Adierazpen irmoa egin dute. «Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta bada garaia berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri eta euskarari beste pizkunde bat emateko». Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, euskalgintzako eragile nagusiek eta erreferentziazko euskaltzaleek agerraldia egin dute Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa); 30etik gora elkartu dira —beste zenbaitek babesa erakutsi dute—, eta adierazpen hauxe aurkeztu dute: Euskaltzaleon garaia da.
Bidegurutzea, moteltzea, etena... Euskalgintzaren Kontseiluaren esanetan, azken boladan hitz sorta jakin bat erabili izan da «ezinegona» erakusteko; hots, euskararen etorkizunak sortzen duen «kezka» adierazteko. Badaude horretarako arrazoiak: «Gero eta nabariagoak dira duela mende erdi pasa hasitako pizkunde zikloa agortu delako zantzuak».
Hori horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak orain urtebete adierazi zuen euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela. Alabaina, zehaztu zuen ez zela «lantua jotzeko eta etsitzeko dei bat», ezpada «euskarari beste pizkunde baterako argi izpia ekartzekoa, itxaropenaren txinparta piztekoa»: «Euskaldunok, euskaltzaleok, asko dakigu horretaz. Euskaltzaletasuna, muinean, itxaropena baita». Historia izan da lekuko. Lehen pizkundearena: «Itxaropenak baino ez dezake azaldu XIX. mendetik XX.erako mundu aldaketa hartan Lore Jokoak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortu zuten euskaltzale haien denen ekina: Zaldubirena, Larrekorena, Orixerena, Lizardirena, Lauaxetarena, eta, nola ez, emakume izateak zailtasunak erantsi zizkien Errose Bustintzarena, Tene Mujikarena eta Elbira Zipitriarena. Eta horiekin batera, eguneroko bizimodu txiki baina funtsezkoan milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez, zigor eta gutxiespenei aurre eginez, euskarari mundu bat ematen segitu zutenena».
Eta bigarrenaren pizkundearena: «Itxaropenik gabe ezin baita ulertu lehen pizkunde hura eten zuen olatu totalitario ilunari aurre eginez —Hegoaldean frankismoaren forman hainbeste iraun zuena— euskarari bigarren pizkunde bat eman dion euskaltzaleen jarduna». Hain zuzen ere, agerraldia ez dute ausaz egin Arantzazun, «euskara mundu garaikidera lotu zuen pizkunde horren aterpe nagusi izan delako baizik»: «Jakin-en emaria, euskara batua, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, literatura, Ez Dok Amairu, arte plastikoen proposamen abangoardista eta aldi berean herriari lotuak... Horiek guztiek dute, gutxienez, ernamuin bat Arantzazun. Euskaltzaletasunaren barreiatzaile izan da leku hau, itxaropenaren hedatzaile. Gero, milaka euskaltzaleren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuen bidez pizkunde bihurtutako esperantzarena».
Eta beste pizkunde baten txinparta ere Arantzazun bertan piztu nahi izan dute: «Itxaropenerako dei hori egitera gatoz berriro Arantzazura, pizkunde horren parte izandako hainbat euskaltzale lagun hartuta. Euskaltzaletasunaren itxaropena zabaltzera, euskaltzaleon garaia dela esatera».
Eta itxaropena ez da zain egotea: «Itxaropena, euskaltzale horiek denek erakutsi diguten bezala, egitea da. Beraz, ekiteko garaia da. Azken hamarkadetan egindako bideari zintzo begiratu, eta ondo zein gaizki egindakoetatik ikasi eta bide berriak abiatzekoa. Egungo erronkei kementsu heltzekoa». Alde egotetik alde egitera pasatzea. Euskararen alde egitera, hizkuntza gutxitu guztien alde egitera: «Euskaltzale izatea euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde egotea ez ezik, minorizatutako gainerako hizkuntza guztien alde egitea da. Azken batean, justiziarekin, berdintasunarekin eta askatasunarekin sakonki lotzen den ikuspegi bat, errotik demokratizazioarekin uztartzen dena».
Norbanakoei egin diete pizkundeari hauspoa emateko galdea, baina gogorarazi dute ezinbestekoak izango direla erabaki politikoak ere: euskarak ofizialtasuna behar duela Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa osoan, eta hesia jarri behar zaiola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oldarraldi judizialarekin egiten ari diren «desofizializazio prozesuari». Are: «Jauzi bat eman behar da euskararen aldeko politika publikoetan, egungo erronkei aurre egiteko. Hizkuntza politika anbiziotsu eta sendoak behar ditugu, eta kultura denez euskarak zentzua hartzen duen salda amniotikoa, euskarazko kulturaren aldeko politika anbiziotsuak behar ditugu».
Denen beharra dago, beraz: euskalgintzan urteetan arituena eta arituko direnena. Agerraldian belaunaldien arteko transmisioa ere irudikatu dute, eta Kontxita Beitia andereño izandakoak kriseilu bat eman die Baionako Etxepare lizeoko ikasleei. Eta denen oihu batekin amaitu dute: «Gizaldiz gizaldi, mendez mende, gora euskara!»
Abenduaren 27an, Bilbon
Adierazpena egiteaz gain, hitzordu bat ere gogorarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak: euskaltzale oro deitu dute abenduaren 27an Bilbo Arenara joatera; euskarari beste pizkunde bat emateko ekitaldia egingo dute bertan. «Euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz. Euskaltzaleon garaia da!».
arantzazuko agerraldiko parte hartzaileak
- Bertan egon direnak: Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua); Aize Otaño (AEK); Julen Arrizabalaga (Elkar); Nekane Artola (Euskal Herriko Ikastolak); Ainara Lasa (BERRIA); Amaia Zarrabeitia (Elhuyar); Jasone Mendizabal (Taupa); Joxerra Olano (Ika), Sebastian Castet (Euskal Konfederazioa); Intza Gurrutxaga (Euskal Herrian Euskaraz); Aitor Bengoetxea (UEU); Amaia Balda eta Ainhoa Lasa (Emun); Laida Begiristain eta Marian Bidegain (Maizpide); Haritz Azurmendi (Jakin); Gotzon Gomez, Asun Elorriaga eta Gemma Telletxe (Gerediaga); Joxepa Madariaga (Gerriko), Gorka Torre (Euskal Konfederazioa); Martin Aramendi (UEMA); Kontxita Beitia (andereñoa); Miren Azkarate (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia); Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari ohia); Mertxe Mujika (AEK-ko koordinatzaile ohia); Lorea Agirre (Jakin-en zuzendaria); Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia); Baionako Etxepare lizeoko ikasleak; eta Azterketak Euskaraz! mugimenduko kideak.
- Arantzazura joan ez, baina adierazpenari atxikimendua azaldu diotenak. Mari Karmen Garmendia (Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburu ohia); Paulo Agirrebaltzategi (Jakin-en sortzaileetakoa); Sagrario Aleman (euskaltzain osoa), Xabier Euzkitze (kazetaria), Anjeles Iztueta (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia), Martxelo Otamendi (Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren zuzendari ohia), Edurne Brouard (helduen euskalduntze-alfabetatzeko «erreferentea»), Jakes Bortairu (euskaltzalea) eta Juan Kruz Lakasta (kazetaria).