Graduak? Ia denak gazteleraz. Administrariari edo tabernariari euskaraz? Erantzuna gazteleraz. Aisialdia? Gazteleraz hori ere. Argi mintzo da Patxi Bueno (Abaurregaina, Nafarroa, 2004), NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeko kidea: «NUP nahiko erdalduntzat edo espainoltzat jotzen dugu». Egoera salatzeko, NUPek euskarari bizkarra, ikasleok euskarari indarra!NUPeko euskara diagnosia (2024-2025) txostena ondu dute.
NUPen bizi al daiteke ikasle bat euskaraz?
Inola ere ez. Jendea hemen izugarri erdalduntzen da, ez bakarrik graduak euskaraz egiteko aukerarik ez dagoelako, baizik eta NUPeko giroa erabat erdalduna delako. Euskaldunak nahiko alboratuak eta marjinatuak gaude, nahiz eta ikasleen herenak izan. Beraz, zentro nahiko erdaldun edo espainoltzat jotzen dugu unibertsitatea. Euskaraz ikastea oso urrun dugu; euskaraz bizitzea, are urrunago. Zentroa zapaltzen dugunetik bertatik, ikasle euskaldunok etengabe zapalduta gaude.
Ikerketan diozuenez, NUPek bizkarra ematen dio euskarari. Zertan nabari duzue hori?
NUPeko agintaritzaren utzikerian. Beti erreakzioaren esperoan daude, eta horregatik ibili behar dugu etengabean presioa sartzen. Euskara aurrera eramateko orduan etengabe trabak aurkitzen ditugu, etengabe ari dira aitzakiekin beren burua babesten. Jakin genuen urte hasieran amaitu zela Euskararen Plan Gidaria; NUPek lau urteko plan bat zehazten du: haien betebeharrak, eginbeharrak... 2025 osoan ez dute inolako alternatibarik aurkeztuko; hau da, egun ez dago hizkuntza plangintzarik, estrategiarik edo euskara planik indarrean.
Plan hori zer-nolako balorazioa egiten diozue?
Plan xumea zen. Euskara ez zuen hartzen ikasle euskaldunon hizkuntza eskubide gisa, lanerako tresnatzat baizik. Azken lau urteetan NUPen inoiz baino gehiago hazi da euskara, eta, halere, ikusi da ez dela nahikoa, ez duela gaitasunik NUP euskalduntzeko.
Plana 2021etik 2024rakoa zen. Urteotan, ez duzue euskararen aldeko jarrera argirik ikusi.
Ez, ikusi da bakarrik zenbait ikasgai euskaratu direla, gehienbat komunitate euskaltzaleak sarturiko presioagatik eta zenbait irakasle zein ikasle euskaltzaleren borrokagatik. Baina jarrera oso pasiboa izan da. Exijentziak egin ditugunean, beti aitzakiatan erori dira: ez zutela irakasle euskaldunik aurkitzen, edo eskaria ez zela behar adinakoa. Txostenean kritika egiten diogu horri, eta argi eta garbi uzten dugu hori ez dela egia. NUPeko ikasle gehienek argi utzi dute nahi dutela euskarazko ikasgai gehiago izatea eta hezkuntza ibilbidea modu integralagoan euskaraz bizitzea.
Ikasketei dagokienez, NUPek zer-nolako eskaintza egiten du euskaraz?
NUPen soilik hiru gradu ikas daitezke osorik euskaraz; orain dela bi urte, bi ziren: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, eta aurreko ikasturtean ustez lortu zen Gizarte Langintza ere euskaratzea. Horrek ez du erran nahi kreditu guztiak euskaraz daudenik, baina hautazko aproposak hautaturik, egin daiteke gradu osoa euskaraz. Beste datu batzuk: NUPek 27 gradu eskaintzen ditu, gradu bikoitzak albo batera utzita. Horietatik sei gradutan, graduaren erdia euskaraz egin daiteke. Orokorrean, uste dut NUPen eskaintzen diren kredituen %30 inguru direla euskaraz. Hori pila bat alda daiteke gradutik gradura. Eta badira inolako eskaintzarik ez duten graduak ere: Psikologia, Medikuntza... Beraz, eskaintza oso-oso urria da.
«[NUPen] Oso urrun daukagu euskaraz ikastea; euskaraz bizitzea, are urrunago»
Euskarazko eskaintza dagoenean ere, ikasleek kezka adierazi dute eskola horien kalitateari dagokionez.
Bai, nahiko esperientzia orokorra da ez dela bermatzen euskarazko irakaskuntza hori kalitatezkoa izatea. Benetan oso lotsagarriak eta penagarriak dira zenbait kasu, ez bakarrik irakaslearen mailagatik; izan ere, euskarazko graduetan edo ikasgaietan, askotan materiala ez dago euskaratua.
Ikasgeletatik kanpoko egoerari ere erreparatu diozue. Administrazioan, kafetegian... Hitz egin al daiteke euskaraz NUPen?
Kafetegian, adibidez, ez, eta administrazioan, gutxitan. Izan ere, langile euskaldunak nahiko gutxi dira. Horregatik diogu orokorrean zaila dela NUPen bizitza euskaraz egitea: aisialdia, administrazioa, NUPen elementu identitarioak —kartelgintza, logoak...—: dena gazteleraz dago.
Egoera hori izan arren, zuek egindako inkestaren arabera, ikasleak euskara sustatzearen alde ageri dira, ezta?
Bai, euskara sustatzearen alde, eta salaketak egin dituzte; orokorrean, ikasleek uste dute NUP ez dela behar bezala ahalegintzen eta ez duela behar adina inbertsio eta esfortzu egiten euskara normalizatzeko eta, behintzat, ele bitan bizi ahal izateko unibertsitate esperientzia hau.