«Euskarari pizkunde berria emateko», milaka euskaltzale bilduko dira abenduaren 27an Bilbon

Euskararen «larrialdi linguistikoari» aurre egiteko, Euskalgintzaren Kontseiluak ezinbestekotzat jo du «euskaltzaletasunaren giharra indartzea». Iragarri dutenez, kultur kutsukoa izango da ekitaldia.

(ID_15394710) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-10-07, Bilbo. Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia, abenduaren 27an Bilbo Arenan e...
Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du gaur Bilboko Kafe Antzokian, dozenaka euskalgintzako ordezkari eta norbanako euskaltzalerekin batera. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko urriaren 7a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara «larrialdi linguistikoan» dago. Hala ohartarazi zuen ia duela urtebete Euskalgintzaren Kontseiluak. Euren arabera, «asko eta agerikoak» dira azken hamarkadetako susperraldi aroa eten denaren zantzuak. Horren aurrean, Kontseiluak bere gain hartu zuen larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahaleginaren konpromisoa. Duela bi aste, Batuz Aldatu prozesuaren bidez 113 eragilek euskararen biziberritzean «jauzi bat» egiteko zenbait gako bildu dituen ituna plazaratu zuten. Bestalde, propio euskaltzaletasuna suspertze aldera, Kontseiluak dinamika bat du abian: lehen ekitaldi jendetsua abenduaren 27an izango da, Bilbon, «euskarari pizkunde berri bat emateko».

«Euskaltzaleon garaia da; biltzekoa, elkarrekin arnasa hartzekoa», nabarmendu du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak gaur, ekitaldia aurkezteko Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian. «Euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragiteko unea» dela esan du. Berarekin izan dira dozenaka euskalgintzako ordezkari eta norbanako euskaltzale. Besteak beste, AEK-ko, Euskal Herriko Ikastoletako, Euskal Herrian Euskaraz-eko, Zenbat Garako eta Elkarreko ordezkariek hartu dute parte agerraldian, baita BERRIAko zuzendari Amagoia Mujika Tolaretxipik eta Marketin saileko arduradun Ainara Lasak ere.

Etorkizuna «jokoan» dela ohartarazi du Eskisabelek. Hortaz, «itxaropen mezu bat» zabaldu nahi izan du gaur. Ezinbestekotzat jo du «euskaltzaletasunaren giharra indartzea», euskara «kinka larrian» izan den beste momentu batzuetan egin den bezala. «Euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean pizkundea». Haren ustez, pizkunde hori «milaka euskaltzale horiek une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan duten gaitasunetik» etorri da.

Euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtu nahi dute Bilbo Arena datorren abenduaren 27an. «Euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzeko» lehen gune izan dadin nahi dute. Kultur kutsukoa izango da ekitaldia. Xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte, baina jakinarazi dute musikak eta musikagileek, «euskararen soinu bandak», presentzia nabarmena izango duela. Eskisabelek kulturaren garrantzia azpimarratu du: «Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa».

Arrazoien areagotzea

Euskara larrialdian dagoela adierazteko, 2023an argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoa ekarri du gogora Eskisabelek, eta aipatu Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa jaisten doala. Nafarroan, bestalde, hamar ikasletik seik ez duela bere eskola bizitzan euskararekin inolako harremanik. Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera»; eta Euskal Herri osoan gero eta gutxiago dira euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak. «Hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak», erantsi du.

Urtebetean «euskara larrialdian dagoela esateko arrazoiak» areagotu dira. Aurtengo uztailean aurkeztutako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren arabera, 2036an ez da arnasgunerik geratuko —euskararen erabilera %80tik gorakoa den herririk—, eta arnasgune erasak ere desagertze bidean egongo dira —euskararen erabilera %60 eta %80 bitartekoa izaten da horietan—.  «Arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991n, %2,9 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an», ohartarazi du Eskisabelek. Alegia: «Proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusia den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara». Horiek horrela, hizkuntza politiketan aldaketa handi baten beharra dagoela nabarmendu du.

«Euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea»

IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu dela aipatu du Eskisabelek, eta atzeraldiaren arriskua «handia» dela. «Etorkizuna dago jokoan». Haren hitzetan, datuek «euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri» ematen dute, «egiturazko arazo baten berri». Izan ere, esan du datuok ulertzeko ezinbestekoa dela gogoratzea euskara lurraldearen zati batean baino ez dela ofiziala; hau da, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean. Nafarroa gehienean, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aldiz, ez du ofizialtasunik. 

«Oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa» ere jarri du mahai gainean idazkari nagusiak: «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna zalantzan jartzen ari dira, minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak eraisten ari baitira; desofizializazio prozesu batean gaude». Horregatik, ezinbestekotzat jo du abenduaren 27an euskaltzaleak biltzea eta euskaltzaletasuna piztea.

SARRERAK, URRIAREN 16an

Abenduaren 27rako sarrerak urriaren 16an jarriko dituzte eskuragarri Pizkundea.eus webgunean. Bilbo Arenara joan nahi duen orok hamar euroko ekarpena egin beharko du, «badaezpada lekua hartu eta gero ez joateko tentazioari nolabait aurre egiteko», Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan. Ekarpen horrek artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bati aurre egiten lagunduko du. Baina: «Garrantzitsuena egun horretan Bilbo Arena euskaltzaleon bilgune handi bat bihurtzea izango da». Sarrera erosi eta gero joaterik ez dutenei, sarrera beste norbaiti emateko eskatu du idazkari nagusiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.