Euskara. Ipar Euskal Herriko VII. Inkesta Soziolinguistikoa

Euskaldunen proportzioa apaldu eta apaldu ari da Ipar Euskal Herrian

Egoera kezkagarria dela aitortu du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak, eta erran du hizkuntza politika «indartsuago» bat beharko litzatekeela. Uste du datu batzuek esperantza eman dezaketela

Euskaldunen proportzioa apaldu eta apaldu ari da Ipar Euskal Herrian.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko euskaldunen proportzioa gero eta apalagoa da gaur egun ere. EEP Euskararen Erakunde Publikoak zabaldutako VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 51.500 euskaldun lirateke; hau da, herritarren %20,1. 2016ko joerari jarraikiz, kopuruan doi bat emendatu da, baina, biztanleriaren gorakadaren ondorioz, proportzionalki gero eta gutxiago dira oraindik ere. Azken hamar urteetan, 1,3 puntuz apaldu da euskaldunen proportzioa. Datu horien arabera, euskaldun hartzaileak, euskara ulertu bai baina mintzatzeko gai ez direnak, %9,4 dira, eta erdaldunak, %70,5. 2021eko azaro eta abendu artean egin zuten inkesta, 16 urte baino gehiagoko 2.000 pertsonako lagina hartuta.

EEPk zabaldutako datuen arabera, euskaldunen proportzioak behera egin du 1996tik 2021era, %26,4tik %20,1eraino. EEP sortu ondotik, 2006tik hona beherakada apaldu dela ikus daiteke, baina behera egiten segitzen du. Egoera «kezkagarria» dela aitortu du Antton Kurutxarri lehendakariak. «Hamar herritarretik zortzik ez dakite euskaraz; gero eta jende gehiago bada euskaratik urrun dena. Jende anitz heldu da Ipar Euskal Herrira: hiztun kopurua atxikitzen da irakaskuntzaren bidez berriak sortzen direlako. Hizkuntza politika indartsuago batekin emendatzen ahal litzateke».

Adin tarteei behatuz gero, gazteenen artean doi bat igo dela ikus daiteke azken inkestarekin alderatuta. 16-24 urtekoen artean, kasik bikoiztu egin da euskaldunen ehunekoa hogei urtean: %12,2 ziren 2001ean, eta %21,5 gaur egun. 25-34 adin tartean ere gorakada nabari da garai berean: %12,1etik %17,2ra igaro da. 50 urtetik gorakoetan, haatik, beheraka segitzen du.

Lurralde eremuei dagokienez, Baiona, Angelu eta Miarritze (Lapurdi) biltzen dituen BAM eremuan da egoerarik kritikoena. Herritarren %85 baino gehiago erdaldunak dira, eta azken hogei urteetan euskaldun proportzioa ez da mugitu. Datu azpimarragarria da, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren kasik %40 biltzen baita hiru hiri nagusi horietan. Lapurdin azken urteetako beheranzko joera gelditzear dela iduri luke, 2016koaren hein berean ageri baitira proportzioak. Nafarroa Beherean eta Zuberoan apaltzen segitzen du: %49,5etik %47,5era jautsi da euskaldunen ehunekoa.

GAITASUNA

Euskaldunek euskaraz mintzatzeko duten erraztasunari dagokionez, erdal elebidunen proportzioa emendatzen ari da azken urteetan. VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herriko euskaldunen %46,2 sartuko lirateke kategoria horretan. Hobeki moldatzen dira erdaraz euskaraz baino. Azken hamar urteetan hamabi puntuz emendatu dira erdal elebidunak. Euskal elebidunen ehunekoa egonkorra da azken inkestatik (%20,5), eta elebidun orekatuena apaltzen ari da (%33,3).

Momentu berean, lehen hizkuntza euskara dutenen proportzioa maldan behera doa inkesta batetik bestera. Herritarren %25 ziren 2001ean, %19,5 hamar urte berantago, eta %13 2021ean. Urte horietan guzietan, lehen hizkuntza gisa euskara eta erdara dituztenen ehunekoa hein berean gelditu da: %6ren inguruan.

Adin tartearen arabera aztertuz gero, emaitza ez da hobea: adin tarte guzietan apaldu da lehen hizkuntza euskara dutenen ehunekoa. Haatik, 16-24 eta 25-34 adin tarteetan, lehen hizkuntza gisa euskara eta erdara dituztenen proportzioa emendatu da, %5,7tik %11,1era gazteenentzat, eta %7,5etik %9,4ra helduagoentzat.

Hala, euskaldun zaharren proportzioa %82tik %60,4ra jautsi da azken hogei urteetan. Jatorrizko elebidunena bikoiztu da —%22,2 dira gaur egun—, eta euskaldun berriena ere %7tik %17,4ra pasatu da.

TRANSMISIOA

Etxeko transmisioaren datuak ere aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak. Bi gurasoak euskaldunak direnean, euskara transmititzen dute bi herenek. Baina, adinaren arabera aztertzen bada, adin tartea apaldu ahala ehunekoak behera egiten du. 16-34 urtekoen artean, erdiak baino gutxiago dira guraso euskaldunak izanik ere euskara jaso dutenak. Euskara eta erdara jaso dituztenak %27,3 dira, eta erdara baizik jaso ez dutenak, %24. Aldea are handiagoa da 3-15 adin tarterako: euskara %42k, euskara eta erdara %52k, eta erdara %6k.

Haatik, bi gurasoetako bat erdalduna den kasuetan, nabarmen aldatzen da datua: hiru laurdenek erdara baizik ez dute transmititzen, eta beste laurdenek, euskara eta erdara.

ERABILERA

Erabileraren datuek ere ikuspegi goibela ematen dute euskararentzat: beti erdaraz ari direnak %78,5 dira. Euskaraz erdaraz baino gehiago mintzo direnak %1,1 dira, eta bi hizkuntzak hein berean erabiltzen dituztenak, %6.

Bi bloke banatu dituzte inkestaren aurkezpenean: euskaraz erdaraz beste edo gehiago mintzo direnak eta euskara erdara baino gutxiago erabiltzen dutenak. Duela hamar urte, hein berean ziren biak, %9 inguruan. Ordutik, euskara gehiago erabiltzen dutenen blokea apalduz joan da, eta gutxiago erabiltzen dutenena, handituz.

Sorpresarik gabe, BAM eremuan dira erabilera datu okerrenak: euskaraz erdaraz beste eta gehiago mintzo direnak batuta, ez dira %2ra heltzen; beti erdaraz ari direnak %90etik gora dira. Lapurdiko gainerako eremuan, hiru laurden baino gehiago beti erdaraz ari dira; %13, erdaraz gehiago euskaraz baino; eta %7,5, euskaraz erdaraz beste edo gehiago. Zuberoan eta Nafarroa Beherean dira datu onenak: %23,2 erdaraz beste edo gehiago ari dira euskaraz; erdara hutsean ari direnak erdia baino gutxiago dira.

Oro har, adin tarte guzietan ikus daiteke apaltze txiki bat euskararen erabilpenean 2011ko datuen aldean; herritarrak erdara gehiago erabiltzen hasi dira azken hamar urteetan. 16-24 urtekoen artean baizik ez da izan emendatzea: euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak %5etik %5,7ra igaro dira.

JARRERA

Euskararen sustatzeari buruzko jarreraren bilakaera aztertu dute azkenik. Azken hamar urteetan aurka direnen blokea apaldu dela erakusten dute datuek: %21,3tik %14,5era jautsi dira. Herritarren erdiak ez dira ez alde ez kontra.

Haatik, herritarren %60 inguruk interes handia edo oso handia erakusten dute. Irakaskuntza ereduari buruzko iritziak ere erakusten du hori: euskara hutsean ikastearen alde egiten dute %16,5ek —bi puntuz apaldu da 2011tik—, eta euskaraz eta frantsesez ikastearen alde %37,5ek—lau puntuko emendatzea hamar urtean—. Frantses hutsean ikastea nahi dutenen blokea bost puntuz apaldu da: %15 dira egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.