Euskaldunen kontrako irainak, mehatxuak eta jazarpen fisikoa salatu dituzte Orkoienen

Iragan larunbatean gertatu zen erasoa, eta inauteriko ospakizunak bertan behera utzi behar izan zituzten jazarpenaren ondorioz. Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak esan du gertatutakoa «oso larria» dela.

Euskararen aldeko manifestazio bat Orkoienen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskararen aldeko manifestazio bat Orkoienen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko otsailaren 25a
08:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen eta euskaldunen aurkako eraso batek inauteriko ospakizunak eten zituen Orkoienen (Nafarroa), iragan larunbatean. Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak ohar bidez salatu duenez, euskararen aurkako «oihuak eta irainak» bota zituzten bizilagun batzuek, eta handik gutxira, giroa gaiztotzen ari zela ikusita, ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek: «Ekitaldi guztiak ele bitan izan ziren, baina, egunak aurrera egin ahala, tamalez, bizilagun batzuk euskararen aurkako oihuak eta irainak botatzen hasi ziren. Giroa ez zapuztearren, jendeak ez zien jaramonik egin, baina elektrotxaranga jotzeko prestatzen hasi zenean oihuak eta irainak mehatxu eta jazarpen fisiko bihurtu ziren, eta antolatzaileek ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten», azaldu du taldeak.

Orkoiengo Euskaltzaleek elkartasuna adierazi diete herri inauterien antolatzaileei, elektrotxarangako kideei eta, oro har, «jazarpena bizi izan zuten guztiei», eta horrez gain, gogoeta egin dute, erasoaren inguruabarren harira.

Taldeko kideen ustez, inauterietan gertatutakoa «oso larria» da: «Euskarari eta, bereziki, gure herriko bizikidetzari egindako eraso zuzena». Gisa horretako erasoak egiten dituztenei egotzi diete «liskarra baino ez» nahi izatea, eta hortaz, uste dute inauterien antolatzaileek «bikain» jokatu zutela, egitaraua bertan behera utzita eta «probokazioetan erori gabe». Hala ere, uste dute erasoak ezin direla utzi erantzunik gabe: «Aitzitik, jendaurrean salatu eta haien berri zabaldu behar da. Erantzun irmoa ematen ez badiegu, zer gertatuko da euskarak presentzia duen hurrengo ekitaldietan? Beldurrez egongo gara jarduerak ele bitan egiten ditugunean? Jendeak parte hartzeari utziko dio erasoen beldur delako? Geure burua zentsuratu beharko dugu arazorik ez izateko?».

Larunbateko gertakariak «azkenaldiko oldarraldi euskarafoboarekin» lotu ditu Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak, baina argi utzita euskara «aitzakia» baino ez zela izan, «beste askotan generoa, jatorria, sexualitatea edo azalaren kolorea diren bezala». Funtsean, larunbateko erasoa «bizikidetzaren, aniztasunaren eta askatasunaren aurkakoa» izan zela uste dute taldeko kideek: «Amorru eta tristura ikaragarria sentiarazten digu XXI. mendean oraindik ere intolerantzia hau bizi behar izateak».

Horregatik guztiagatik, euskara «eta oro har hizkuntzak, kulturak eta aniztasuna» zaintzeko deia egin dute Orkoiengo Euskaltzaleek, «elkar ulertzeko bideak baitira, gizarte bidezkoago eta hobe bat eraikitzeko bideak».

Orkoiengo Udalaren erantzuna

Orkoiengo Udalak ere ohar bat argitaratu du larunbatean jazotakoaren harira. Alejandro Lopez Orejuela alkateak (PSN) sinatutako adierazpenean, ez zaio aipamen zuzenik egiten gertatutakoari; aitzitik, «inauterietan izandako gertakari batzuk» aipatzen ditu, eta gertatutakoa justifikatu, esanez «zenbait diskurtsok herrian eragindako tentsio giroaren» ondorio dela: «Udal gobernu honek herria modernizatzeko xedez sustatu dituen politikak aurkeztu nahi izan dituzte bazterketaren motibo gisa. Dinamika hauek, minoritarioak izanagatik ere, beharrik gabe gaiztotu dute giroa». Lopez Orejuelak iragarri du, bestalde, bizikidetza plan bat jarriko dutela abian, «tentsioak baretzeko, elkarrizketa sustatzeko, eta bermatzeko inor ez dela baztertua edo seinalatua sentituko bere ideiengatik edo identitateagatik».

Aitor Zandueta. Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kidea

«Espainiako banderarekin zirikatzen aritu ziren, eta, gero, elektrotxarangako gazteak jipoitzen saiatu»

(ID_17720096206975) Aitor Zandueta
Aitor Zandueta.

Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kidea da Aitor Zandueta. Uste du larunbateko erasoa «oldarraldi erreakzionario eta faxista» baten parte dela, eta kezka agertu du halakoak ez ote diren gehiagotan gertatuko.

Halako eraso bat pairatu duzuen lehen aldia izan da hau?

Bai. Herriko bizilagun talde batek herri inauteriak antolatzen ditu urtero, eta orain arte ez dugu arazorik izan. Azken urteetan, ahalegina egin dugu egitarauko ekitaldi guztiak ele biz antolatzeko, euskaraz eta gaztelaniaz. Eta aurten ere halaxe izan zen. Larunbat goizean, primeran joan zen dena: kalejira, mozorroak, txistor jatea... Arazoa gero heldu zen. Bazkalostean, DJaren emanaldian, bizilagun gazte bat ingurukoak zirikatzen hasi zen. Espainiako futbol selekzioaren kapela zeraman, eta DJa behartu nahi zuen hura janztera. Astun xamar jarri zen, baina jendeak paso egin zuen, eta, hortaz, gazteak alde egin zuen. Handik gutxira itzuli zen, Espainiako bandera bat zeramala. Inguruan ziren beste batzuk batu zitzaizkion, eta hor hasi ziren denak, Espainiako bandera astintzen. Eta euskarazko mezuren bat aditzen zuten aldiro, «que no se entiende!» oihukatzen zuten [ez da ulertzen]. Han ziren bizilagunak saiatu ziren jokabide horiei ezi kusiarena egiten, baina giroa berotuz joan zen pixkanaka.

Eta elektrotxarangaren emanaldian, eztanda egin zuen egoerak...

Hori da. Berriozarko Elektrotxarangakoak etorriak ziren kalean jotzera eta, dirudienez, Nafarroako bandera bat zeramaten, koroarik gabekoa. Horrek are gehiago sumindu zituen Espainiako banderarekin zebiltzanak, eta musikarien kontra oldartu ziren: inguratu zituzten, parean jartzeraino, eta haiek jipoitzeko ahalegina egin. Giroa izugarri mikaztu zen; elektrotxarangako kideetako batzuk, gainera, adingabeak ziren, eta gurasoak inguruan zebiltzan. Baten bati lepotik ere heldu omen zioten. Han ziren gurasoetako batzuek Foruzaingoari deitu zioten, eta foruzainak etortzearekin batera bukatu zen liskarra. Antolatzaileek bertan behera utzi zituzten arratsaldeko ekitaldi guztiak: kalejira, txokolate jatea eta zezensuzkoa.

Gertatutakoa larria dela salatu duzue.

Larria da, gertatu zenagatik, baina baita euskararen aurkako eraso zuzena izateagatik ere, eta etorkizunean izan ditzakeen ondorioengatik: zer gertatuko da datozen urteetako ospakizunetan? Jendeak euskarazko jardueretan parte hartzeari utziko dio beldurragatik? Aurrekari oso arriskutsua da.

Gertatutakoa salatuko duzue udalean?

Gaur dute osoko bilkura, eta ikusiko dugu talde politikoek zer edo zer esaten duten. Alkateak adierazpen bat argitaratu zuen, baina oso-oso epela eta zehaztugabea. Funtsean, justifikatu egin zuen gertatutakoa, eta «krispazio egoera orokor baten ondorio» zela azpimarratu. Ohar horretan ez zuen aipatzen nork egin zuen erasoa eta zergatik, eta, hain zuzen, udalaren politikaren aurka daudenak jo zituen erantzuletzat. Guretzat, erasoak justifikatzea eta normalizatzea da hori, eta gertakari larri bat norbere onurarako erabiltzen saiatzea. Oso kezkagarria da.

Euskararen aurkako eraso bat izan dela diozue, baina oldarraldi handiago baten parte dela.

Bai. Bizi dugun giro faxista eta oldarkor honen barruan gertatutako eraso bat izan da. Oraingoan euskaldunok pairatu dugu, baina beste batzuetan beste kolektibo batzuek sufritzen dituzte halakoak. Funtsean, intolerantzia adibide bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.