzkoa) eta Elorrio (Bizkaia) artekoak.
AHTaren Arabako eta Bizkaiko obrez arduratzen da Sustapen Ministerioa. 2006an hasi zen obrak enpresei emateko lehiaketak egiten. Laster, 2008rako, hamabi zatitan lanak hasiak zituzten. Baina 2009an zati bakarrean hasi zituen lanak Madrilek; eta 2011n, beste zati bakar batean. Oraindik martxan jarri gabe daude Atxondo eta Abadiño arteko lanak, Bizkaian, eta Euskal Y-aren lotura nagusiko lanak.
Arrasate, Bergara eta Elorrio arteko korapiloa kritikoa da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tren lasterren joan-etorrien lotura han egitekoa delako. 2010eko urtarrilean, Sustapen Ministerioak lehiaketan eskaini zituen obra horiek. Lehiaketak ez zuen emaitzarik utzi, eta lanek hasi gabe jarraitu zuten. Garai hartan hiru zatitan partitua zuten korapiloa. Lanak erraztuko zituelakoan, bost zatitan partitu zuten gerora, eta sei zati dira gaur egun. 2011n, PSOErekin gobernuan, obra horiek hasiko zirela iragarri zuen Madrilek. Ez ziren hasi.
PPko gobernuak, berriro, agindu zuen falta ziren zati guztietan hasiko zirela lanak 2012an. Ez ziren hasi. Aurtengo apirilean, agindu eta bi urtera, atera zuten lehiaketara sei zatietako bat, Arrasate eta Bergara arteko ataletako bat —2,9 kilometroko luzera du, Udalatxeko tunelaren zati bat eta zubibide bat hartzen ditu, eta 133,3 milioi eurotan eskaini zuten—. Lehiaketa aurkeztu bai, baina Sustapen Ministerioak ez dio obra inori eman oraingoz. Korapiloaren sei zatiek, guztira, 600 milioi euroko kostua izango dute.
Azkeneko hilabeteetan sarri errepikatutako salaketa berretsi zuen atzo, beraz, Ana Oregi sailburuak, lanean hasi gabe jarraitzen dutela AHTaren zati horietan. Euskal Y-aren loturak duen garrantzia nabarmendu zuen: «600 milioi horiek trabatzen ari dira Madril eta Paris arteko zirkulazioa. Europarentzat lehentasunezkoa da Atlantikoko korridorea, eta guztiz ulertezina da hau bezalako korapilo txiki batek korridore hori trabatzea».
Madrilen geldialdia
Sustapen Ministerioak beti onartzen bide dio Jaurlaritzari obra horren garrantzia. «Arrazoia ematen digute, teorian», Oregiren arabera: «Baina gero ikusten dugu ardatz horri ez diotela lehentasunik ematen». Hainbeste urteren ondoren Euskal Y-aren lotura horretan lanak geldirik dauden bitartean, ministerioak Espainian AHTaren obrak abiatzen jarraitzen duela adierazi du Oregik. Eta erantsi du Euskal Y-aren lotura hori inbutu bat izango dela obrak hasi ezean. Horregatik, kezka agertu du.
Bestalde, sailburuak azaldu du Zumarragako tunela (Gipuzkoa) konpontzeko inbertsioa handitu egingo dela; «ia segurua da». Maiatzean jausi egin zen tunel horren zati bat. Azterketa teknikoak egiten ari direla eta, ezbeharrak, ezinbestean, aurrekontua handitzea eragingo duela esan du. Tunela jausita, lanak geldirik daude zati horretan, konpondu artean. Oregi: «Obretan gertatzen diren gauzak dira».
'Euskal Y'-ko obrek geldirik segitzen dute zazpi zatitan, zortzi urte geroago
Madril AHTaren lotura nagusiko lanak atzeratzen ari dela eta, kezka agertu du Eusko Jaurlaritzak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu